Ikerketa

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek dute estatuarekiko atxikimendurik txikiena Europan

Goteborgeko Unibertsitatearen institutu batek egindako ikerketaren arabera, EAEn dago «erregioarekiko» atxikimendurik baxuena ere.

Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 7a
12:43
Entzun

Suediako Goteborgeko Unibertsitateko Quality of Government Instituteko ikertzaileek 2021. urteari dagokion txostena plazaratu berri dute. Horretan, besteak beste, galdera honi erantzun nahi izan diote: Zeri diote europarrek atxikimendurik handiena? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erantzuna nabarmendu dute. Izan ere, hor topatu dute estatuarekiko atxikimendurik txikiena EB osoan. Baina baita «erregioarekiko» atxikimendurik baxuena ere. Azken horrekin egileak ere harrituta daude.

Mapa honen bidez plazaratu dituzte emaitzak.

Estatuarekiko, beren eskualdearekiko eta Europarekiko duten atxikimendu maila adierazteko eskatu diete herritarrei, zerotik hamarrera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatuarekiko identifikazioak 4,5 bat baino ez du jaso, eta, ikertzaileen arabera, Europako Batasuneko baxuena da. Nafarroan, 7,2koa izan da emaitza, eta Akitanian, 8koa. Katalunian ere oso baxua da emaitza, baina ez horrenbeste: 5,9.

Horraino espero zitezkeen emaitzak dira. Baina bigarren galderarekin heldu da ikertzaileak ere harritu dituen datua: arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira, halaber, Europako Batasun osoan «erregioarekiko» atxikimendurik txikiena daukatenak: 6.0. Datua nabarmendu egin dute ikertzaileek mapan bertan, mezu honekin: «Basque Country: lowest attachment to country AND lowest attachment to region». Nafarroan, 7,9koa da atxikimendua, eta Akitanian, 8,1ekoa.

Anders Sundell Goteborgeko ikertzaile eta maparen egileak Twitterren adierazi duenez, jende askok galdetu dio EAEz eta Kataluniaz maparen harira: «Ez daukate nortasun erregional indartsurik? Erantzuna baiezkoa da, baina kontrakotasuna eragiten du. Emaitzak oso sakabanatuta daude».

«EAEk erregioarekiko atxikimendurik baxuena? Horrek ez du zentzu handirik, antza», erantzun dio Twitterreko erabiltzaile batek. Sundellek onartu du berari ere zentzugabea iruditzen zitzaiola hasieran. «Uste dut polarizazioaren emaitza dela. Leku gehienetan jendeak esaten du oso lotuta dagoela bai herrialdeari, bai erregioari. Baina EAEn eta Katalunian jende askok esaten du zero atxikimendua duela, eta horrek batezbestekoa jaisten du».

Beste txiolari batek seinalatu dio agian arazoa hitzen aukeraketan dagoela: «Beste azalpen bat egon daiteke erregio hitzak duen esanahi politikoan. Izan ere, bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoa esan nahi du; beraz, abertzaleak ez lirateke eroso sentituko erregioarekiko atxikimendu horrekin».

Reddit sare sozialean ere eztabaida piztu du gaiak, eta askok nabarmendu dute litekeena dela erregio hitza erabili izanak eragitea erantzuna, Euskal Herrian eta Katalunian askorentzat termino «iraingarria» delakoan, erabiltzaile batek idatzi duenez. «Berdin gerta zitekeen Quebeceko jendeari galdetzen badiozu atxikimendua ote dion Kanadako Quebec erregioari», idatzi du beste batek. Erregio horrekin galdekaturiko euskaldunek EAE, Nafarroako Foru Komunitatea, Akitania Berria edo Euskal Herri osoa ulertu ote duten ere ez dago jakiterik.

Nabarmentzekoa da Europarekiko atxikimenduan ere oso emaitza baxuak jaso dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 5,4. Akitania Berrian, 6,2. Nafarroan, apur bat altuagoa da: 6,9.

Gobernu Kalitaterako Institutua (QoG) 2004. urtean sortu zuten, Goteborgeko Unibertsitatearen Zientzia Politikoen departamenduaren barruan. 30 bat ikertzaile ari dira lanean horretan.

Datuak hemen kontsulta daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.