Musika

Azkena Rock jaialdiak kontzertuak iragarri ditu udazkenerako

Hamar eguneko jaialdi berezi bat egingo dute Gasteizko Iradier Arenan. Bertan ariko dira, besteak beste, Liher, El Drogas, M clan, Lendakaris Muertos, Loquillo eta Ezpalak.

El Drogas, Donostiako Aste Nagusiko kontzertuan, 2017an. FOKU
aitor biain
2021eko uztailaren 6a
11:09
Entzun

Bigarren urtez jarraian, ez da Azkena Rock jaialdirik egingo Gasteizen, izurriaren ondorioz, baina antolatzaileek kontzertu batzuk iragarri dituzte udazkenerako. Hamar eguneko jaialdi berezi bat egingo dute Iradier Arenan, irailaren 22tik urriaren 3ra bitarte, eta bertan ariko dira, besteak beste, El Drogas, M Clan, Liher, Ezpalak, Loquillo, Lendakaris Muertos, Los Enemigos, Carolina Durante eta Los Zigarros.

Iradier Arenako gunea martxan jarri zenean lau haizeetara zabaldu ziren Last Tour enpresa sustatzaileak formatu txikiagoko kontzertuak antolatuko ote zituenaren zurrumurruak; izan ere, Azkena Rock jaialdiaren antolatzaileak Gasteizko eta Arabako eragileek sortutako Kultura Bizia elkarteko kideak eta sustatzaleak dira. Bada, gaur baieztatu dute ahoz aho zebilena, ohar baten bidez: «Guri rock-and-rolla eta zuzeneko musika gustatzen zaizkigu, eta ezin genuen beste urte bat egon Azkena Rock zuzenean egin gabe».

Jaialdi berezia izango da, «gaur egungo garaietara egokitua, baina betiko espirituarekin», antolatzaileen esanetan. Hau da, letra larriko rocka izango da jaialdiaren ardatz nagusia ohi legez, baina hura inguratzen duten bestelako moldeek ere lekua izango dute, punkak edo rockabillyak esaterako. Izen handiko musikariak arituko dira, baita hasiberriak edo gazteagoak direnak ere. Denera, 21 musikari edo taldek joko dute.

Sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai, azkenarockfestival.com webgunean.

Hona hemen egunez eguneko egitaraua:

Irailak 22: Lendakaris muertos + Ezpalak
Irailak 23: Los Enemigos + Liher
Irailak 24: El Drogas + The Lizards
Irailak 25: Carolina Durante + Biznaga
Irailak 26: Johnny Burning + The Soul Jacket
Irailak 29: Kaotiko + Puraposse + The Wax
Irailak 30: Ray Collins Hot Club + Micky & The Buzz
Urriak 1: Loquillo + Seda
Urriak 2: Los Zigarros + Los Estanques
Urriak 3: M Clan + Razkin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.