Albistea entzun

Euskara

Uemako herrietako bost osasun langiletik batek ez daki euskaraz

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak osasun zerbitzuari buruzko azterketa aurkeztu du Legebiltzarrean. Bereziki kezkatuta agertu da pediatria zerbitzuarekin.

Iraitz Lazkano eta Garikoitz Goikoetxea UEMAko arduradunak Legebiltzarrko Osasun Batzordean.
Iraitz Lazkano eta Garikoitz Goikoetxea UEMAko arduradunak Legebiltzarrko Osasun Batzordean. Raul Bogajo / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre Perez -

2021eko ekainak 9

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak agerraldi bat egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, bere udalerrietako osasun zerbitzuari buruzko azterketa aurkezteko. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea teknikariak eman dute jasotako datuen berri, eta, besteak beste, jakinarazi dute mankomunitateko herrietako bost osasun langiletik batek ez duela euskara gaitasuna egiaztatuta.

Uemak bi urtetik behin egin ohi du behaketa, eta azterturiko azken epetik hona geldialdi bat egon dela nabarmendu dute txostenaren egileek. «Begirada luzeagoarekin begiratuta, bai, hamarkada hauetan asko egin dugu aurrera. Baina azken urte hauetan udalerri batzuetan arazo batzuk betikotzen ari direla iruditzen zaigu», adierazi du Goikoetxeak.

Uemak Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako udalerri euskaldunak biltzen ditu, herritarren arteko euskara indizea %70etik gorakoa dutenak. Hala, osasun zerbitzuei buruzko txostenak mankomunitateko kide diren herri guztien azterketa biltzen du, baina, gaur, Eusko Legebiltzarreko agerraldian soilik Osakidetzari dagozkion datuak aurkeztu dituzte. Nafarroako datuak abenduaren hasieran jakinarazi zituen Uemak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Pandemiaren eraginez, txostena ezin izan zuten iaz argitaratu, baina atzerapen horrek azterketa zabaltzeko aukera eskaini dio Uemari. Hain zuzen, orain arte mankomunitateko herrietan zeuden osasun zentroetara mugatu izan dute azterketa, eta, oraingoan, zentro horien azterketa ez ezik, Uemako herritarrek jasotzen dituzten gainerako osasun zerbitzuen azterketa ere egin dute. Hala, mankomunitatetik kanpo Uemako herritarrei zerbitzu ematen dieten beste herrietako osasun etxeetako eta erreferentziazko ospitaleetako datuak ere sartu dituzte txostenean.

Daturik okerrenak, ospitaletan

Osakidetzak 559 lanpostu dauzka Uemako kide diren 90 herrietan, eta ia guztietan zehaztuta dago hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data: 548 postutan (%98). Errealitateari begiratuta, ordea, gaur egun soilik %81ak dauka egiaztatua hizkuntza gaitasuna. Hau da, bost langiletik batek ezin du euskarazko zerbitzua bermatu.

Halaber, mankomunitateko «ia zentro guztietan» euskaraz ez dakien langile bat edo beste dagoela azaldu dute ikerketako arduradunek, eta kezka berezia agertu dute pediatria zerbitzuarekin. Izan ere, arlo horretako hiru langiletik batek ez du hizkuntza hitz egiten, «Uemako herrietan horrek daukan inpaktu sozial bereziarekin».

Mankomunitatetik kanpoko osasun zentroei dagokienez, berriz, egoera «okerragoa» dela jakinarazi dute. Uemako herritarrei mankomunitatetik kanpo lehen arreta ematen dieten osasun etxeetan, esaterako, lau langiletik bat baino gehiago (%27) ari dira lanean euskara gaitasuna egiaztatu gabe, eta erreferentziazko ospitaleetan, berriz, zifra hori ia langileen erdira arte igotzen da (%49).

Dena den, ospitaleei dagokienez, leku batetik bestera alde handiak daudela zehaztu dute ikerketaren arduradunek. Hain zuzen, Gipuzkoako ospitaleetan eta Gernikakoan langile gehienek dute egiaztatuta eskakizuna, baina ez Arabako ospitalean eta Bizkaiko gainerakoetan. Egoerarik okerrena Nafarroan dute, ordea, Uemako herritar gehienei arreta ematen dien Iruñeko ospitalean hizkuntza eskakizuna ezarrita daukaten lanpostuak %1era ere iristen ez direlako.

Katea josteko beharra

Datuak aurkeztuta, Goikoetxeak Uemak eginiko azterketaren ondorioak azaldu ditu Osasun Batzordean, eta, beste ideia guztien gainetik, garrantzia berezia eman die euskarazko zerbitzua bermatzeko aurretik eman beharreko pausoei: «Kontziente izan behar dugu hau kate bat dela, eta zerbitzua euskaraz jasotzea katearen azken begia dela».

Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak euskarazko formakuntzan emandako pausoetan sakontzeko beharra nabarmendu du Uemako teknikariak, eta Nafarroako hezkuntza publikoan oraindik medikuntza euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoela gogoratu du. Hain zuzen, formakuntzako hutsune hori medikuntzan eta, bereziki, pediatrian langileak topatzeko dauden zailtasunen eragile nagusia dela uste du Goikoetxeak: «Urtero hamarnaka ikasle euskaldun kanpora joaten zaizkigu medikuntza ikastera, hemen ez dutelako lekurik topatu».

Horrez gain, hizkuntza irizpideak ezartzea ez ezik, horiek betearazi egin behar direla zehaztu du Uemako arduradunak, eta Osakidetzara sartzen diren langileek irizpide horiez kontziente izan behar dutela adierazi du: «Langileak jakin behar du zeintzuk diren bere betebeharrak eta zeintzuk diren herritarren eskubideak».

Azkenik, euskal administraziora «aldaketa handia» datorrela iragarri du Goikoetxeak, langileen erretiroari eta belaunaldi aldaketari erreferentzia eginez. Horrek osasun zerbitzuetan euskarak bizi duen egoera hobetzeko «abagune oso ona» eskainiko duela uste du Uemako teknikariak, baina arrakasta izateko «katea ondo josi» behar dela azpimarratu du berriro ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Hainbat herritar Hendaiako hondartzako pasealekuan, artxiboko irudi batean. ©Guillaume Fauveau

Bihartik, Ipar Euskal Herrian ez da maskararik jantzi beharko kanpoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Igandetik aitzina, ez da etxeratze agindurik izanen. Aldaketa espero baino lehenago sartuko dira indarrean, uztailaren 1ean espero baitzen bertan behera gelditzea.

Konstituzio Kontseluaren ebazpena salatzeko protesta egin zuten Baionan, maiatzaren 29an. ©Bob Edme

Konstituzio Kontseiluak murgiltzea onetsi du Seaskan, baina ez sare publikoan

Oihana Teyseyre Koskarat

Maiatzean emandako ebazpenari buruzko xehetasunak eman ditu, murgiltze ereduaren inguruan.

Espainiako presidente Pedro Sanchez, gaur, kongresuan. ©Txema Moya, EFE

Sanchez: «Laster utziko diogu kalean maskara erabiltzeari»

Uxue Rey Gorraiz

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek azaldu du COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainaren abiada «egonkortu» egin dela.

Iruñeko Rio Taberna, ostatuen barnealdea atzera irekitzea baimendu zen egunean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Nafarroak edukierak eta ordutegiak zabalduko ditu zenbait sektoretan

Uxue Rey Gorraiz

Ordubete atzeratuko da ostalaritza lokalen barnealdeen itxiera ordua; gauerdira arte izaten ahalko dira zabalik, gehienez %50eko edukiera erabilita. Kultur jardueretarako, %60n zehaztu dute muga. Neurriak ostiralean sartuko dira indarrean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna