Katalunia

Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri behin-behinean itzuli diete immunitatea

Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak onartu egin ditu kautelazko neurriak ezartzeko hiru eurodiputatu katalan independentisten eskariak. Bi urte igaro eta gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Cuixarten eta Sanchezen helegiteen aurka egin du; hortaz, Estrasburgora jo ahalko dute.

Puigdemont, Comin eta Ponsati Europako Parlamentuan, iragan martxoan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
2021eko ekainaren 2a
18:54
Entzun

Carles Puigdemontek, Toni Cominek eta Clara Ponsatik behin-behinean berreskuratu dute immunitatea. Europako Justizia Auzitegiaren parte den EB Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak kautelazko neurriak ezartzea erabaki du, hiru eurodiputatu katalan independentisten eskariari baiezkoa emanda, eta, hortaz, Estrasburgora (Alsazia) joan ahalko dira datorren astelehenean, Europako Parlamentuan egitekoak diren saioan parte hartzera. Ez hori bakarrik: behin betiko erabakia hartu bitartean, EBko estatu kideetan ere mugitu ahalko dira, atxilotzeko arriskurik gabe.

Iragan martxoan, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak eskatuta, Europako Parlamentua Junts per Catalunyaren hiru eurodiputatuen suplikatorioaren alde agertu zen, eta, hortaz, ganberak immunitatea kendu zien Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri; karguan jarraitu ahal izan duten arren, erabakiak Espainiari ahalbidetu zion haien kontrako euroaginduak berriz aktibatzea. Bozketan, aldeko 400 boto, aurkako 248 eta 45 abstentzio izan ziren.

Hirurek aurkezturiko helegitean, politikari katalanek argudiatu dute Europako Parlamentuaren erabakiak ez diela «bermatu batasuneko herritarren ordezkari gisara dituzten oinarrizko eskubideen erabilera», eta EBko Auzitegi Orokorreko presidenteordeak hori kontuan hartu du immunitatea behin-behinean itzultzeko erabakia hartzerakoan: «Frantziara joango balira, atxilotuak izateko arriskua izango lukete».

Hortaz, statu quo-a mantentzea lehenetsi du bi aldeen alegazioak «zehatz» aztertzen dituen arte, eta, beraz, behin betiko erabakiaren berri ematen duen arte.

EBko Auzitegi Orokorraren erabakia pozez hartu dute eurodiputatu katalanek. Puigdemontek, Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean, adierazi du ez dutela «amore emango», eta Cominek «beste garaipentzat» jo du haien aldeko neurria: «Ez da azkena izango». Pere Aragones Kataluniako presidentearentzat, berriz, «albiste pozgarria» izan da Luxenburgotik eman dutena.

Egun berean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi du Omnium Culturaleko buru Jordi Cuixartek eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohi Jordi Sanchezek jarritako helegitearen kontra agertu dela; horiek aurkeztu eta bi urtera eman du erabakiaren berri. Hortaz, ebazpen horrek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera emango die orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.