Albistea entzun

Katalunia

Eztabaida piztu dute Esport3ko esatari batek Israelen aurka zuzenean egindako iruzkinek

TV3ren kirol katea igeriketa sinkronizatuko Olinpiar Jokoetarako sailkatze fasea ematen ari zen. Besteak beste, esatariak salatu du Israelek nazioartean duen irudia garbitzeko erabiltzen dituela kirola eta kultura.

Bi igerilari estatubatuar, asteburuan Sant Jordiko igerilekuetan (Bartzelona) jokatu den txapelketan.
Bi igerilari estatubatuar, asteburuan Sant Jordiko igerilekuetan (Bartzelona) jokatu den txapelketan. Marta Perez / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2021eko ekainak 15

«Israelek nazioarteko kultur eta kirol ekitaldietan duen presentzia estrategia bat da Palestinako herriaren aurka egiten ari diren genozidioa zuritzeko. Besteak beste, nabarmena da hori Bartzelonan egiten ari diren Olinpiar Jokoetarako sailkatze fase honetan, edo Eurovision jaialdian; bitarte horretan, ez da entzuten gerrari buruzko ezer, eta garrantzitsua da ikusleak horretaz jabetzea. Ez da egoera hori normalizatu behar». Esport3 TV3en kirol kateko esatari baten hitzak dira, asteburuan Bartzelonan egin den igeriketa sinkronizatuko sailkatze fasearen emisioan esandakoak.

Eztabaida eragin dute hitzok, Israelen aldekoen eta aurkakoen artean. Besteak beste, Kataluniako Israelen Lagunen Erakundeak erantzukizuna hartzeko eskatu dio telebista kateari, eta esataria zigortzeko: «Antisemitismoaren erakusgarri bat da». Hainbat txiotan esan dutenez, gezurra da Israel Palestinaren aurkako genozidio bat egiten ari dela, eta herrialde horren aurka halako iruzkinak egitea «judu guztiak zaku berean sartzea» da.

Erabiltzaile gehiagok ere hartu dute esatariaren aurkako jarrera. Salatu dute kirol emanaldi bat ez dela leku egokia nork bere iritzi politikoak plazaratzeko, eta halako salaketak Israelek bakarrik pairatu izana gaitzetsi dute: «Zergatik ez du ezer esan Irani, Turkiari edo Txinari buruz?», galdetu dute batzuek.

Beste batzuek TV3ren aurka jo dute, eta egotzi diote hedabide objektibo bat ez izatea. Kataluniako telebista kate publikoa aspaldidanik dago eztabaidaren erdian; izan ere, Espainiako hainbat alderdik haren aurkako kanpaina indartsuak egin dituzte azken urteetan, haien arabera kateak Kataluniaren independentziaren aldeko iritziak sustatzen dituelako.

Bestelako erabiltzaileen artean, zeresana eman du Pilar Rahola kazetari eta ERCko politikari ohiaren txioak: «Oso larria da!», idatzi du. Tel Aviveko Unibertsitateko ohorezko kidea da 2006tik.

Sareetan, ordea, gehiengoa izan dira esatariaren hitzak txalotu dituztenak. «Oso handia», «horrelako kazetari gehiago behar ditugu» edo «gezurren bat esan al du?», izan dira gehien errepikatu diren erantzunetako batzuk.

Bestalde, hainbatek azpimarratu dute Israelen politikak eta ekintzak salatzea ez dela antisemitismoa, eta esatariaren aurka egin dutenei genozidioa defendatzeari uzteko eskatu diete.

Olinpiar Jokoetarako sailkatze fasea da Sant Jordiko igerilekuetan jokatu zen, Bartzelonan, joan den ostiraletik igandera, eta hiru txartel banatu ziren Tokioko Jokoetarako: Espainiak, Italiak eta Greziak lortu dute Japonian izateko eskubidea. Israelek, beraz, Tokion ez du parte hartuko igeriketa sinkronizatuan.

Usabiagaren aurrekaria

Aurten bertan, Euskal Herrian ere izan da Israelek giza eskubideen aurka egin dituen urraketak salatu dituen kazetaririk. Italiako Giroaren emisioan, Alessandro De Marchi txirrindulariaren hitz batzuk aitzakitzat hartuta, honela esan zuen Xabier Usabiaga esatariak: «Albistegietan ere albiste da Israel zer ari den egiten palestinarrekin, besteak beste, Gazan».

Israel Start-Up Nation taldeko txirrindularia da De Marchi, eta behin baino gehiagotan hitz egin izan du giza eskubideen urraketen aurka. Usabiagak, ordea, zalantzan jarri zuen gai horretaz hitz egiteko talde egokienean ote dagoen. Nagusiki, arrazakeriaren aurkako eta eskubide zibilen aldeko aldarriak egin izan ditu txirrindulari italiarrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gasteizko Txosna Batzordeak gaur eginiko agerraldia. ©Raul Bogajo / FOKU

Gasteizko txosnek dei egin dute abuztuaren 5ean kaleak hartzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Kolektiboek jakinarazi dute lehentasuna «krisi egoerari modu kolektiboan» aurre egitea dela, guztien «osasuna eta zaintza ezinbestekoak» direlako. Halere, argi dute Gasteizko Txosnak «behar bat» direla; beraz, egun osoko egitaraua antolatu dute abuztuaren 5erako.

 ©JON URBE / FOKU

«Musikak lanbidea eta herriaren nortasuna ematen die moxostarrei»

Ane Markina Auzmendi

Toño Puerta Taupadak GKEko kide eta San Ignacio de Moxoseko Musika Eskolako zuzendari artistikoa da, eta eskola hartakoen zazpigarren diskoa aurkeztu du: 'Majara´iwa-Resplandor'.
Lau herritar Aizkolegi ibilbidean, Bertizen (Nafarroa). ©IÑIGO URIZ / FOKU

Natura ukitzeko bidea

Olaia L. Garaialde

Zortzi ibilaldi egin daitezke Bertizko oihanean. Horrez gain, Lorategi Historikoa egunero bisitatu daiteke; ehun urte baino gehiago ditu

Gorobel mendilerroan hasi, eta Hiru Erregeen Mahaian amaituko da Urmuga. Hemeretzi egunez, 380 kilometroko mendi zeharkaldia egingo dute. ©URMUGA

Urmuga 2021 artikulu bilduma

Berria

Egitasmoak mendia eta musika uztartuko ditu bigarrenez. Uztailaren 13tik 31ra arte, ibilbideak Euskal Herri osoa zeharkatuko du, 19 etapatan. BERRIAk egunero argitaratuko ditu Urmugarekin lotutako iritzi artikuluak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna