Literatura

Amaia Ezpeldoiren azken ikerketa argitara

Euri zitalari esker nobela aurkeztu du Itxaro Bordak. Amaia Ezpeldoi detektibearen seigarren ikerketa honen amaieran, pertsonaiak erretreta hartu du eta Atharratzera joan da bizitzera.

Itxaro Borda idazlea, liburu berria eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gorka Arrese.
2021eko ekainaren 11
15:02
Entzun

Bakean utzi arte eleberria 1994an plazaratu zuenez geroztik, Amaia Ezpeldoi detektibearen sei ikerketa argitaratu ditu Itxaro Bordak, denak Susa etxearekin emanak. Gaur Euri zitalari esker nobela berria aurkeztu du Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, eta adierazi du Ezpeldoiren azken nobela dela, erretreta hartuko baitu, eta orain Joana Garralda maitearekin Atharratzeko (Zuberoa) Erratzu baserrian lasai ederrean biziko baita.

Azken inkesta honetan Maddi izeneko bat topatu beharko du Ezpeldoik. «Arazo larria badugu... guk, familiak... utz nazazu esplika diezazudan», diotso enkargua egiten ari zaion emakumezkoak. «Alaba bat banuen, Maddi zuen izena eta haren berririk ez dut hondar hilabeteotan... Orain arte, lau asteetatik behin, gutun bat eskuratzen nuen, makinaz izkiriatua, ez baitakit zein lekutatik postatua! Bazauzu! Arranguratua naiz osoki. Segur naiz zerbait gertatu zaiola».

Antza denez, Maddi goiztiarra izan da bizitzako une guztietan: eskolan, mutilekin, etxetik iheska, gauez, motoz, drogak. Eta hotsa dabil, scort neska lanetan ere ari izan dela. Haren bila hasiko da, beraz, Ezpeldoi detektibea, ikerketa bat burutzeagatik sekula jaso duen diru eskaintza handienaren aurrean baitago: «bostehun euroko hogei billete arrosa». Eta Ezpeldoik bere kabutan esan du, hamar mila euro badela urtebete deus egin gabe bizitzeko adina.

Joana Garralda bikotekidearen 4x4 autoan Itoiz musika taldearen Ezekiel diskoa jarri, eta han abiatu da leku batetik bestera Ezpeldoi: Miarritze, Baiona, Landak, Labrit, Baztan, Baigorri, Donibane Garazi..., baita ere Gipuzkoako Lastur, adiskide batzuen ezkontzara.

Ezpeldoiren ibilien sei nobelak Susak argitaratu ditu: Bakean utzi arte (1994), Bizi nizano munduan (1906), Amorezko pena baño (1996), Jalgi hadi plazara (2007), Boga boga (2012) eta Euri zitalari esker (2021). Abestietatik eratorritakoak dira izenburu guztiak; hasi Hertzainak taldearekin, buka Itoiz taldearekin, eta tartean Bernart Etxepareren kontrapasa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.