GATAZKEN INGURUKO JARDUNALDIAK

Urrutikoetxea: «Etsaiarekin bakeak egiteak ez du gatazkaren erabateko konponbidea erran nahi»

Frantziako Asanblean Euskal Herriko gatazkaz jardun dute, eta han hitz egin du Josu Urrutikoetxeak. Azpimarra egin du «etikaren arloari» eman behar zaion lehentasunean.

Josu Urrutikoetxea, gaur, Frantziako Asanbleak antolatutako jardunaldietan. BERRIA
2021eko maiatzaren 25a
16:28
Entzun

«Etsaiarekin bakeak egiteak ez du gatazkaren erabateko konponbidea erran nahi, bereziki, gatazkaren muina eta ondorioak ez badira konponduak». Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide ohiak esandako esaldi horrek laburbildu dezake gaur Frantziako Asanblean antolatutako mahai inguruaren arrazoia. Gaur hasi eta bihar arte munduko hainbat gatazkaren inguruan hizketan dabiltzan han, eta gaur eguerdian Euskal Herriko gatazka izan dute hizpide. Zuzenean jarraitu du BERRIAk.

Urrutikoetxearen ostean beste hizlari ezagun batzuk ere hartu dute parte: Brian Currin nazioarteko bitartekariak, Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak, Caroline Guibet Lafaye filosofo eta soziologoak, eta Judyta Wasowska HD zentroko kideak.

[Youtube]https://youtu.be/eJam8V5ay1s[/Youtube]

Hitza hartzen lehenengoa izan da Urrutikoetxea, eta lehendabizi, Euskal Herriko gatazkaren oinarriak nondik datozen esplikatu du. Nafarroaren konkista, karlistadak eta diktadura frankista aipatu ditu: «Frankismoaren kontra gerra galdu zutenen seme-alaben belaunaldiak sortu zuen Euskadi Ta Askatasuna».

Urrutikoetxearen arabera, frankismo garaian iritsi zen «bortizkeriaren zurrunbiloa»: «ENAMen lehen helburua gatazka bortitzari amaiera ematea eta gatazka konpontzea izan da. Dolu dut, eta samina eragiten dit, gatazka bortitzaren amaiera beranduegi iritsi izanak. Indarkeriak, zeina ez baita berez inoiz helburu izan, zoritxarrez galera itzulezinak eta bi aldeetako biktimak eragin ditu, eta ezinbestekoa da denak aitortzea».

Dimentsio etikoaz

Ondoren, gatazkaren «dimentsio etikoan» egin du azpimarra ETAko kide ohiak: «Indarkeriaren amaiera gogoeta politikoen emaitza da, baina etikaren arloa da hemen lehentasuna. Tamalez, luzaroegi ez zaio behar bezalako arretarik jarri alderdi horri, etengabe larriagotu den elkarrenganako bortizkeria zurrunbiloaren ondorio gaiztoengatik. Zurrunbilo horrek sorgortu egin gaitu, alde batekoak zein bestekoak, besteak bizi zuen sufrimenduaren aurrean».

Urrutikoetxeak ETAren historian izandako lau negoziazio aldiak errepasatu ditu: 1989an Algerren, 1998an Zurichen, 2005ean Genevan eta 2011n Oslon. Azaldu duenez, «dimentsio etiko» horrek bultzatu zuen bera gatazkaren konponbidea bilatzeko negoziazioetan inplikatzera. Aldi oro, bi faktore beharrezkoak zirela azpimarratu du: bi aldeek kontsideratzea gatazka karrika itsu batera heldu zela, eta aterabide negoziatu bat posible dela pentsatzea.

Negoziazioak aurrera eramateko eta horrek esan nahi zuena «fin ulertzeko», ordea, barne mailan lan egin behar izan zutela onartu du: «Negoziazio horiek inoiz ez ziren linearrak izanen, oztopoak izanen zituzten, posible zen Espainiar Estatuak bere promesak ez betetzea. Akordioak berretsi eta aplikatzeko bi palanka behar ziren: nazioarteko bitartekari eta Estatuak, eta akordioak bete ditzan Estatuari demokratikoki presio eginen zion gure herria».

Urrutikoetxeak erran du negoziazioak posible izateko zubiak eraikitzeko bitartekariak eta elementuak behar zirela, eta horiek bilatzea izan dela nagusiki bere lana. Horretan lanean aritu zela erran du, Frantziak atxilotu zuen arte.

Aldebakarreko bidea, «ahitua»

Era berean, 2000. urtetik aitzina HD zentroak egindako lana ere goraipatu du: «Maleruski, Estatuen artean hartutako engaiamenduei muzin egin zien Frantziak, eta nire kontrako bi prozedura ireki dituzte terrorismo helburudun gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta».

Gatazkaren ondorioak konpontzeko aldebakarreko bidea «ahitua» dela erran du Urrutikoetxeak. Biktima guzien aitortza, erreparazioak, preso eta iheslarien gaia, eta justizia transizionalaren printzipioei jarraikiz, halakorik berriz ez gertatzeko baldintzak jarri behar direla esan du: «Etsaiarekin bakeak egiteak ez du gatazkaren erabateko konponbidea erran nahi, bereziki, gatazkaren muina eta ondorioak ez badira konponduak». Azken hilabeteetan presoen gaian aurrera pausoak izan direla erran badu ere, gehitu du gatazkaren ondorio guziak konpontzetik «urrun» daudela. Horretara iristeko, nazioartearen bitartekaritza eta gizarte zibilaren inplikazioa eskatu du.

Currin, bitartekaria

Urrutikoetxearen ostean, Brian Currin nazioarteko bitartekariaren txanda izan da. Kontatu du 2004an Euskal Herriko ezker independentistako kideak bera ikustera joan zirela Hego Afrikara, rol definitu bat jokatzeko prest zegoen galdetuta. «Helburua zen euskal presoen askatasuna lortzea negoziazioen amaieran».

ETA su-eten batean zegoen orduan, baina hautsi egin zuen. Azaldu du atentatuaren ondotik bi aldeetakoek hitz egiteko engaiamendua atxikitzea izan zela beren rola: «Batasunako kideekin mintzatu behar zen, armak utzi behar zirela konbentzitu. Hori lortzen bagenuen, bake prozesuarekin aurrera joateko aukerak egon zitezkeen». Ezker abertzaleak gutxi geroago hartu zuen erabaki hori, eta adierazi du 2007-2008 urteetan harreman etengabea izan zutela haiekin.

Hego Afrikan edo Irlandan ez bezala, Euskal Herrian ez da egon gatazka konpontzeko nazioarteko babesik, Currinen hitzetan: «ETA gaizkile talde bat bezala ikusia zen, eta Espainiak konpondu beharreko barne arazo bat zen». Nazioarteko babesaren bila abiatu zirela esplikatu du, eta hala heldu zela gaur egun Bruselako adierazpena bezala ezagun dena.

2011ren hasieran eman zion erantzuna ETAk Bruselako adierazpenari su-eten iraunkor batekin. «Ondoren osatu diren bitartekari talde guziak unilateralki osatu dira, Espainiak eta Frantziak ez dutelako parte hartu nahi izan, nahiz eta 2007aren inguruan bestelako engaiamenduak hartu».

«Ez da prozesu konbentzionala izan»

Véronique Dudouet Berghof fundazioko kideak aipatu du Euskal Herrikoa ez dela prozesu «konbentzionala izan», eta gizarte zibilak izandako parte hartzea goraipatu du. «Baina etsaien arteko elkarrizketarik ez izateak gainerako elementuak konpontzea oztopatu du: presoen eta biktimen gaia, eta Euskal Herriaren etorkizun politiko eta instituzionala».

Barne dinamikak nabarmendu nahi izan ditu Dudouetek. Kontatu du ETAk gogoeta eta eztabaida «fase luze eta sakon bat» abiatu zuela, kide guziei hitza emanez: sasian, kartzelan, atzerrian... 3.000tik gora kidek parte hartu zutela erran du.

80ko hamarkadatik bakearen alde sortutako erakunde zibilak ere aipatu ditu Dudouetek. Alde batetik, Elkarri eta Lokarri, eta bestetik, Bake Bidea. «Proposamen konkretuak egin zituzten, karrika itsutik ateratzeko». 2010etik aitzina egin diren jardunaldi eta foroak ere aipatu ditu, eta erran du horien bidez publikoak bere egin zuela bake prozesua.

Amaitzeko, bi erronka nagusi gelditzen direla erran du Dudouetek: desmobilizazioa eta bergizarteratzea, eta justizia trantsizionala eta negoziatzaileen geriza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.