Aljeria

Hirak mugimenduko hiru kide atxilotu dituzte, bozen atarian

Karim Tabu ekintzailea, eta Khaled Drareni eta Ihsan el-Kadi kazetariak dira atxilotutakoak. Bihar egingo dituzte Aljerian legebiltzarreko hauteskundeak.

Gobernuaren aurkako protestak, Aljerren, 2019an. STR / EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 11
11:41
Entzun

Maiatzaz geroztik gobernuak gogortu egin du Hirak mugimendu erreformistaren aukako errepresioa. Ostiraleroko manifestazioetan dozenaka lagun batzuk atxilotzetik milaka atzematera igaro dira segurtasun indarrak, eta ondorioz, protesta mugimenduak eten egin ditu ekintzak. Horrek, baina, ez du jazarpena gelditu. Atzo gauean hiru lagun atxilotu zituen Poliziak, Hirakeko kide izatea leporatuta: Karim Tabu ekintzailea, eta Khaled Drareni eta Ihsan el-Kadi kazetariak.

Taburen anaiak sare sozialetan zabaldu du ekintzailea bere etxetik gertu atxilotu zutela bart gauean, eta Drareniren senideek jakinarazi dute kazetariak  berak deitu ziela esateko Antar herrian dutela preso. Komunikabideek zabaldu dute el-Kadiren atxiloketaren berri ere.

2019an atxilotu zuten lehen aldiz Tabu, «armadaren moralaren aurkako erasoa» egitea eta «matxinada bultzatzea» egotzita, sare sozialetan manifestaziorako deia egiteagatik; baina iazko uztailean baldintzapean aske utzi zuten. Drareni, berriz, otsailean utzi zuten baldintzapean aske, baina bi urteko kartzela zigorra zuen betetzeko «batasun nazionala arriskuan» jartzeaz akusatuta.

Atxiloketak parlamenturako hauteskundeen atarian heldu dira. Bihar egingo dituzte horiek, eta oposizioko alderdietatik gehienek boikoterako deia egin dute, iruzurra direla salatuta. Abdelmajid Tebbune presidentea buru duen erregimenari bozen bidez «aurpegia garbitu» nahi izatea egozten diote. Gobernuak, baina, hautagaitza independenteak eta alderdi berriak babestu ditu, berrikuntza irudia eman nahian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.