EUSKARA

Txibite: «Argi esan dugu ez dugula euskara meritutzat hartu nahi eremu ez-euskaldunean»

Nafarroako lehendakariak esan du PSNren eta Geroa Bairen arteko desadostasunak «euskararen dekretuko puntu bakar bati» dagozkiola

Maria Txibite lehendakaria eta Javier Remirez lehendakariordea, parlamentuan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 14a
12:12
Entzun

Argi eta garbi: «PSNk esana du ez duela euskara merezimendu gisa baloratu nahi eremu ez-euskaldunean, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Eta Geroa Baik, aldiz, horixe nahi du». Euskararen foru dekretuaren zirriborroaren gaineko arrakalaz mintzatu da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, Radio Euskadi irratian egin dioten elkarrizketa batean. Eztabaidaren garrantzia gutxietsi du lehendakariak, «desadostasun puntu bat besterik ez» dela argudiatuta: «Hizkuntza politikaren zati oso txikian jartzen ari gara arreta. Hizkuntza politika da hezkuntza, euskara hedabideetan sustatzea, Euskarabideak baliabideak izatea... Alor horietan badira adostasunak», esan du.

Nafarroako Gobernuaren egonkortasunari dagokionez, Txibitek esan du koalizioaren jardunaren balorazioa «oso positiboa» dela, eta gobernua gai izanen dela «legealdia amaitzeko»: «Horren aldeko apustua oso argia da».

Orain eztabaida fasean dagoen dekretuan murriztu eginen da euskarak eremu ez-euskaldunean duen presentzia, lan deialdi publikoetatik desagerrarazita. Arauaren zirriborroa ez da oraindik argitaratu, baina, iragan astean, gakoetako batzuk eman zituen Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, Geroa Bairen galdera parlamentario bati erantzunez. Azaldu zuenez, gobernuak «urteko bigarren seihilekoan» tramitatu nahi du euskararen foru dekretu berria, 2022. urtean indarrean egon dadin.

Eremu ez-euskalduneko oposizio lehiaketetan euskara meritutzat ez jotzea: horixe izanen da dekretu berriaren berritasunik nabarmenena, 2017an Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako arauaren ezaugarrietako bat bertan behera utzita. «Errealitate soziolinguistikoa errespetatuta» eginiko aldaketa dela nabarmendu zuen Remirez lehendakariordeak.

Ez da izanen, baina, Nafarroako euskaldunek pairatuko duten murrizketa bakarra. PSNk proposatutako zirriborroa onartzen bada, eremu mistoko lan deialdietatik ere kenduko dute euskara meritutzat hartzeko beharra, eta «jendaurreko lanpostuetarako» bakarrik aintzatetsiko dute. Osasunbideko deialdietan ere kasuan-kasuan izanen da meritu: osasun langileen kasuan, bai, baina zeladore, laguntzaile, administrari eta bestelako postuetarako, ez. Euskara da salbuespenezko trataera hori duen hizkuntza bakarra, gaur egun ingelesa, frantsesa eta alemana meritu baitira Nafarroa osoko lan deialdietan, eremua edo postuen ezaugarriak edozein direlarik ere.

PSNko kargudun nagusiek argudio bati heldu diote azken asteetan: desadostasunak «bakanak» eta «azalekoak» direla, alderdien arteko tirabira hutsak, baina gobernu barruan «guztien adostasuna» dagoela. Geroa Baik gezurtatu egin du hori: «Gezurra da. Geroa Baik ez du zirriborro horrekin bat egiten; publikoki adierazi dugu. Gobernu barruan ditugun kontseilariek ere ez. Eta PSNk nahi duena egiten badu, guk ere ulertuko dugu maniobrarako tartea dugula, horren aurka egiteko, egokien deritzogun eran».

Ez dute, hala ere, koalizio gobernua erortzen uzteko asmorik: «Desadostasunak handiak dira zenbait puntutan; euskararen auzian, errokoak, baina gobernu itunari eutsiko diogu, PSNri eskuak libre uztea okerragoa izan daitekeelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.