LGTBI Eguna

LGTBI+ behatokia sortu dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban

Gorroto delituak saihestu, berdintasuna lortu eta lege proposamen bat aurkeztu nahi dute Eusko Legebiltzarrean

Montes eta Oribe Bilbon, LGTBI+ Behatokiaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko ekainaren 28a
18:30
Entzun

LGTBI+ kolektiboaren behatokia sortu dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Kolektiboko bederatzi elkarte dira ikerketa taldearen parte: Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen. Gorroto delituak deuseztatu eta berdintasuna lortzeko helburua du behatoki berriak. Horretarako, lege proposamen edo zirriborro bat idatzi nahi dute. Gaur aurkeztu dute Sarai Montes LGTBI+ behatokiko presidenteak eta Mikel Oribe presidenteordeak, Bilbon.

Behatokiak EAEko Gorroto Gertakarien Txostenaren datu bat azpimarratu du: LGTB+ kolektiboari lotutako gorroto delituak hirukoiztu egin dira 2020 urtean. Horren adibide gisa azpimarratu dituzte azken asteetan izan diren eraso homofoboak. Eraso horiek gaitzesteko eta salatzeko ez ezik, behatokiak prebentzio gisa balio dezakeela uste dute:: «Erasotzaileei, haien motibazioei, eraginei eta LGTBIfobia eta diskriminazioa jatorritik erauzteko inguruneei erreparatuko diegu. Detekzio, prebentzio eta konponketa mekanismo eraginkorrak sortu ahal izateko», zehaztu du Montesek.

Montesen eta Oriberen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan lege hutsune bat dago, ez baitago kolektiboaren eskubideak babesteko lege integralik: «Euskal legerik ez izateak gure oinarrizko eskubideak bermatzen dituzten estatu-legeen menpe jartzen gaitu, eta zaurgarri egiten gaitu hainbat eremu garrantzitsutan», adierazi du Oribek. Menpekotasun horren adibide diren hainbat sektore aipatu dituzte: «Osasunean, hezkuntzan, lanean, gizarte-zerbitzuetan, kulturan, kirolean, lankidetzan eta babesean». Kolektiboko kideen eskubideak bermatzera bidean Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba «aitzindariak» izan zirela gogoratu dute: «Lehenengoak izan ginen ekainaren 28ko 14/2012 Legea onartzen, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa». Orain, ordea, lurraldeak «ilarako bagoia» bilakatu direla uste dute.

Egoera horri «buelta» eman nahi dio Behatokiak. Horretarako, «eskubideak, tratu berdintasuna eta diskriminazio eza» bermatuko dituen lege testu bat idazteko lanean dabiltza. Hainbat erakunde eta elkarterekin batera ari dira idatzia osatzen, hala nola, EHUko Zuzenbide Fakultateko Klinika Juridikoarekin, sindikatuekin, alderdi politikoekin, zein kultura, kirola eta lankidetza arloan adituak diren kideekin. Testua erabakigarria izan dadin «adostasunez» osatu nahi dute. «Premiazkoa da lege proposamen honekiko eztabaida publikoa eta irekia egotea, legea Eusko Legebiltzarrean onartua izan dadin», argitu du Montesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.