Gure Artea sariak

Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre dira 2021eko Gure Artea irabazleak

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Urzai; sorkuntza lana aitortu diote Pani, eta artearen dibulgazioan eginiko lana hartu diote aintzat Agirreri

Peio Agirre, Damaris Pan eta Dario Urzay aurtengo saridunak, goizean egindako aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko ekainaren 24a
12:36
Entzun

Donostiako San Telmo museoan, neurri andanek mugatutako ekitaldi batean: hala iragarri zituzten iaz Gure Artea sariko irabazleak. Neurriak indarrean dirautela, baina «lasaiago» ezagutarazi dituzte aurtengoak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak nabarmendu duenez. Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre saritu dituzte 2021eko Gure Artean, atzo goizean jakinarazi zutenez, Bilboko Arte Ederren Museoan antolatutako ekitaldian. Ibilbide artistikoa aitortu diote Urzairi; sorkuntza lana Pani, eta artea helaraztea Agirreri.

Alicia Fernandez, Ion Munduate, Mikel Onandia, Jone Alaitz Uriarte eta Pello Irazu epaimahaikideek hartu dute erabakia. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta udazkenean izango da saria emateko ekitaldia. Irazuk Gure Artea saria irabazi zuen iaz, eta mahaiko burua izan da aurten; halaber, hark azaldu ditu hautuaren arrazoiak.

Artean 40 bat urteko bidea du egina Urzaik, eta, Irazuren iritziz, «euskal arteko belaunaldi berrietan artista bakan eta aitortuenetako bat bihurtzera» heldu da. Sortzaile bilbotarra «erreferentzia» bat dela azpimarratu du epaimahaiburuak, hala nola Jose Ramon Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea eta Iñaki Grazenea artistentzat, denak «itzal handiko margolariak», nabarmendu duenez. Urzaik 1980ko hamarkadaren hasieran burutu zituen ikasketak Arte Ederren fakultatean, eta, hurrengo urteetan, «Euskal Eskultura Berria delakoaren gogoetekin eta lanarekin batera, pinturaren inguruko eztabaida postmodernoan parte hartu zuen, ikusleari diziplinaren beraren izaerari buruz galdetzen dion figurazio molde batean oinarrituta», Irazuren hitzetan.

Postmodernitateak bere lanean izandako eragina azpimarratu du Urzaik berak ere: «Beti izan naiz nahiko postmodernoa, jakin gabe. Kodeak erabili nahi nituen, ez estiloak. Estilo errealista ez zetorren bat nirekin». New Yorken, Parisen, Madrilen, Bartzelonan, Oslon eta Helsinkin egin ditu banakako erakusketak, besteak beste, baina bere karrerako lehenbiziko lana gogoratu du artistak, lehenik eta behin: hain justu, Arte Ederren Museoan erakutsitako obra bat, pilota bat agertzen zuena. «Ezin zen jakin euskal pilotakoa zen, edo poliziak jaurtitako gomazko pilota bat. Inguruan zituen tantak ere izan zitezkeen izerdia, edo malkoak».

Damaris Pan, berriz, «euskal pinturan azken urteotan bizi den berpizkundearen ordezkari nagusietako bat da», Irazuren arabera. «Literaltasunaren bilaketa eta edozein sinbolismoren gehiegikeriatik ihes egitea dira haren artelanen sinpletasunaren eta irmotasunaren giltzarriak, irudikatzen dena ez baitzaie lotzen kanpoko esanahiei. Artea eta, bereziki, pintura ulertzeko modu poetiko bat erakusten du», zehaztu du epaimahaiburuak.

Panek adierazi du gehienetan «aitortzarik gabe» egiten dutela lan artistek, eta, hortaz, Gure Artea irabaztea «bultzada bat» dela. «Saria interpretatzen dut teknikaren bilaketan jarraitzeko hauspoa bezala, koartada kontzeptualen gainetik galdetzen jarraitzeko zer den artista bat, pertsona bat... Segitzeko gatazka edukitzen izatearekin, formarekin, garaikidea izateko beharrarekin eta desirarekin». Irakaskuntza eta sorkuntza artistikoa uztartzen ditu Panek, irakaslea baita EHUko Arte Ederren fakultatean. Fazeta hori ere nabarmendu du Irazuk: «Unibertsitatean rol garrantzitsua betetzen du pinturaren diziplinako sortzaileen belaunaldi berriekin». Azken urteetako bere hainbat banakako erakusketa ere aipatu ditu: esaterako, 2017ko Ze morena zauden, Bilboko Rekalde aretoak hartutakoa.

Erakustearen garrantzia

Arte sorkuntzan ez ezik, hedapenean egindako esfortzua ere aitortzen dute Gure Artea sariek. Aurten, Peio Agirreri egin diote aipamen hori. Idazlea, arte kritikaria, editorea eta komisarioa da, eta bere testuak artista entzutetsu andana baten katalogo eta monografietan argitaratu dira; adibidez, Philippe Parreno, Txomin Badiola eta Dora Garciaren lanetan.

Euskal artea «promozionatzeko» egiten duen lana xehatu du irabazleak: «Euskal artea nazioartekotzen saiatzen naiz. Bi modutara egiten dut: kanpoko artistak eta komisarioak hona ekartzen ditut, edo kanpoan saiatzen naiz euskal artisten inguruan idazten eta haien lana erakusten». Nabarmendu duenez, «ez da ohikoa izaten komisarioei sariak ematea».

Irazuren hitzetan, Agirrek «ekarpen ederra egin du eragileen arteko bitartekari eta testuinguru sortzaile lanetan». Izan ere, «euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen» lagundu du Agirrek, epaimahaiburuak adierazi duenez. «Aukera eman die bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta harreman berriak izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.