Albistea entzun

OLARIZU AUZO OKUPATUA

Olarizuko bizilagunak kaleratu egin ditu Gasteizko Udalak

Duela urte batzuetatik hona, Gasteizko Olarizu hiribideko eraikinak etxebizitza bat ordaintzeko aukerarik ez zeukaten herritarrek okupatu izan dituzte. Urte luzez udalarekin harreman gorabeheratsua izan ondoren, gaur kaleratu dituzte azkenean.

Irudian, kaleratu duten emakume bat, etxetik atera ahal izan dituen gauzen ondoan.
Irudian, kaleratu duten emakume bat, etxetik atera ahal izan dituen gauzen ondoan. ENDIKA PORTILLO/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2021eko ekainak 8 14:50

«Esan eta egin. Olarizuko okupa ilegalei kaleratuak izango direla jakinarazten gabiltza. Egun gutxi barru burutuko da. Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko». Horrela jakinarazi zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkateak duela egun gutxi Olarizuko bizilagunen gainean hilabeteak daramatzan mehatxua beteko zuela udalak. Zehazki, gaur goizeko zazpietatik aurrera kaleratzeak edozein momentutan has zitezkeela jakinarazi zien auzokideei, gutun baten bidez. Eta beste behin, esan eta egin. 07:00ak jo dutenerako, Ertzaintzaren dozena erdi patruilak inguratu dituzte okupatutako etxeak. Duela egun batzuk jada burdinazko hesiz itxi zituen eraikinak Poliziak. Minutu batzuk geroago hasi dira Olarizu hiribidea ere hesiz ixten. Autoei sarrera galarazteaz gain, kazetariak ere eremutik kanpora irtenarazi dituzte. Ordurako, bizilagun batzuk hasiak ziren etxeetatik denetariko objektuak ateratzen, etsita: arropa, sukaldeko tresnak, maletak, sehaska bat. Gizon bat burumakur atera da atari batetik, eta, ertzainen begiradapean, gurpildun maleta handi bat hartuta auzotik urruntzen hasi da. Autoen zarataren artean galdu da laster.

Atzo Olarizuko bizilagun batek BERRIAri azaldu zionez, okupatutako eraikinetan oso pertsona gutxi geratzen ziren azken egunetan. Hala ere, Ertzaintzaren furgonetak bata bestearen atzetik heltzen hasi dira: bat, bi, hiru... Gero eta kazetari gehiago gerturatzen hasi dira, eta, bitartean, atarien aurrean pilatzen diren objektuen multzoa handituz joan da, astiro. Giroa lasaia zen arren, Ertzaintzak istiluen aurkako tresneria atera du. Ezkutu eta kaskoez horniturik hasi dira etxeetara sartzen, baina ez dirudi iskanbilarik egon denik.

09:00ak aldera, Errekaleor auzo okupatuko kide batzuk ere hurbildu dira Olarizuko bizilagunei elkartasuna adieraztera. Olarizukoek eskertu dute Errekaleorrekoen babesa, baina udalaren jarrera salatu dute: «Errekaleorreko bizilagunek ez digute irtenbiderik eman behar. Udala da gure egoera konpondu behar duena». Auzokide horren arabera, batzuei eman die aterpe udalak: bi pertsona babespeko etxebizitza batean daude, eta beste lau, udal aterpetxean. Gainerako bizilagunek, ordea, beste irtenbiderik ezean, inguruko pabiloi batean hartuko dute aterpe.

Goizeko lehen orduan irten den gizonaz gain, beste hiru pertsona gutxienez atera dira eraikinetatik. Goiza aurrera joan ahala, eguzkia berotzen hasi da. Emakume bati izerdia eta malkoak nahasten zitzaizkion kaleratu berri duten etxearen ataritik gauzak hartu eta kalearen beste aldera eramaten zituen bitartean. Harekin batera eraikinean geratzen ziren beste bi bizilagunek lagundu diote. Horiez gain, beste bi bizilagun ere agertu dira, eta objektuak auto batean sartu dituzte. Bitartean, lehenengo atarian langile batzuk betoia egiten hasi dira, ateak ixteko, eta beste batzuek burdinazko ateak soldatu dituzte. Ertzaintza inguru guztia zaintzen aritu da une oro. 10:00ak jotzeko zirela bukatu dituzte bizilagunek atarietatik kalearen bestalderako bidaiak. Izerditan zegoen emakumea kaleko banku batean eseri da, beste bizilagun batekin batera. Haien ondoan, txakurra. Alde batean, berriz, orain arte beren etxe izandako eraikinean eduki dituzten objektu guztiak, espaloiaren izkina batean pilatuta. Gauzen multzoak kontraste nabarmena egiten zuen ondoan zeukan etxe moderno berriekin. Izan ere, alkateak dioenez, auzoa «birgaitzeko» asmoa dauka udalak. Eta, segur aski, auzoak beste bizilagun batzuk izango ditu: orain arte eraikin okupatuan bizi izan direnek ezingo dituzte eremu berri horretako etxeen prezioak ordaindu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Larrialdi zerbitzuak, gaixo bat etxetik erietxera eramaten, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

ZIUetan ere arintzen ari da presioa apurka

Gotzon Hermosilla

Koronabirusak kutsatutako 56 gaixo baino ez daude Hego Euskal Herriko ZIUetan. Beste 226 kasu detektatu dituzte azken orduetan

EH Baiko Anita Lopepe Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) bozkatzen, gaur. ©GuillaumeFauveau

Parte hartzea 2015ean baino baxuagoa izaten ari da departamenduko bozetan

Ekhi Erremundegi Beloki - Paulo Ostolaza

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusia eta Akitania Berria eskualdeko kontseilua hautatuko dituzte gaur Ipar Euskal Herrian.

Gaurko manifestazioko une bat, Bilbon. ©Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia

Errefuxiatuentzako bide «seguruak eta legezkoak» eskatu dituzte Hegoaldeko hiriburuetan

Paulo Ostolaza

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur. Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, Siriako bost familiarekin batera egin du ekitaldi bat.

 ©BERRIA

PAIRAMENDUA ETETEKO HITZA

Arantxa Iraola

Hilaren 25etik eutanasia eskariak legezkoak izango dira Hegoaldean: indarrean sartuko da Espainiako Kongresuak martxoan onartutako legea. Duden sorburu dira testuaren zenbait eduki eta legea ezartzen hasteko egon den asti laburra, baina hemen da eskubidea: pairamendu egoeretan noiz hil hautatzekoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.