Pandemiaren aurkako lege egitasmoan akordioa lortu dute EAJk, PSEk eta EP-IUk

Elkarrekin Podemos-IUk azpimarratu du, akordioari esker, isunen pisua murriztuko dela legean, eta gizarte zibilaren parte hartzea sustatuko dela.

Miren Gorrotxategi eta Iñigo Urkullu, artxibo irudi batean. JON RODRIGUEZ BILBAO/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 9a
12:46
Entzun

Legealdiko lehen akordio garrantzitsua erdietsi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean: pandemiaren aurkako lege egitasmoan ados jarri dira hiru taldeak. Akordioaren garrantzia azpimarratu dute adostasunera iritsi diren hiru alderdiek, gaur goizean egindako agerraldietan.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeko bozeramaileak azaldu du legea «hobetzea» lortu dutela. Besteak beste, jakinarazi du murriztu egingo direla lege egitasmoak jasota zituen isunak. «Pedagogiaren alde egin behar dugu, ez zigorraren alde», azaldu du. Horrez gain, gizarte zibilaren parte hartzea sustatu egingo da pandemia arautzen duten organoetan; hala nola hezkuntza komunitatea erabakiguneetan egon ahalko da ikastetxeak berriz itxi beharko balira, edo osasun publikoaren defentsarako plataformak parte hartuko du Osakidetza indartzeko erabakitzen den organoetan. Lortutako akordioaren beste gakoetako bat izango da Eusko Jaurlaritzak azalpenak eman beharko dituela aldiro Eusko Legebiltzarrean, osasun egoeraz ez ezik, baita gizartearen eta ekonomiaren egoeraz ere. Halaber, oinarrizko eskubideak «blindatu» egingo dira akordioari esker, eta, beraz, alarma egoeratik kanpo ezin izango dira oinarrizko eskubideak murriztuko dituen neurririk hartu, Gorrotxategik jakinarazi duenez.

EAJk eta PSEk txalotu egin dute Elkarrekin Podemos-IUrekin erdietsitako akordioa. Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak azpimarratu du lan eredu «zintzoa, arduratsua eta eraikitzailea» izan dela, eta eskertu egin dio Elkarrekin Podemos-IU alderdiari adierazi duen borondatea. Akordioari esker, legeak «segurtasun juridiko handiagoa» izango duela esan du Telleriak. Bide beretik mintzatu da Ekain Rico PSEko legebiltzarkidea ere, nabarmenduta akordioari esker «tresna eraginkorragoak» egongo direla birusari aurre egiteko.

EH Bildurentzat, ordea, aterki juridiko txikiegia eskaintzen du hiru taldeek legearen inguruan lortutako akordioak, eta koalizioak 72 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proposamenari. Helburu bikoitza dute zuzenketek, Maddalen Iriartek eta Rebeka Uberak azaldu dutenez: osasun sistema publikoa «ondo egituratzea» balizko osasun larrialdiei erantzun egokia emateko, eta herritarren zaintza eta babesa bermatzea. Zuzenketen artean, besteak beste, EH Bilduk proposatu du Labi teknikoa indartzea eta guztiz independentea izatea, eta, horrekin batera, Labiren mahai politikoa desagertzea. Ildo horretan, EH Bilduk proposatu du Labik izaera independentea izatea, askotariko alorretako teknikari eta adituek osatuta egotea, eta haren erabakiak publikoak izatea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.