Zailtasunak dituzten herrialdeei mila milioi txerto dosi ematea hitzartu dute Kornuallesen

Ekonomia berriz osatzeko eta Txinaren zabalkundeari galga jartzeko neurriak erabaki dituzte, eta datorren urtetik aurrera ikatza energia sortzeko erretzeko egitasmorik ez laguntzea adostu dute.

G7ren familia argazkia, Kornuallesen (Erresuma Batua). NEIL HALL / INTERNATIONAL POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 14a
08:55
Entzun

Joe Biden Kornuallesen egon izana (Erresuma Batua) AEBak nazioarteko agertokira itzuli izanaren ikur gisa geratuko da. Atzo amaitu zen G7ren goi bilkura. G7 zazpi herrialde garatuenek osatzen dute: Kanadak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Japoniak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek. Hainbat neurri adostu dituzte herrialdeotako ordezkariek.

Izurriaren kontrako borrokan, esaterako, txertoak ekoizteko edo sortzeko zailtasunak dituzten herrialdeei mila milioi dosi ematea hitzartu dute. Datorren urtean emango lituzkete dosiok, sobratutakoetatik, edo nazioarteko COVAX egitasmoaren bidez ordainduta. Horrez gain, adierazi dute etorkizunean gerta daitezkeen izurriei edo bestelako osasun larrialdiri aurre egiteko alerta sistema global bat bultzatuko dutela. SARS-CoV-2 birusaren DNA sekuentziatzeko ahalmena handitu nahi dute G7ko herrialdeetan, kasuen %10 aztertu ahal izateko, mutazioak atzemateko, aldaera arriskutsuagoak detektatze aldera.

Horrez gain, etorkizunean eragin handia eduki dezakeen beste neurri bat hitzartu dute: osasungintzako tratamenduak, botikak eta testak onartzeko epea 100 egunera murrizteko estrategia bat egingo dute.

Ekonomiari dagokionez, enpresen gaineko gutxieneko zerga ezartzea adostu dute, mundu osorako: %15; baita izurriaren ostean ekonomiaren hazkuntza bultzatzeko pizgarriei eustea eta Nazioarteko Diru Funtsari baliabide gehiago ematea ere, garatzeko bidean diren herrialdeei eskaintzeko poltsa 82.600 milioi euroraino handitzeko.

Txinak munduan zabaltzeko Gerriko bat, bide bat egitasmo handiari aurre egiteko azpiegiturak bultzatuko dituzte hainbat herrialdetan. Pekinek, plan horren bidez, lehengaiak ziurtatzeko asmoa du; merkatuak zabaldu eta nazioartean duen eragina sendotu nahi du 2013. urtetik, batez ere, Afrikan eta Asian.

Horrez gain, Txinari begirako bestelako neurriak onartu dituzte: herrialdeak «lehiaren kontra» hartzen dituen neurriei aurka egitea, esaterako. Horrez gain, oposizio politikoa ere egingo diote: Xinjiang eskualdeko uighur etniako herritarren giza eskubideen urraketa salatuko dute, eta «autonomia handia» eskatuko dute Hong Kongentzat.

Errusia ere, jomugan jarri dute. Herrialdeari eskatuko diote beste herrialdetan eginiko «esku-hartzeak» amaitzeko. Ukraina aipatu dute horretan. Eta ustez Errusiatik egiten diren zibererasoak amaitzeko eskatuko diote.

Klima larrialdiaren inguruan, energia sortzeko ikatza erretzeko egitasmoei laguntza publikoak ukatzea adostu dute, berotegi gasen sorburu nagusia direlakoan. Horrez gain, planetaren berotzea 1,5 graduaren mugan mantentzeko «ahaleginak azkartu» nahi dituzte, eta gutxienez lurraren eta ozeanoen %30 babestea lortu hamarkada honetan.

NATOren bilkura

Kornuallesetik Bruselara joan zen atzo Biden, gaur hastekoa den NATOren goi bilkuran parte hartzeko. Donald Trumpek AEBak nazioarteko akordio eta elkarteetatik urrundu zituen bere agintaldian, eta Biden zubiak berriz eraikitzen ari da. Bide horretan beste urrats bat da NATOren bilkura.

Bidenek Txinan eta Errusian jarriak ditu begiak, eta adierazi du goi bilkura honetan sortuko dela «estrategia kontzeptu berri bat», Errusiaren «ekintza eta politika erasokorrei aurre egiteko, eta Txinak geure segurtasun kolektiboari, aberastasunari eta balioei eginiko erronkei». Horrez gain, terrorismoa, zibererasoak eta klima larrialdia aipatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.