Kanada

Gutxienez sei eliza erre dituzte Kanadan, barnetegietan hildako indigenengatik

Haur indigenen mila gorpu baino gehiago aurkitu dituzte azken egunotan Kanadan, eta herritarrak kalera atera dira hori salatzeko. Elizabeth II.aren eta Victoria erreginaren estatuak ere bota dituzte.

Kanadako Kamloops barnetegia. NATIONAL CENTRE FOR TRUTH AND RECONCILIATION, EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 2a
18:15
Entzun

Erregistratu gabeko mila gorpu baino gehiago aurkitu dituzte Kanadan azken asteetan, barnetegi izandakoetan. Berriak herrialdea mugiarazi du, eta, protesta moduan, kalera atera dira herritarrak. Manifestazioak egiteaz gain, gutxienez sei eliza katoliko erre dituzte, ikastetxe horiek erakunde erlijiosoen eskumenekoak zirelako. Jason Kenney Albertako lehen ministroak Twitterren adierazi zuen herritarren ekintzak gaitzesten zituela: «Komunitate katolikoari zuzendutako gorroto krimen bortitz bat dirudiena gaitzesten dut. (...) Saint-Jean-Baptiste eliza Morinvilleren bihotza zen, eta Alberta komunitate frankofonoaren historia eta bizitza espiritualaren funtsezko zati bat».

Elizak erretzeaz gain, uztailaren 1ean, Kanadaren Egunean, pintaketa gorriak eta laranjak egin zituzten Albertako (Kanada) hamar elizatan, eta Elizabeth II.aren eta Viktoria erreginaren estatuak bota zituzten «No pride in genocide» —Genozidioaren harrotasunik ez— lelopean. Poliziak egindako komunikatuaren arabera, pintaketetan 215 zenbakia eta esku arrastoak agertzen ziren. Ikertzaileek adierazi dutenez, Kanadako «historiaren zati ilun batekin» lotzen dute hori: Kanadako barnetegiekin.

Kalkuluen arabera, XX. mende amaierara arte Elizak 150.000 haur baino gehiago hartu zituen indarrez komunitate indigenetatik, eta barnetegi horietan sartu zituen diziplinatzeko. Komunitate indigenen arabera, ikastetxe horietan tratu txarrak eta askotariko gehiegikeriak jasaten zituzten adingabeek. Azken hobia Columbia Britainiarreko Kamloops hiriko hegoaldean aurkitu zuten, barnetegi gisa erabilitako eraikin batetik gertu. Horren aurrekoan 751 hilobi topatu zituzten, orain arte kolpe bakarrean topatutako gehien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.