Albistea entzun

Ogasuna

Hego Euskal Herrian, 310 zergadun handik 990 milioi euroko zorra dute ogasunekin

Porrot egindako eraikuntzako enpresak daude lehen postuetan, Lagilur eta Iurbenor buru direla. Erregaien prezioen jaitsierarengatik, hidrokarburo enpresak batu dira zerrendetara

Iurbenorrek 52 milioi euroko zorra du Bizkaiko Ogasunarekin. Haren burua zen Jabyer Fernandez, argazkian 2008. urtean
Iurbenorrek 52 milioi euroko zorra du Bizkaiko Ogasunarekin. Haren burua zen Jabyer Fernandez, argazkian 2008. urtean Miguel Toña / efe Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa - Iker Aranburu -

2021eko ekainak 30

Aldaketa handirik ez zordun handien zerrendaren osaketan eta neurrian. Hego Euskal Herriko ogasunek 25 lagun gehiago seinalatu dituzte haiekin zituzten zorrak ez kitatzeagatik, baina ia zazpi milioi euro gutxitu da haien zorra. Milioi batetik gorako zorra zutenak 310 ziren 2020ko abenduaren 31n, eta horien guztien artean 990 milioi euro zor zituzten. Porrot egindako enpresak dira zordun handienetako gehienak, eta haien artean eraikuntzakoak nabarmentzen dira. Laburbilduz, 2008tik aurrera etxegintzaren burbuila lehertu izanaren ondorioak ordaintzen ari dira oraindik ogasun publikoak.

Araban, 38 zergadunek 132 milioi euro zor dituzte. Haietatik laurden bat baino gehiago talde bakar bati dagokio, Ros Casares Valentziako altzairugileari. Harenak dira zordun nagusia —Goya Sesenta y Nueve (18,1 milioi euro)— eta beste hiru enpresa. Araban hiru lantegi eta 200 langile izatera iritsi zen Ros Casares, baina 2014an porrot egin zuen. Haren zorra, gainera, handitzen ari da urtetik urtera, zorrak kitatzeko atzerapenen ondorioz: 2015ean, zordun handien zerrenda lehen aldiz argitaratu zuenean, 31,5 milioi zor zizkion Arabako Ogasunari, eta aurten jada 35,9 milioi zor ditu. Diru hori berreskuratzeko aukerak txikiak dira, aspaldi likidatu zirelako taldearen ondasun preziatuenak, fabrikak.

Haren atzetik zordun handien zerrendan ohikoak diren bi enpresa daude: Eguren Vitoria aparailu elektronikoen banatzailea (11,6 milioi) eta Urco-Urbasa eraikuntza enpresa (11,3 milioi). Dagoeneko desagertu dira enpresa horiek, eta gauza bera gertatu zaio Itcarcris eraikuntza arloko enpresari ere; iaz sartu zen zerrendan, eta hor dago oraindik ere, zor handiagoarekin gainera (8,1 milioi). Haien atzetik dago lehen pertsona fisikoa: Macario González Sánchez ardo sektoreko enpresaburua; 4,8 milioitik 5,3 milioira igo du zorra.
Bizkaian 159 zordun handi hartzen ditu 2020ko zerrendak, eta zergadun horiek 454,35 milioi euroko zorra biltzen dute. Iaz baino zergadun gutxiago dira, baina zorra handitu egin da.

Jabyer Fernandezen zorrak

Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburuaren Iurbenor da, beste behin ere, zerrenda horren buru, 52,3 milioi euroren zorrarekin. Sektore horretako Moldis Echarrok betetzen du zordun handien podiumaren bigarren lekua (20,4 milioi), eta beste hiru eraikuntza enpresa daude hamar milioitik gora zor dituztenen artean: Abaroa, Baensa eta Erosten. Baina, ohiko izenen artean, bada berritasun bat: pandemiak eragindako erregaien kontsumo jaitsiera handiaren ondorioz, hidrokarburoen sektoreko enpresa batzuk batu dira zerrendara: besteak beste, GM Fuel taldea, 21,6 milioi euroren zergarekin, eta Jadash Petroleum, 8,6 milioirekin.

Eraikuntzaren porrotek zamatzen dute Gipuzkoako Ogasuna ere. Han dago zordun handienetan handiena, Lagilur, 80,2 milioi euroren zorrarekin. 2015. urtean likidatutako enpresa bat da, eta aurretik Yeregui Desarrollo SL izena zuen. Gipuzkoa Donostia Kutxak Yeregui taldearekin Espainia hegoaldean bultzatutako proiektu turistiko bati lotutako zorra da. 5.000 etxebizitza turistiko eta golf zelaiak egiteko asmoa zuten, eta lurra ere erosi zuten, baina ez zuten baimenik lortu lur horretan eraikitzeko, eta operazioak huts egin zuen.
Jarraian datoz higiezinen sektoreko Osinalde Etxaniz anaiak: Jose Ramonek ia 31,6 milioi euro zor ditu, eta Juan Miguelek ia 31,5 milioi euro. Haien zorra txikitzen ari da; duela bi urte ia 50 milioi eskatzen zizkien bakoitzari Gipuzkoako Ogasunak.

Industria ere bai

Industria ezagun batzuk zerrendaren goialdean daude, baina bilakaera desberdinekin. 2015eko lehen zerrendan 11,6 milioi euro zor zituen Ramon Vizcainok (Tecfrindus barne), eta ez du euro bakar bat ere kitatu. Fagor Etxetresnak-ek, berriz, 15,9 milioitik 8,1 milioira jaitsi du. Haren adar Edesak, berriz, 5,4 milioi zor dizkio Bizkaiko Ogasunari.

Nafarroak asteartean eman zituen bere datuak: 319,9 milioi zor dituzte zerrendako 673 enpresek eta norbanakoek. Zerrenda horretan 120.000 eurotik gorako zorra dutenak agertzen dira; milioi bat eurotik gorakoak soilik zenbatuz gero, 68 izango lirateke.
Zor horren %39 higiezinen sektoretik dator, eta horretakoa da zordun handiena: Construcciones Juan Bautista Flores enpresa (6,3 milioi). Zordun berrien artean, Miasa historikoa (1,2): konkurtsoan dago Iruñeko autogintzako enpresa.

Hemen ikus daiteke zerrenda guztia:

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Parisko kaleak zaborrez beteta, biltzaileak greban baitaude pentsioen erreformaren aurka. ©CHRISTOPHE PETIT TESON / EFE

Findegietako langileen greba dela eta, erregai falta hedatzen ari da Frantzian

Iker Aranburu

Parisko gobernuak Polizia bidali du Bretainiako eta Proventzako gasolio eta ezantza biltegiak desblokeatzera. Erretretaren erreformaren aurkako bederatzigarren protesta eguna izango da bihar

Uvescok aurre egin dio inflazioak kontsumo ohituretan izandako eraginari

Iñaut Matauko Rada

Iaz 986 milioi euro fakturatu zituen, %5,3 gehiago. Esan dute prezioen apaltzeek onargarriak izan behar dutela balio katearen atal guztientzat
Von der Leyen eta Scholz hilaren hasieran elkartu ziren Berlinen negoziatzeko. ©HANNIBAL HANSCHKE/EFE

Erregai sintetikoak darabiltzaten autoen salmenta baimenduko du Bruselak 2035etik aurrera ere

Aitor Biain

Alemaniaren eskaera onartzeko prest dago Europako Batzordea, trukean konbustio autoen debekuaren legea desblokeatzen badu.

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE

Erretreten erreforma onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ostean

Iker Aranburu

Erreforma geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...