Herri indigenak

Kanada laguntza emateko prest da haur indigenen gorpuzkien auzian, baina ez du zehaztu zer egingo duen

Justin Trudeau lehen ministroak adierazi du hilobi gehiago aurkitu behar direla, baina oraingoz ez du promesik egin gobernuaren babesaz: «Agerikoa da gehiago egin behar dugula, eta uste dut gehiago egingo dugula».

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. STR / EFE
ander perez zala
2021eko ekainaren 1a
17:37
Entzun

Kanadako herri indigenek beren haurren hilobi gehiago aurkitzeko deiak ugaritu dituzte iragan asteburutik, eta herrialdeko gobernuak zeregin horretan laguntzeko prest dagoela esanez erantzun die eskari horiei. Justin Trudeau lehen ministroak «egia jakiteko pauso garrantzitsutzat» jo du helburu hori, baina, hala ere, ez du zehaztu bere lantaldeak zer-nolako babesa emango dien, ezta zenbateraino inplikatuko den ere.

Duela 52 urtera arte barnetegi moduan erabilitako eraikin baten lurretan 215 haurren gorpuzkiak topatu zituzten duela bi aste, eta iragan asteburuan aurkikuntzaren berri eman zuen Tk’emlups te Sechwepemc herri indigenako buruzagi Rosanne Casimirrek: «Gure komunitatean susmoak genituen, eta susmo horiek argitzeko gai izan gara. Dakigunez, desagertutako haur hauen heriotzak ez daude dokumentatuta».

Barnetegi hori 1890ean zabaldu zuten, eta gobernuaren eta erakunde erlijiosoen eskumenekoa izan zen. Batez ere haur indigenak hartu ohi zituzten bertan, eta komunitate indigenek hainbatetan salatu izan dute haurrak euren bizilekuetatik atera eta barnetegietara joatera behartzen zituztela; zehazki, datu ofizialen arabera, 1831 eta 1996 urteen artean 150.000 haur inguru eraman zituzten egoitza horietara, Kanadako gizartearen balioak asimilatzeko.

Denetariko abusuak eta bakartzeak jasan behar izan zituzten, eta egoera horrek eragin zituen indigenen artean egun dauden alkoholismo kasuak eta droga mendekotasunak, hainbatetan salatu dutenez. 2015ean, txosten batek adierazi zuen «genozidio kulturala» izan zela haur indigenen aurka egindakoa, eta, bi urte geroago, Kanadako Gobernuak barkamena eskatu zien.

Iragan asteburuko jakinarazpenak, ordea, berriz azaleratu du zauriak oraindik irekita daudela askoren artean, eta agerian utzi du lan asko dagoelako egiteko haur indigenek sufriturikoaren inguruan. Stewart Phillip Columbia Britainiarreko Buruzagi Indiarren Batasuneko liderrak jakinarazi du herri indigenen arteko bilkurak abiatu dituztela jada, auziari buruzko ikerketak «hobeto nola egin» zehazte aldera: «Erabat ezinbestekoa da programa nazional bat finkatzea barnetegi guztiak aztertzeko». Nazio Indigena Subiranoen Federazioak ere bide beretik jo du gaiaz hitz egitean, uste baitu gobernuaren inplikazioa beharrezkoa dela.

Kanadako lehen ministroak, berriz, oraingoz ez du promesik egin bere laguntzaren inguruan: «Agerikoa da gehiago egin behar dugula, eta uste dut gehiago egingo dugula. Gobernu gisa, hitzeman dugu berradiskidetzeko prest egongo garela, baita egia bilatzeko ere, eta hori pauso garrantzitsua da. Hortaz, bai, hor egongo gara komunitateekin lan egiteko, behar duten guztiaren inguruan».

Orain arte, agintariak gogorarazi bezala, gobernuak aurrekontutik 23 milioi euro inguru bideratu ditu barnetegietako ikasleen heriotzei buruzko erregistro bat sortu eta garatzera —2019an hartu zuen erabakia, printzipioz, hiru urterako—, baina herri indigenek hainbatetan adierazi dute pauso hori ez dela nahikoa izan; egun, 4.118 hildako daude erregistro horretan.

Emakume eta neska indigenen aurkakoa, «genozidioaren parekoa»

Erabaki horrez gain, azken urteotan Ottawak hainbat ekinaldi egin ditu indigenen egoeraren aitortzaren inguruan. Duela bi urte, esaterako, Trudeauk adierazi zuen emakume eta neska indigenen aurkako indarkeria «genozidioaren parekoa» izan zela; adierazpen horrekin, Kanadako lehen ministroak bere egin zituen Hildako eta Desagertutako Emakume eta Neska Indigenei buruzko Ikerketa Nazionalak ateratako ondorioak.

Batzorde horrek bi urte eta erdiko ikerketaren emaitzen berri eman zion Trudeauri 2019an. Ikerketa egin duen lantaldearen arabera, emakume edo neska indigena batek hamabi bider arrisku handiagoa zuen hiltzeko beste edozein emakumek baino —1980-2012 aldia ikertu zuen—, eta estatuari egotzi zion «genozidioaren» erantzukizuna, «kolonialismoan eta ideologia kolonialetan oinarrituta dauden ekintzengatik eta ekintzarik ezarengatik»; Ottawa «konplize» izan dela ere zehaztu zuen testu horretan.

Mario Buller batzordearen buruzagiak laburbildu zuen ideia nagusia, urte hartan egin zuten zeremonia batean: «Kolonialismo honek, diskriminazio honek eta genozidio honek azaltzen dute indarkeria maila handia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.