Klima larrialdia

Klima aldaketak eragindako beroaldiek urtero 33 lagun hiltzen dituzte Hegoaldeko hiriburuetan

1991tik 2018ra mundu osoan beroak eragindako heriotzen %37 klima aldaketak eragindakoak dira, zientzialari talde batek egin eta Nature Clmate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera.

Bero handiko egun bat, iazko udan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2021eko ekainaren 1a
10:54
Entzun

Munduko 732 hiritako datuak hartu dituzte aintzat Bernako Unibertsitateko (Suitza) eta Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolako hainbat ikertzailek, eta ondorioztatu dute gero eta gehiago direla klima aldaketak eragindako bero boladek munduan eragindako biktimak. Euskal Herria ere ez da salbuespen bat. Ikerketan ageri diren datuen arabera, 33 lagun hiltzen dira urtero klima aldaketak eragindako beroaldien ondorioz: 13 Bilbon, 7na Iruñean eta Donostian, eta 6 Gasteizen. Guztietan ere, 3,3 eta 4,1ekoa da heriotza tasa, 100.000 biztanleko.

Ikerketak erkatu egin ditu iraganeko eta oraingo bero boladek eragindako osasun kalteak, eta modu horretan zehaztu ahal izan du zein den klima aldaketa antropogenikoari dagokion kantitatea. Zehazki, isurketa antropogenikoak zituzten eta ez zituzten agertokietan simulatutako iraganeko baldintza meteorologikoak aztertu ziren. Horri esker, giza jarduerekin lotutako beroketa eta inpaktu sanitarioa joera naturaletatik bereizi ahal izan zituen taldeak. Beroarekin lotutako hilkortasuna honela definitu zen: beroari egotzitako heriotzen kopurua, giza osasunerako tenperatura egokienean baino bero handiagoa egiten zuen egoeretan gertatutakoena. Tenperatura hori aldakorra izaten da munduko toki batetik bestera, eta hori ere aintzat hartu dute ikertzaileek.

Modu horretan argitu ahal izan dute zenbateko proportzioan egotz dakizkiokeen klima aldaketari heriotzak. Klima aldaketak eragindako heriotzen eragin handiena munduko hegoalde globaleko herrialdeetan izaten ari dela ohartarazi dute ikertzaileek, hau da, klima aldaketa eragiten duten berotegi gas gutxien isuri duten horietan; esate baterako, Hego Amerikan, Ekialde Hurbilean... Ikertzaileek aitortu dute, hala ere, datu falta handia daukatela, besteak beste Asiako eta Afrikako hirietakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.