Hego Euskal Herrian 1,2 milioi herritar txertatu dituzte

Gaur hasi dira 49 eta 40 urte artekoak txertatzen Hegoaldean. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du oporretara joateagatik txertoa hartzeri uko egiten dutenek «itxaron» egin beharko dutela dosi hori hartzeko.

Donostiako Zezen Plaza txertogunean bilakatuta. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 7a
10:57
Entzun

Iazko abenduaren 27an ekin zitzaion Hego Euskal Herrian COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainari, eta ordutik 1.234.939 lagunek hartu dute birusaren kontrako txertoren bat. Alegia, herritarren %43,3k lehenbiziko dosia hartua dute, gutxienez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo arte 999.423 lagunek lehen dosia hartua zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 523.000 lagun baino gehiagok osatua zuten pauta. Nafarroan, berriz, 279.121 herritarrek hartua dute lehen dosia, eta pauta osoa, berriz, 158.990 herritarrek daukate. Hori hala, Hego Euskal Herriko herritarren %24k osatua dute pauta (682.392 lagun).

Txertaketa kanpainak erritmo bizia hartu du azken asteotan. Gaur, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 49 eta 40 urte arteko herritarrak txertatzeari ekingo die Osakidetzak eta Osasunbideak.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du aurreikusitako txerto kopurua iristen bada ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran hasiko direla 39 eta 30 urte artekoak txertatzen. Adingabeen txertaketari ere lehenbailehen ekin nahi dio Osakidetzak. Sagarduik jakinarazi duenez, 12 eta 16 urte artekoak iraila baino lehen txertatzen hasteko asmoa dute.

Bestetik, Sagarduik ohartarazi du udako oporretara joateagatik txertoa hartzeari uko egiten diotenek «itxaron» egin beharko dutela dosi hori hartzeko. Hori hala, herritarrei dei egi die udako oporraldiak ongi «planifikatzeko» eta txertaketari «lehentasuna» emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.