Albistea entzun

Udan 400 kultur jarduera eskainiko dituzte Iruñean, sanferminen ordez

Musika eskaintza zabala antolatu dute; parte hartzaileen artean izango dira Izaro, Skabidean, Skakeitan, Zea Mays eta Anne Lukin, besteak beste.

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria, artxiboko irudi batean. Uztailaren 10ean joko dute Iruñean.
Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria, artxiboko irudi batean. Uztailaren 10ean joko dute Iruñean. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko ekainak 15

Iruñeko Udalak aurkeztu du sanferminen hutsunea betetzeko helburua izango duen udako programazioa, Biba Iruña bizirik! izenburupean. 400 jarduera baino gehiago egingo dituzte, eta horien artean egongo dira musika, antzerkia, zirkua eta dantza.

Ziudadela izango da epizentro nagusia. Han 800 ikus-entzulerentzako tokia izango duen oholtza bat jarriko dute, eta hara igoko dira estilo askotako musikari eta taldeak. Euskal Herrikoen artean egongo dira Izaro, Skabidean, Skakeitan, Zea Mays, Anne Lukin, Amaia Romero eta Kutxi Romero, besteak beste; kanpokoen artean, berriz, Mala Rodriguez, El Kanka, Nil Moliner, Califato 3/4 edo La M.O.D.A. Ikuskizun horietarako sarrerak www.pamplonaescultura.es webgunean egongo dira salgai, bihartik aurrera.

Musikaz gain, Ziudadelako eremuak beste hainbat jarduera hartuko ditu. Erraldoi eta buruhandien konpartsak hiru emanaldi egingo ditu, uztailaren 4an eta 28an, eta irailaren 4an. Doan izango dira, toki guztiak bete arte. Bigarren urtez jarraian, konpartsak ezin izango ditu hiriko kaleak zeharkatu uztailaren 6tik 14ra bitartean, baina erraldoi eta buruhandiak bisitatzeko aukera egongo da, Ziudadelako Armen Aretoan.

Astelehenetan, uztailaren 12tik irailaren 20ra bitarte, Nafarroako eta munduko beste hainbat tokitako arte adierazpideek beteko dute Ziudadela, Folklore Hutsa izeneko zikloan.

Ostegunetan, uztailaren 8tik 29ra, jazz errezital egingo dituzte, eta parte hartzaileen artean egongo dira The New Jazz Proyect, The Cubintage, Terela Gradin Sings Caymmi eta Pamplona Jazz Big Band, besteak beste.

Igandeetan, uztailaren 2tik irailaren 5era, Nafarroako banden kontzertuak egingo dituzte. Nafarroako Musika Banden Federazioaren bandak zabalduko du zikloa, kontzertu berezi batekin: 55 bandatako 65 musikarik parte hartuko dute, eta bertaratzen direnak gonbidatuko dituzte «zinemako soinu banden sekretuen bitartez ikus-entzunezko bidaia bat egitera». Horrez gain, Azagra, Agoitz, Zizur Nagusia, Sartaguda, Aiegi, Azkoien, Garinoain, Lerin eta Fiteroko bandek joko dute.

Abuztuan sartuta, Harresietako Jaialdia zabalduko dute. Hilaren 2tik 19ra egingo dute, astelehenetik ostiralera, murruek inguratutako tokietan. Suakaik zabalduko du jaialdia, iaz bezala. Nabarmentzekoa da ikuskizun batek Remigia Etxarren funanbulista iruindarra omenduko duela, Argako erregina. Irailean, berriz, Munduko Melodiak musika programa eskainiko dute.

Horrez guztiaz gain, harresien barruko eremuko erakusketa areto guztietan sanferminen inguruko erakusketa bat jarriko dute. Irailaren 2an aurkeztuko dute.

Hirian barrena

Ziudadelako eskaintzaz gain, Biba Iruña bizirik! egitasmoa hirian barrena ere zabalduko dute. Hiriko zenbait ostalaritza establezimendurekin elkarlanean, kontzertuak antolatu dituzte, gune irekietan: O-ko Andre Mariaren, Burgoen eta San Jose plazetan, Jito Alai pilotalekuan eta Takoneran. Askotariko talde eta musikariak egongo dira, hala nola Lemon y Tal, Guarimba, The Titanians edota The Lizards. Ziklo hori gaur bertan abiatuko da, Simona argentinarraren emanaldiarekin, 20:00etan, Burgoen plazan.

Gainera, Ezpeletako jauregian hogei jarduera inguru eskainiko dituzte. Abuztuan, asteko egun bakoitzean ziklo jakin bat izango da han; astelehenetan, Bertsionatzen; astearteetan, Kaleko Arteak; asteazkenetan, Musika familian; ostegunetan, familientzako joko eta tailerrak, eta ostiraletan, berriz, Zinema Gauak.

Udako ohiko beste programa bat Iruñea Ilunabarrean da, antzerkia, musika eta dantza teknologiarekin uztartzen dituena, ilunabarrean egiten dituzten saioetan. Uztailean eta abuztuan egingo dute, ostiraletan. Jito Alai pilotalekuan, halaber, Dantza Zoroan zikloa egingo dute, kale dantza eta dantza esperimentalari eskainitakoa. Azkenik, hiriko hainbat tokitako civivoxetan musika emanaldiak egingo dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kepa Junkera musikaria, gaur goizean, 'Erromeriak' disko berria aurkezten. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

‘Erromeriak’ izeneko diskoa kaleratu du Kepa Junkerak

Olatz Enzunza Mallona

Emakume panderojoleak omendu ditu lan berrian. 2018an iktusa izan zuenetik, diskorik kaleratu gabe egon da musikaria.

Belako taldearen kontzertu bat Donostian, iazko urrian. ©Idoia Zabata, FOKU

La Femme, Anari, Belako eta beste, Donostiako Boga Boga musika jaialdiaren lehenbiziko aldian

Uxue Rey Gorraiz

Irailaren 8tik 10era bitarte eginen dute festibala, hiriko zenbait tokitan. «Musika independentearen alde egiteko jaialdia» izanen da, antolatzaileen esanetan. 25 kontzertu iragarri dituzte oraingoz.

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta

Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...