Honduras

Caceresen hilketaren arduraduntzat jo dute elektrizitate enpresa bateko goi kargudun bat

Copinh elkarteak eta NBEk ikerketarekin jarraitzeko beharra nabarmendu dute, «egile intelektual guztiak» atzeman arte.

Justizia eskatzeko mobilizazioa, auzitegien aurrean, Tegucigalpan. GUSTAVO AMADOR / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 6a
10:03
Entzun

Berta Caceres ekintzaile ekologistaren hilketaren arduradun intelektualtzat jo dute Roberto David Castillo DESA elektrizitate enpresako zuzendaritzako kidea. Haren aurkako zigorra abuztuaren 3an ezarriko dute. Fiskaltzak «historikotzat» jo du auzitegiaren erabakia, eta nabarmendu du agerian utzi duela Castillok Caceresen hilketa agindu zuela «Gualcarque ibaian, Lenca herriaren lurraldean, DESA enpresak egin nahi dituen operazioetan oztoporik egotea eragozteko». Halere, fiskaltzak ez du ikerketa hor amaitu nahi, eta lanean jarraituko du «hilketan parte hartu zuten beste egile intelektual batzuk identifikatzeko».

Copinh elkarteak «Lenca herriaren eta Berta Caceresen familiaren garaipen» gisa irudikatu du ebazpena, eta Bertha Zuñigak, ekintzailearen alabak, gehitu du «giza eskubideena eta elkartasuna adierazi duen komunitateena» ere badela. Halere, ikerketak ez eteteko eskatu dute, «krimenaren egile intelektual den Atala Zablah familia» auzipetzea falta dela argudiatuta: «Ebazpenak adierazten du, kasu honetan, botere egiturek ez dutela lortu justizia sistema erostea, eta Atala Zablah familiaren egitura kriminalak ez dituela bere helburuak lortu».

NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen goi mandatariak Hondurasen duen bulegoak ere erabakia txalotu du: «Ebazpena gakoa da biktimen eta gizartearen egiarako eta justiziarako eskubidea bermatzeko. Mugarri historiko bat da kontuak emateari eta Hondurasko zuzenbide estatua indartzeari dagokionez». Copinh elkarteak egin bezala, «arduradun guztiak» ikertu eta zigortu arte lanean jarraitzeko eskatu du.

Castillo herrialdetik ihes egiteko asmotan zela atzeman zuen Poliziak. Militar ohia, DESA enpresako presidente exekutiboa zen krimena gauzatu zen garaian. Gainera, Castillo ez da Caceresen hilketarekin lotuta ikertu duten DESA enpresako kide bakarra.

Berta Caceres ekintzailea 2016ko martxoaren 3an hil zuten, 43 urte zituela, La Esperanza herriko haren etxean, CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak hura babesteko neurriak hartuak zituen arren. Azken urteetan mehatxu ugari jaso zituen ekintzaileak, Agua Zarca presaren eraikuntzaren aurkako mugimenduaren buruetako bat izateagatik. Hilketaren testigu bakarra Caceresen etxean zegoen Gustavo Castro ekintzaile ekologista mexikarra izan zen, eta hark ere tiro bat jaso zuen belarrian.

DESA enpresak Gualcarque ibaian —sakratua da Lenca herriarentzat— egin nahi duen azpiegiturak indigenen esku dauden lur eta basoak suntsituko lituzke, Lenca herriaren eledunen arabera. Ebazpenaren ostean, beraz, azpiegitura eraikitzeko kontzesioa bertan behera uzteko eskatu dute Caceresen familiak eta Copinh elkarteak, eragin ditzakeen kalteez gain, hura eraikitzeko baimena emateko garaian «ustelkeria» nagusi izan dela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.