Cerminek eskatu du elbarriak lehenesteko txertaketa estrategian

Elkarteak Nafarroako Gobernuari galdegin dio elbarriak, haien familiak eta haiekin lan egiten duten profesionalak arrisku handiko taldean sartzeko, txertoa lehenbailehen eman diezaieten.

Elbarritasunen bat duten pertsonen elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 2a
12:23
Entzun

Nafarroan elbarritasunen bat dutenen entitate ugari biltzen ditu Cermin elkarteak, eta gaur agerraldia egin du Iruñean, txertaketa prozesuari buruzko iritzia emateko. Cermin elkarteko kideak haserre daude Nafarroako Gobernuak martxan duen txertaketa prozesuarekin, ez baitituzte lehentasunen artean jarri elbarritasunen bat duten pertsonak. «Iraintzat» jo dute administrazioak kolektibo horrekiko erakusten ari diren jarrera: «Ez gaituzte aintzat hartzen, eta gurekiko enpatiarik ez dute erakusten». Uste dute «ulertezina» dela txertaketa prozesuaren irizpide bakarra adina izatea: «Zentzugabekeria da patologiarik ez duten 40 eta 49 urte bitartekoak osasun egoera larria duen 20 urteko pertsonak baino lehenago txertatzea». Hala, Mariluz Sanz eta Manuel Arellano Cermineko kideek zuzeneko eskaera bat egin diote foru gobernuari: txertaketa prozesuan lehentasunen artean sar ditzala osasun arazoak dituzten baina oraindik txertatuak izan ez diren pertsonak.

Hala, eskatu dute arrisku taldean sartzeko honako kolektibo hauek: maskara erabiltzera behartuta ez dauden elbarriak; gaixotasun neuromuskularrak dituztenak; laringektomia egina dietenak; eta arantza bifidoa, hidrozefalia, esklerosi anizkoitza, ELA, diabetesa, gaixotasun arraroak, eritasun erreumatologiko larriak, garun paralisia, entzefalopatia larriak eta parkinsona dutenak. Gainera, ezinbestekotzat jo dute pertsona horiek ez ezik haien familiak eta haien zaintzan lan egiten duten profesionalak ere txertatzea. Elbarriei jarri beharko litzaiekeen txertoari dagokionez, Cerminek eskatu du lehenesteko bi dosien artean denbora luzerik itxaron behar ez duten botika etxeenak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.