Hezkuntza

Selektibitateari ekin diote Nafarroako 3.869 ikaslek

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko eta Tuterako campusetan egingo dituzte probak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek datorren asteartetik aurrera egingo dituzte azterketak.

Ikasleak selektibitatea egiten, gaur. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 2a
12:04
Entzun

Nafarroan gaur hasi da selektibitate izenez ezaguna den USE unibertsitatean sartzeko ebaluazioa. Nafarroako 3.869 ikaslek gaur, bihar eta etzi egingo dituzte azterketak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko eta Tuterako campusetan. Datorren ostegunean jakingo dute zer emaitza lortu dituzten.

Gaurtik etsaminak egingo dituzten ikasle gehienak emakumeak dira (2.276), eta dezente gutxiago gizonak (1.593). Hizkuntzari dagokionez, gehiago izango dira gazteleraz egitea erabaki dutenak (2.801) euskaraz egingo dutenak baino (1.068). Aurtengoa ere COVID-19ak baldintzatutako selektibitatea izango da. Jakinarazi dutenez, ikasleei aukera gehiago ematen dizkien azterketa eredua mantentzea erabaki dute, eta garbitasun eta segurtasun neurriak mantendu beharko dituzte.

Gaur Nafarroan bezala, datorren asteartetik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12.782 ikasleren txanda izango da. Azaldu dutenez, iaztik %1,49 igo da matrikula kopurua. Azterketarien %75ek (8.925 ikasle) euskaraz pasatzea erabaki dute, eta gainerakoek (2.990) gazteleraz egingo dute. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa egingo duten Batxilergoko ikasleen %57 emakumezkoak dira, eta %43, gizonezkoak; Lanbide Heziketatik joango direnen kasuan, berriz, emakumezkoak %69 dira, eta gizonezkoak, %31.

Proba pandemia garaira egokitze aldera, ohi baino egoitza gehiagotan egingo dituzte probak: EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen campusak ez ezik, BEC, Ficoba eta Iradier Arena ere erabiliko dituzte. Gainera, aurreko urtean erabilitako azterketa ereduari eutsiko diote, ikasleei aukera gehiago emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.