Lana

Nafarroan, etxeko langileen %25 ez daude Gizarte Segurantzan afiliatuta

Nafarroako Berdintasun Institutuak egindako azterketak agerian utzi du «sektore feminizatu, prekario eta ikusezina» dela, eta aldi berean diferentziak daudela langileen jatorriaren arabera. Etorkinen %57k, etxeko lanez gain, zaintza lanak ere egiten dituzte

Eva Isturiz Nafarroako Berdintasunaren Institutuko zuzendaria eta Irene Lapuerta NUPeko ikerlaria, txostena aurkezteko agerraldian, gaur, Nafarroako Jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko ekainaren 11
13:28
Entzun

Uneotan, Nafarroan ia 9.000 pertsona aritzen dira etxeko lanetan, eta hamarretik bederatzi emakumeak dira. Nafarroako Berdintasunaren Institutuak kaleratu berri duen txostenak agerian utzi du «sektore feminizatu, prekario eta ikusezina» izaten jarraitzen duela, baina Eva Isturiz institutuko zuzendariaren arabera, etxeko langileak «giltzarri» dira egungo gizarte egituran, «batik bat menpekotasuneko pertsonen zaintzan aritzen direnak». Aitortza hori egin zien langile horiei Espainiako Gobernuak, martxoaren 29ko errege dekretuan funtsezko jarduera gisa izendatu zenean.

Begoña Elizalde, Victoria Bogino eta Irene Lapuerta NUPeko ikerlariek eta Magdalena Diaz Karlos III.a unibertsitateko irakasleak egin dute ikerketa. Lapuertak azaldu du «une egokia» dela sektoreko langileen egoera aztertzeko, hamar urte bete baitira Espainian euren lan baldintzak arautzen dituzten bi lege onartu zirenetik. INEren eta Gizarte Segurantzaren datuez gain, sektorean jarduten duten 190 langileren artean egindako inkesta izan da azterketaren oinarria.

Ondorioetako bat da, egun, langileen hiru laurden Gizarte Segurantzan afiliatuta daudela. Zehazki, 6.811 langile daude izena emanda Etxeko Langileen Erregimen Berezian, iazko iraileko azken datuen arabera. Ondorioz, oraindik ere %25 modu irregularrean ari dira lanean, eta «azken urteetan ezarritako legedi aldaketek, kopuru hori murriztea lortu duten arren, ez dute praktika hori desagerrarazi».

%40, etorkinak

Azterketak bereizi egin ditu langile atzerritarrak eta bertakoak, diferentziak azaldu asmoz. Izan ere, handia da sektorean jarduten duten etorkinen kopurua —%40koa, zehazki—, eta ezaugarriak aldatu egiten dira langileen jatorriaren arabera. Etorkinen artean, gehienak latinoamerikarrak dira: gazteagoak dira, prestakuntza maila handiagoa dute, eta legezko kontratazioa ohikoagoa da euren artean. Aitzitik, bertakotzat jotzen diren langileen artean, maiztasun handiagoz ematen da beltzean kobratzea —galdetutakoen %36 ez daude afiliatuta, eta etorkinen artean, %26—. Azterketaren arabera, langile horien artean, lan horren ordainsaria gizonezkoaren soldata nagusiaren «osagarritzat» jotzen da. 

Horrek «kontzepzio sasi profesionala» ematen dio jarduerari, ikerlariaren arabera, eta hori agerian geratzen da euren eskubideen inguruko informazioa izateko orduan. Alde batetik, %70ek lanaren berri «sare informalen bidez» izaten dute, eta euren eskubideen berri Internet bidez edo harreman pertsonalen bidez izan ohi du galdetutako langileen erdiak.

%26, oporraldirik gabe

Oro har, Nafarroako etxeko langileen %64k soilik dituzte oporraldiak, eta %57k kobratzen dituzte aparteko orduak. Inkesta egindakoen %42k onartu dute dagokien baino ordu gehiago lan egiten dituztela. Prekaritatea ere nagusi da sektorean. Inkesta egindakoen %22k hilean 375 euro baino gutxiago kobratzen dute; %37k, 375 eta 780 euro artean; %27k, 780 eta 1.050 euro artean; eta soilik %13k 1.050 eurotik gora. «Zenbaki hauek agerian uzten dute etxeko enpleguak, bere berezitasunen ondorioz, ez duela langileen pobrezia arriskua eragozten». Inkestak nabarmendu du langileen %63 oso kezkatuta daudela ohiko gastuei ezin dielako aurre egin.

Azterketak agerian utzi du zenbaitetan, etxeko lanekin batera, zaintzan jarduten dutela langile askok, eta hori ohikoagoa dela etorkinen artean. Euren artean, %57k bi lanak uztartzen dituzte. Bertako langileen artean, berriz, ohikoagoa da jarduera bakarra egitea, baina batzuetan haurren zaintzan ere aritzen dira. Eva Isturizek nabarmendu du espezializazio zirkuitu berezi bat dagoela bi langile kolektiboen artean, jatorriaren arabera.

Zerga kenkarien emaitza

Sektoreko itzalpeko ekonomiaren aurkako borrokan, gizarte segurantzako kotizazioen gaineko kenkariak %25etik %100era igo zituen Nafarroako Gobermuak, iaz. Isturizen arabera, amaitzear den errenta kanpainan islatuko dira neurri horren ondorioak. Dena den, 2019ko datuen arabera, 2.812 pertsonak eskatu zuten kenkari hori, eta 1,63 milioi euro biltzeari utzi zion ogasunak, etxeko langileen kontratazioa sustatzeko asmoz.

Egoera aldatzeko gomendioak egiterakoan, Isturizek gogoratu du Nafarroako Gobernuak gehiago egin dezakeela. Adibidez, etxeko langileak kontratatzen dituzten sendien artean kontzientziazio handiagoa egin behar dela azpimarratu du, eta gogorarazi zigorrak egon daitezkeela. Halaber, zaintza eta kontrola handitzearen alde agertu da Isturiz, irregulartasunak atzemateko asmoz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.