Mendebaldeko Sahara

Auzitegi Nazionalak aske utzi du Brahim Ghali

Bideokonferentziaz deklaratu du Santiago Pedraz epailearen aurrean, eta «Saharako herriaren sinesgarritasuna» ahuldu nahi izana leporatu die akusazioei. Haiek behin-behineko espetxe zigorra eskatu dute Fronte Polisarioko buruarentzat.

Brahim Ghali, artxiboko irudi batean. JAVIER MARTIN / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 1a
13:21
Entzun

Fronte Polisarioko buru eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Brahim Ghalik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen aurrean deklaratu du gaur. Bere errugabetasuna defendatzeaz gain, bere aurkako akusazioen atzean «arrazoi politikoak» daudela nabarmendu du. Ghaliren aurkako bi salaketa ikertzen ari da auzitegia, besteak beste, genozidioagatik eta gizadiaren aurkako krimenengatik. Akusazio partikularrek haren aurkako neurriak ezartzeko eskatu dute, baina epaileak aske utzi du, eta Espainiatik atera ahal izango da.

Ghalik, apirilaren 18tik Logroñoko ospitale batean dagoenak, bideokonferentziaz deklaratu du goizean, eta Espainiako justiziari beharrezkoan laguntzeko prest agertu da. Hark kautela neurriak eragoztea zuen helburu, eta lortu du. Izan ere, akusazio partikularrek pasaportea kentzea eta Espainiatik ateratzea debekatzea, eta behin-behineko espetxeratzea eskatu dituzte; fiskalak, berriz, etxebizitza baten eta telefono baten berri emateko.

Fronte Polisarioko buruaren abokatu Manuel Ollek adierazi du Ghalik ukatu egin duela delitu horiek egin izana, eta aurreratu kasuak ixteko eskatuko duela, leporatzen zaizkion gertaeretan ardurarik ez duelakoan: «Ghali presidenteak azaldu du orduko Defentsa ministro gisa ez zuela inolako ardurarik izan akusazioek leporatzen dioten gertaeretan». Bere deklarazioan, Ghalik argudiatu du akusazioek «Saharako herriaren sinesgarritasuna eta autodeterminazioranzko bidean egiten ari den borroka ahultzea» dutela helburu.

Olleren esanetan, SEADeko presideteak Logroñon jarraituko du oraingoz, haren osasun egoera «ahula» baita. Salatu du, gainera, hura «garaikur politiko gisa» erabiltzen saiatu direla, Espainian zegoela baliatuta.

Epailearen iritziz ere ez dago Ghaliren aurkako neurririk hartzeko arrazoirik, eta haren alde adierazi du ikerketaren berri izan bezain laster agertu dela auzitegira, «osasun egoerak defentsari deklarazioa atzeratzea baimenduko zion arren». Era berean, epaileak uste du ez dagoela ustezko delituen frogak suntsitzeko edo ezkutatzeko aukerarik. Are gehiago, Pedrazen arabera, akusazioak aurkeztutako txostenak ez du erakusten froga adierazgarririk Ghali «delitu baten arduradun dela sinesteko». 

Autoak bat egiten du aurreko ostiralean idatzitakoarekikin.Efe albiste agentziak argitaratu duenez, orduan jada «neurriz kanpokotzat» jo zuen Ghali espetxeratzea eta hari gizateriaren aurkako krimenak leporatzea. Izan ere, berretsi zuen oraingoz ez dagoela haren aurkako inputaziorik gizateriaren aurkako edo tortura delituengatik: «Delitu horien egiletza suposatu dezaketen gertaera batzuk ikertzen ari dira, baina inolaz ere ez da existitzen haren aurkako inputaziorik». Ghalik errugabetasun presuntziorako eskubidea duela nabarmendu zuen epaileak.

Akusazio larriak

Fronte Polisarioko buruaren aurkako salaketek Tindufeko kanpalekuetan (Aljeria) gertatutako jazoerak ikertu eta zigortzeko eskatzen dute. Batetik, Asadedh Giza Eskubideen Defentsarako Sahararren Elkarteak —ÂÂÂ;€Kanaria Uharteetakoa (Espainia) da—ÂÂÂ;€ genozidio eta gizadiaren aurkako delituak egin izana leporatzen die Ghaliri eta Fronte Polisarioko beste 27 kideri, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan disidenteen eta presoen ustezko hilketa, tortura eta desagerpenengatik.

Salaketa hura 2012an jarri zuten, eta justizia unibertsalaren lege erreformak baliogabetu ez zuen zazpi kasuetako bat da —bada Mendebaldeko Saharako gatazkarekin lotutako beste bat ere, Marokoko armadaren aurkakoa—ÂÂÂ;€. Fiskaltzak argudiatu zuen, NBE Nazio Batuen Erakundean sartzearekin batera, Espainiak Mendebaldeko Saharako potentzia administratzaile gisa jardutea onartu zuela, eta ardura hori berretsi 1975eko Sahararen deskolonizazio legearekin. Hau da, de facto ez, baina de iure Espainia dela lurralde horien arduradun.

Bestetik, Fadel Breica aktibistak iaz aurkeztutako salaketa dago. Hark Tindufen legez kanpoko atxiloketa bat eta torturak jasan izana salatu zuen, 2019an eremuan eginiko manifestazio baten harira. Kasu honetan, Breicak espainiar herritartasuna du. Ondorioz, Auzitegi Nazionalak gaia ikertzeko eskumena du.

Hirugarren salaketa bat ere aurkeztu dute Ghaliren aurka; Marokoko Abokatuen Klubak, Fronte Polisarioko burua ustez Espainian dokumentu faltsuekin sartzeagatik. Elkarte horrek Ghaliren «atxiloketa» eskatu izana, ordea, gogor gaitzetsi du Pedrazek, eta ez du salaketa tramitera onartu. Epaileak adierazi du kasu hoi ikertzea ez dela Auzitegi Nazionalaren eskumenekoa, eta, hala balitz ere, salaketan ez dela hura frogatzen duen daturik eman.

Krisi egoera

Espainiako Atzerri ministro Arancha Gonzalez Laiak «arrazoi humanitarioak» argudiatu zituen Ghali artatzea justifikatzeko. Izan ere, COVID-19 kasu larri baten eraginez ospitaleratu behar izan zuten hura. Gaiaren funtsa, ordea, sakonagoa da Marokoko Gobernuarentzat, eta Mendebaldeko Saharako gatazkaz duen ikuspegia azaleratzeko eskatu dio Madrili.

Prentsaurrean irakurritako komunikatu batekin, Ghaliren aurkako auzia eta Espainiarekin bizi duen «krisi egoera larria» banandu nahi izan ditu Marokoko Atzerri Ministerioak. Testuaren arabera, bi estatuen arteko krisia ez da «gizon bakar batekin» hasi, ezta harekin amaituko ere: «Marokoren eta Espainiaren artean hautsitako konfiantza eta errespetu arazoa da». Gauzak hala, Rabatek Madrili exijitu dio Mendebaldeko Saharako gatazkarekiko hartutako erabakien eta posizionamenduen inguruko azalpen bat emateko, «anbiguotasunik gabe». Marokoren esanetan, Espainiak bat egin baitu «[Marokoko] Erreinuaren etsaiekin», hau da, Fronte Polisarioarekin, eta Ghaliren auziak agerian uzten ditu Madrilen «etsaitasunezko jarrerak eta estrategia kaltegarriak».

Gonzalez Laiak, berriz, uko egin dio azken asteetan gertatutakoaz mintzatzeari, eta aurreko astean adierazi zuen Marokoren ordezkariekin dituen harremanak «zuhurtziaz» eramaten ari dela. Oso bestelakoak dira, baina, Espainiako presidente Pedro Sanchezen hitzak. Rabaten adierazpenari erantzunez, azaldu du ez dela «onargarria» gobernu batek mugen aurkako eraso bat babestea «atzerri politiketan dituzten ezberdintasunengatik». Hitz horiekin, maiatzaren 17an eta 18an Ceutara (Espainia) iritsitako migratzaileei egin die erreferentzia: «Esaten dena bada Marokok migrazioa, 48 orduan 10.000 migratzailek baino gehiagok Espainiako mugei eginiko oldarraldia, erabili duela, niri guztiz onartezina iruditzen zait». Marokoren erantzuna, baina, argia izan da: «Arazoa ez dago migrazioari lotua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.