Krisiari lotutako porroten bilduma dira zordun handien zerrendak

Milioi bat eurotik gorako zorra dute 237 zergapekok EAEko ogasunekin. Pertsona fisikoak %5 baino ez dira, eta gainerakoak enpresak dira. 665 milioi euroko zorra pilatu dute guztien artean

Ivan Santamaria.
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren geografiatik ibilbide bat eskaintzen dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek zordun handiekin egindako zerrendek. Adreiluari lotutako abentura burugabeak, eraikuntzaren eta higiezinen burbuilaren biktimak eta azken hatsa emana duten industria historikoak tartekatzen dira milioi batetik gorako zorrak pilatu dituzten zergapekoen artean. Bidean geratu ziren horietatik asko.

Hasteko, datuak. 237 zordun handi identifikatu dituzte foru aldundiek euren webguneetan. «Gaitzespen sozial handia duten portaerak» jakinarazteko helburua du argitalpenak. Datuen babeserako araudiei jarraituz, hiru hilabetez izango dira publiko euren izenak eta IFZ zenbakiak. Gero, ezabatu egingo dituzte. Bizkaian 149 daude; Gipuzkoan, 62, eta Araban, 26. Zerrendan ez daude zorra etenda, atzeratuta edo zatikatuta duten zergapekoak.

Zordun guztietatik soilik %5 —hamahiru lagun— dira pertsona fisikoak. Kasu batzuetan, higiezinekin edo eraikuntza proiektuekin zerikusia izan duten pertsonak dira. Ogasunek behin baino gehiagotan atzeratu izan dute datuen argitalpena, eta horrek aukera eman die euren izena jakinaraztea eragotzi nahi izan duten zordunei. Enpresak ez direnen artetik, zordun handiena Macario Gonzalez Sanchez da, eta 4,2 milioi zor dizkio Arabako Foru Aldundiari.

665 milioi euroko zorra

Zordun guztien fakturak batuta, 665 milioi euro inguru dira. Ogasunak ezarri dizkien zorrak edo isunak borondatezko epean ordaindu ez dituzten pertsonak eta enpresak dira. Bizkaian pilatutako zorra 435 milioi eurokoa da, Gipuzkoan 152 milioi dira, eta Araban, 76 milioi.

Kopuru ekonomiko esanguratsuak dira, edonola ere. Arabako zorpetzearekin 4,5 aldiz ordain liteke Gasteizko tranbiak hiriko hegoaldera izango duen luzapena. Bilbon hiru San Mames Barri eraikiko lirateke diru horrekin, eta Donostian beste hainbeste Tabakalera eraikin. Haatik, kalkulu teorikoak baino ez dira, zor horretatik asko berreskuratzea oso zaila izango delako, eta, kasu batzuetan, ezinezkoa.

Zerrendan asko dira konkurtsoaren likidazioan dauden enpresak, eta batzuk jadanik likidatu eta desagertu dira. Horien zor osoa nekez kobratuko dute ogasunek. Krisiaren testuinguruan hartu beharreko erabakien gordintasuna ere islatzen du. Enpresa batzuei luzapena onartu zaie jarduerari eusteko itxaropenarekin, ondoren itxiera baten kalteak kontu publikoetan eragin izan badu ere.

Zordun handiena Iurbenor da. Barakaldoko Lutxana auzoan 2.000 etxebizitza, aisialdi gunea eta enpresentzako lekua egiteko proiektua zen, baina ez zen sekula egin. Sustatzaileari, Jabyer Fernandez enpresaburuari, hiru urteko kartzela zigorra jarri zion Bizkaiko Auzitegiak, zigortzeko moduko kaudimengabezia leporatuta.

Ez da berankorren zerrendan dagoen Fernandezen proiektu bakarra. Afer (2,7 milioi), Residere (lau milioi) eta Fonorte (hiru milioi) enpresek ere badituzte zorrak ogasunarekin.

Talde gisa pilatutako zor guztia aintzat hartuta, bigarrena litzateke Ros Casares konpainia. Enpresa eta filial ezberdinak baturik, 31,5 milioi euro ordaindu gabe utzi dizkio oraingoz Arabari. Altzairu produktuak ekoitzi ditu Gasteizen, baina sektoreko krisiak konkurtsora eraman zuen Valentziako konpainia.

Ziur asko, krisiaren porrot sonatuena izan zen Fagor kooperatibaren etxetresna atalarena. Enpresaren parte batzuk aurrera atera dira, baina 15 milioiko zorra utzi zuen likidazioak bidean. Kooperatibaren beste atal batek—Basauriko Edesak— beste ia hamar milioi euro utzi zizkion zorretan Bizkaiari.

Asko dira zor handiak utzita erori diren bigarren sektoreko enpresak. Gipuzkoan Ramon Vizcainok eta Tecfrindus filialak 11,9 milioiko zorra pilatu zuten. Hil eta ondoren bigarren aukera izan dutenak ere badira: TS Fundiciones (2,1 milio) eta Azcue y Cia (3,7 milioi).

Paper fabriken arrastoa

Papergintzaren gainbeheraren isla ere badira zerrendak. Orain dela hamar urte itxitako Papelera del Araxes lantegiak (5,9 milioi) du zulorik handiena, eta Paperalia (2,1 milioi), Galgo (1,4) eta Foresur Celulosas (1,2 milioi) ere ageri dira.

Bizkaian ere industriako zordunek pisua dute. Magefesa markaren ekoizle ohiak, Indosak, 17 milioiko zorra utzi zuen. Mecanica de la Peñaren proiektuek beste 14 milioi zor dituzte. Gernikako Malta mahai tresneriako enpresak ia 16 utzi zituen ordaindu gabe. Zerrendan daude Virtisu, Troquenor eta Babcock Power. Araban, Ceplastik, Novacero, eta Alur Mecanizados agertzen dira.

Zordun handietan leku asko du eraikuntzak. Bizkaiko Baensa (11 milioi) eta Moldis Echarro (20,7 milioi) horren erakusle dira. Construcciones Gedi (6,3 milioi), Elizatxo (5,3) eta Elizalde Finkak (3,95 milioi) daude Gipuzkoan. Araban, berriz, zor handia duteLendiz 1100ek (4,5 milioi) eta Antonio Santanderrek (4,1 milioi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.