Ikus-entzunezkoak

Euskarazko 300 ordu Euskaltelen plataforma berean

EITBk eta Euskaltelek Euskalteka plataforma sortu dute. EITBko euskarazko eduki ugari topatu ahalko dituzte bertan Euskaltelen bezeroek.

Bingen Zupiria sailburua, aurkezpenean. EITB
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 27a
13:12
Entzun

Euskaltelek eta EITBk Euskalteka aurkeztu dute, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma berria. Euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa ematea da Euskaltelen integratutako zerbitzu berri horren helburu nagusia. Abiapuntu gisa, EITBren saiorik arrakastatsuenen 300 orduko programazio eskaintza bilduko du.

Zerbitzu berriaren aurkezpena gaur goizean egin dute, EITBren Bilboko egoitzan. Bertan parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak egitasmoa goraipatu du. Honela adierazi du: «Euskarak urrats erraldoiak egin ditu 1982an Euskaren Legea onartua izan zenetik, eta EITBko lehen hedabideak martxan jartzen hasi zirenetik gaur arte. Ibilbide oparo horretan, mundu analogikotik digitalerako iraultza ere erabatekoa izan da, eta erabakigarria, besteak beste, ikus-entzunezko kulturgintzaren zabalkunderako. Entzule, ikusle eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak errotik aldatu dira eta aldatzen ari dira, pandemia garai honetan bertan ere ikusi ahal izan dugunez. Horregatik, ongietorria ematen diogu eta txalotzen dugu EITBren eta Euskaltelen arteko lankidetza estrategiko hau, euskara ezagutzera eman eta erabilera sustatzen Eusko Jaurlaritzaren helburuarekin bete-betean lerrokatzen delako».

Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, bestalde, harro agertu da euskarazko ekoizpenekin soilik osatutako lehen bideotekarekin: «Plataforma aitzindari bat da, Euskadiko kultur panoraman mugarri». Euskatelen lanak mamitzen duen guztiaren laburpena da Euskalteka, Iturberen arabera: «Gizartearekiko konpromisoa, euskara, kultura, teknologia, berrikuntza eta bezeroarekiko gertutasuna».

Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, berriz, urte luzez EITBk eta Euskaltelek jorratu izan duten aliantzaren garrantzia nabarmendu du. Agirreren arabera, euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa emateko aukera paregabea da Euskalteka. «300 orduko eskaintza dago jada martxan, euskarazkoa eta lehiakorra, nahieran kontsumitu ahal izango dena. Bere kanaletako edukiei zabalpen handiagoa emateko eta ikus-entzunezkoen kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategiari erantzuten dio ekimen honek», azaldu du.

Euskaltel telebistaren Replayteka zerbitzuaren barruan dago Euskalteka. Nahieran kontsumitzeko edukien katalogo batek osatzen du zerbitzua, eta Euskaltel telebistako harpidedunek doan eskura dezakete.

EITBrekin egindako akordioari esker, Euskaltekako gordailuan ikusgai izango dira ETB1, ETB3 eta Eitb.eus-eko saio nagusiak. Hainbat generotakoak dira: Go!azen telesaila, Herri Txiki, Infernu Handi eta Barre Librea programak, Baserria reality-a... Gainera, Hondar ahoak, Ihesaldia, Altsasu eta Alardea telesailak ere bertan aurkitu ahal izango ditu Euskalteleko erabiltzaileak.

Halaber, lehen fase honetan, haurrentzako 3 Ene Kantak programaren hainbat atal  daude. Baita musika saio hauek ere: Bidegurutzean, Gaztea B Aldea egitasmoaren emanaldiak, Gaztea 30, 30, 30 eta Gure Doinuak. Proposamen horietan guztietan, egun-eguneko euskal musikak protagonismo handia du.

Euskaltekako edukiak ikusteko, erabiltzaileak Euskaltel telebistako Replayteka atalera jotzea baino ez du, eta bertako azalen ageri diren programen artean aukeratu. Bezeroaren ordutegiei egokituta ikus-entzunezko eduki gehiago eskaintzen dituen zerbitzua da Replayteka; hala, telesailak, pelikulak, dokumentalak, kontzertuak nahi duenean ikusteko aukera ematen dio ikus-entzuleari. Gainera, bideo bat balitz bezala ikus daitezke, emanaldia geldituz eta aurrera edo atzera eramanaz.

Euskaltelen eta EITBren arteko aliantzatik sortutako euskarazko ikus-entzunezko edukien erakusleiho berriak euskarazko produkzioak dituzten beste ekoiztetxe eta kanal batzuetara zabaltzeko asmoa du, eskaintza aberasteko eta osatzeko. Hala, Euskalteka euskarazko ikus-entzunezko kulturaren bilgune bihurtu nahi dute, eta plataforma zabalik dago euskarazko eduki gehiago bertan sartzeko, etorkizunean ikus-entzunezko sektorean erreferentziazko bideoteka bihurtu dadin.

Euskaltekak ez du inolako harremanik joan den astean EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen streamingplataforma berriarekin (gaztelaniazko zein euskarazko edukiak izango ditu). Hori 2022. urtean iritsiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.