Albistea entzun

Ikerketa

Euskal Herria ez al dute maite arabarrek, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek? Misterioa argituta

Suediako unibertsitate batek eginiko ikerketa baten emaitzek harridura sortu dute, baita egileei beraiei ere. Europan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek dute estatuarekiko atxikimendurik txikiena, baina euren «erregioarekikoena» ere bai. BERRIAk ikertu du nola egin zuten galdera.

Goteborgeko Unibertsitateko Quality of Government Institute Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko ekainak 9 10:09

Astelehenean eman zuen BERRIAk Suediako Goteborgeko Unibertsitateko Quality of Government Instituteko ikertzaileek eginiko ikerketa baten berri. 2021. urteari dagokion txosten bat plazaratu berri dute, eta, horretan, besteak beste, galdera honi erantzun nahi izan diote: Zeri diote europarrek atxikimendurik handiena? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erantzuna nabarmendu dute. Izan ere, hor topatu dute estatuarekiko atxikimendurik txikiena Europako Batasun osoan. Baina baita «erregioarekiko» atxikimendurik baxuena ere. Azken horrekin egileak ere harrituta zeudela adierazi dute. BERRIAk hitz egin du Goteborgeko ikertzaileekin, eta, argitu diotenez, galdekatuei ez zieten hitzez hitz «erregioari» buruz galdetu, edo Euskal Herriaz, baizik eta «autonomia erkidegoaz».

Goteborgeko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedraduna eta ikerketaren egileetako bat da Nicholas Charron irakaslea. Argitu duenez, lehenengo galderan galdekatuei eskatu zieten zerotik hamarrera baloratzeko estatuari dioten atxikimendua. «Galdera horietan herrialdearen izena sartu genuen, herrialdearekiko atxikimendua-ren inguruko galderan». Hegoaldeko euskal herritarrei «Espainiarekiko duten atxikimendua galdetu genien; beraz, anbiguotasunik ez horretan».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatuarekiko identifikazioak 4,5 bat baino ez du jaso, eta, ikertzaileen arabera, Europako Batasuneko baxuena da. Nafarroan, 7,2koa izan da emaitza, eta Akitanian, 8koa. Katalunian ere oso baxua da emaitza, baina ez horrenbeste: 5,9. Horraino, ustekabe gutxi, emaitzek berresten dutelako beste hainbat ikerketek erakutsi dutena: Espainiak eta haren erakunde eta ikurrek atxikimendu txikia eragiten dutela Hegoaldean, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Edonola ere, berria eta nabarmentzekoa da ikerketa batek erakutsi izana atxikimendu falta hori Europako Batasuneko sakonena dela.

Baina ikerketan eginiko bigarren galderaren emaitzak bekainak altxarazi dizkie bati baino gehiagori, besteak beste ikertzaileei beraiei ere. Galdeketaren arabera, arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira, halaber, Europako Batasun osoan «erregioarekiko» atxikimendurik txikiena daukatenak: 6,0. Datua nabarmendu egin dute ikertzaileek mapan bertan, mezu honekin: «Basque Country: lowest attachment to country AND lowest attachment to region». Nafarroan, 7,9koa da atxikimendua, eta Akitanian, 8,1ekoa.

Mapa honen bidez azaldu zituzten emaitzak:

Posible al da hori? Intuizioaren kontrakoa ematen du mapa politikoa ikusita.

Anders Sundell Goteborgeko ikertzaile eta emaitzen maparen egileak Twitterren onartu zuen berari ere zentzugabea iruditu zitzaiola emaitza hasieran. «Uste dut polarizazioaren emaitza dela», idatzi zuen.

Galdera eta hipotesi asko eragin ditu horrek sare sozialetan. Batzuek proposatu dute emaitza galderak berak sorturiko artefaktu bat izango dela, «erregio» hitza erabili zutelakoan. «Beste azalpen bat egon daiteke erregio hitzak duen esanahi politikoan. Izan ere, bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoa esan nahi du; beraz, abertzaleak ez lirateke eroso sentituko erregioarekiko atxikimendu horrekin», idatzi zuen Twitterreko erabiltzaile batek. Euskal Herrian eta Katalunian askorentzat erregio terminoa «iraingarria» izan daitekeela erantzun zuen beste batek. «Berdin gerta zitekeen Quebeceko jendeari galdetzen badiozu atxikimendua ote dion Kanadako Quebec erregioari», gaineratu zuen beste batek.

Charronek argitu du zer galdetu zuten zehazki: «Erregio gisa comunidad autónoma terminoa erabili genuen gaztelerazko bertsioan». Euskarazko bertsio bat ere eman zutela gaineratu du, baina ez duela zehazki gogoratzen nola itzuli zuten comunidad autónoma hori. «Beraz, uste/espero dugu jendeak argi ulertuko zuela zertaz ari ginen».

Galdeketaren txantiloiaren ingelesezko bertsioa. Euskarazko eta gaztelerazko bertsioetan 'erregio' hitzaren ordez, 'autonomia erkidegoa' erabili zuten. BERRIA

Beraz, ikerketak bi emaitza berri eta interesgarri utzi dituela esan daiteke: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek diote Europako Batasun osoan atxikimendurik txikiena estatuari, baita tokiko administrazioari ere, Euskal Autonomia Erkidegoari kasu honetan.

Charronek erakunde politikoak ikertzen ditu, ustelkeria eta gobernuaren kalitatea, eta faktore horiek nola eragiten dioten ekonomiaren garapenari. Liburu bat argitaratu du Europako batasuneko estatuetako eta eskualdetako gobernu kalitatearen inguruan.

Gobernu Kalitaterako Institutua (QoG) 2004. urtean sortu zuten, Goteborgeko Unibertsitatearen Zientzia Politikoen departamenduaren barruan. 30 bat ikertzaile ari dira lanean horretan.

Datuak hemen kontsulta daitezke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BOB EDME

«Iparraldeko lurralde kolektibitatea bai, baina ez berehala»

Oihana Teyseyre Koskarat

Betbeder hezitzailea da ofizioz, eta argi du laguntzak emendatu beharko direla krisi sozialari aurre egiteko. Klima aldaketa eta laborantza iraunkorra ere lehentasuntzat jo ditu datorren kargualdiari begira.

Urrutikoetxea, Parisko saioan. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
 ©BERRIA

«Eskumen soziala da lehentasuna»

Oihana Teyseyre Koskarat

Kehrigek lehentasuntzat jo du osasun krisiak eraginen duen krisi sozialari aurre egitea. Haren ustez, goizegi da lurralde kolektibitatea plantan ezartzeko, Euskal Hirigune Elkargoa «gazteegi» ikusten baitu.

Mahaian, Txoli Mateos, Lohitzune Zuloaga, Jorge Urdanoz eta Carmen Innerarity. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna