Oroimena

Txabi Etxebarrietaren omenezko loreak eta ikurrina bat jarri dituzte hil zuten lekuan

Tolosako Benta Handin Oteizak eskaini zion eskulturaren azpian jarri dituzte. Hainbatetan egin diote eraso oroigarriari. Bilboko Udalak ukatu egin zuen areto bat erabiltzea haren heriotzaren inguruko hitzaldi bat egiteko.

Loreak eta ikurrina, Benta Handin, Txabi Etxebarrietaren omenez Oteizak eginiko eskulturaren azpian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 8a
13:54
Entzun

Lehengo batean / kalearen erdian / Benta-Handi erdian / Xabier anaia, hil zuten. Horrela abestu zuen Imanol Larzabal musikariak Txabi Etxebarrietaren heriotzaz, 1974ko Herriak ez du barkatuko diskoan. Tolosan (Gipuzkoa) dago Benta Handi, bidegurutze batean, Azpeitia-Azkoitiara doan errepideak eta Donostia eta Gasteiz batzen dituenak bat egiten duten lekuan. Han hil zuten Etxebarrieta ETAko kidea, 1968ko ekainaren 7an. Haren omenezko loreak eta ikurrin bat utzi dituzte egunotan, gertaera gogoratzeko Jorge Oteiza eskultoreak eginiko Par móvil (pare mugikorra) eskulturaren azpian.

Albiste izan dira azken egunotan Etxebarrietaren heriotzaren inguruan antolatu diren ekitaldiak. Ostiralean, Egiari Zor fundazioak bertan behera utzi zituen Etxebarrietaren heriotzari buruzko ikerketaren inguruan larunbatean Bilbon egitekoa zen hitzaldia eta igandean Derioko hilerrian antolatua zuen ekitaldia. Igandean azaldu zutenez, Dignidad y Justicia elkarteak auzitara jo zuen ekitaldiak debekatzeko, argudiatuta «terrorismoa goratzeko» delitu bat izan zitekeela horiek egitea, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak baimendu egin zituen. Udalak, ordea, ez zien baimenik eman hitzaldia egitekoak ziren aretoa erabiltzeko.

Etxebarrietak eragin zuen ETAren lehen biktima, Jose Antonio Pardines guardia zibila, 1967ko ekainaren 7an, Francisco Francoren diktaduraren garaian. Egun berean, Guardia Zibilak Etxebarrieta bera hil zuen tiroz, Benta Handin.

Hainbatetan egin diete eraso Etxebarrieta gogoratzen duen monolitoari eta han zegoen plakari. Oteizak eginiko eskulturak eusten dio, ordea. 1956. urtean sortu zuen lana eskulturagileak, aluminioa erabilita, eta altzairuzko bertsioa egin zuen Benta Handin jartzeko. Azkenean, 1994. urtean jarri zuten eskultura.

Oteizaren lan guztietan bezala, eskulturak hausnarketa teoriko bat du atzean; ez da formalismo hutsa. Kasu horretan, bi disko erdi gurutzatuta, lurrean utziz gero berez biraka hasiko liratekeen pieza bat egin nahi izan zuen artistak, etengabeko mugimendua irudikatuz, eta, horren bidez, iraultza. Horregatik eskaini zion lana Etxebarrietari.

Harreman handia izan zuten artistak eta ekintzaileak. «Ekainaren 7an, sakrifikaturik Benta Handin gure azken erresistentziaren lehena», idatzi zuen Oteizak, eta han jarritako eskultura «fusilamendu baten hilarri» gisa definitu zuen.

Oteizak kontatu zuen Etxebarrieta Euskal Herriko artista eta intelektualen manifestu bat prestatzen ari zela 1968. urtean, eta berarekin hitz egin nahi izan zuela. Baina artistak Madrilera joan behar izan zuen, eta han jaso zuen ekintzailearen heriotzaren albistea. «Ezin nuen ulertu betiko galdu genuela», idatzi zuen.

Etxebarrietaren omenez, haren soina irudikatzen zuen eskultura bat egon zen jarrita Bilboko Otxarkoaga plazako Urretxindorra plazan. Bilboko udalak kendu egin zuen 2004. urtean, Basta ya taldearen presioaren ostean.

Bilboko Zazpikaleetan Etxebarrieta Anaiak plaza dago, Txabi eta Jose Antonio Etxebarrietaren omenez. Ezker abertzaleko herritarrek hala ezagutzen dute, behintzat, ofizialki Miguel Unamuno plaza izena baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.