Nafarroako I. Liburu Azoka egingo dute maiatzaren 28tik ekainaren 6ra

Iruñeko urteroko liburu azoka hiriburutik kanpo zabalduko dute lehen aldiz, eta jarduerak egingo dituzte Tuteran, Lizarran eta Elizondon. Orotara, hamasei liburu dendak parte hartuko dute.

Nafarroako I. Liburu Azokako antolatzaileak, gaur, Nafarroako Liburutegian. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2021eko maiatzaren 25a
17:15
Entzun

Maiatzaren 28tik ekainaren 6ra bitartean egingo dute Nafarroako I. Liburu Azoka, Iruñeko Gazteluko plazan. Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteak eta Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatu dute, eta Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak, Nafarroako Idazleen Elkarteak, Iruñea Beltza jaialdiak, Tiza elkarteak eta Nafarroako Gobernuaren liburutegi eta argitalpen zerbitzuek ere parte hartuko dute. Gaur aurkeztu dute, Nafarroako Liburutegian.

Iaz, pandemiaren egoerara egokituz, Iruñean urte osoan egin ohi diren hiru azokak —liburuarena, edizioarena eta liburu zaharrarena— bakarrean egin zituzten, udazkenean. Aurten, ordea, erabaki dute ohiko azoka guztiak berreskuratzea, baina elkarteen arteko lankidetzan urrats berri bat egitea, eta, lehen aldiz, lurraldean zabalduko dute. Unai Pascual Editargiko kideak adierazi du krisiaren ondorioz sortu dituzten «sinergia» berriek eragin positiboak izan dituztela: «Kultur arlo guztian gertatu da: elkartu egin gara, ikusi dugulako hobe dela batera joatea, guztien artean egoera honetatik ateratzeko».

Hori lortzeko, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkartearen arteko lankidetzak garrantzia izan du, Maider elkarte horretako kideak nabarmendu duenez: «Iaz lankidetza ezinbestekoa izan zen aurrera egiteko, eta aurten, berriz, sektorea berreskuratzen ari denez, baliagarria izan da eskaintza zabalagoa egin ahal izateko».

Aurkezpenak, mahai inguruak eta tailerrak

Hamasei liburu dendak parte hartuko dute; hemezortzi mahai egongo dira, eta 50 jarduera inguru eskainiko dituzte: besteak beste, liburu aurkezpenak, mahai inguruak eta tailerrak. Parte hartzaileen artean izango dira idazle nafarrak, hala nola Fernando Txibite, Irati Iturritza, Elena Oloriz eta Miguel Sanchez-Ostiz, eta baita kanpokoak ere, esaterako Elisa Victoria, Sergio del Molino, Javier Olivares eta Teresa Valero. Diazek zehaztu du proposamenetan «aniztasuna» bilatu dutela.

Iruñean urtero egiten dute liburu azoka, baina aurten hiriburutik harago zabalduko dute, eta Tuterako, Elizondoko eta Lizarrako liburutegi publikoetan ere egingo dituzte jarduerak. Tuterako liburutegian Carlos Bassas eta Carlos Ollo idazleen liburu aurkezpenak egingo dira, ekainaren 2an; Baztango liburutegian, Cira Crespo eta Elena Ziordiaren liburuarena, ekainaren 3an; eta egun berean, Lizarrako liburutegian, Fernando Txibite eta Rocio Wittibenak. Halaber, Iruñeko Gazteluko plazan, azokan, Tutera, Egues eta Urrotz Hiriko liburu denden mahaiak ere egongo dira.

Azokaren irudia Jon Juarez ilustratzaileak sortu du, eta, azaldu dutenez, azokaren proiektuak aurrera jarraitzen badu, urtero ilustratzaile batek egingo du.

Kalean egotearen garrantzia

Antolatzaileak pozik agertu dira azoka kalean egin ahal izateagatik, eta irakurleekin hartu-emana berreskuratzeagatik. «Internet bidezko plataformak ere baliagarriak dira, baina garrantzitsua da kalean egotea eta azoka hauek egitea, irakurle batzuk hitzordu hauetara etortzen direlako, baina dendetara ez, eta hau eskaintzen ez badiegu, plataforma handietara joko dute», ohartarazi du Pascualek.

Azken hilabeteetan, testuinguruak bultzatuta, irakurtzeko ohitura areagotzen ari dela nabaritu dute, gainera, Diazek azpimarratu duenez: «Sumatu dugu jendeak ohi baino gehiago irakurtzen duela, agian errealitatetik aldentzeko, eta kontsumo aldetik ere nabaritu da: aurtengo Liburuaren Eguneko irabaziak izan ditugun hoberenetakoak izan dira». Zehaztu duenez, egun horrekin eta azoka honekin, liburu dendek, gutxi gorabehera, urteko irabazien erdiak lortzen dituzte.

Ostiralean zabalduko dute azoka, eta egunero ordutegi bera izango du: 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.