Tiroketa

Herbehereetako kazetari bat tirokatu dute Amsterdamen eta oso larri dago

Peter R. de Vries ezaguna da Herbehereetan, mafiak ikertzeagatik. Atzo iluntzean gertatu zen erasoa, eta bi pertsona atxilotuta daude.

De Vries, 2019an. BAS CZERWINSKI / EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 7a
15:49
Entzun

Kazetari bati tiro egin zioten atzo iluntzean Amsterdam erdialdean, eta oso larri dago. Peter R. de Vries da kazetaria, eta Herbehereetan ezaguna da mafiak ikertzen egindako lanarengatik. 19:30ak inguruan gertatu zen erasoa, kazetaria telebista baten eraikinetik ateratzen ari zenean. Iturri ofizialean arabera, bost aldiz tiro egin zioten, eta horietako batek buruan harrapatu zuen. Erasoarekin lotuta, Poliziak hiru gizonezko atxilotu ditu, baina horietako bat aske dago jada; beste biak, 35 eta 21 urtekoak, ostiralean igaroko dira epailearen aurretik.

Auzi penaletan ikerketa kazetari gisa parte hartzeagatik, De Vriesek mehatxuak jaso izan ditu eta bizkartzainekin ibili izan da. 2019an mezu bat zabaldu zuen sare sozialetan, esanez Poliziak jakinarazi ziola mafiaren zerrenda batean nabarmenduta agertu zela bere izena. »Gu guztiontzako heroi nazional bat da, eta kazetari gisa nekaezin jardun du justizia bila» adierazi zuen Femke Halmesa hiriburuko alkateak, erasoa gertatu eta gutxira. Mark Rutte lehen ministroarentzat «ulertezina» da erasoa, eta iruditzen zaio adierazpen askatasunaren kontrakoa izan dela. Herbehereetatik kanpo ere erreakzioak eragin ditu erasoak, eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, adibidez, bere Twitter kontuan jarri du jarraitu behar dela «atsedenik gabe» adierazpen askatasuna defendatzen.

Kandelak eta lore sortak utzi dituzte tiroketa gertatu zen tokian.KOEN VAN WEEL/EPA/EFE

Bien bitartean, Poliziak informazioa eskatu die tiroketaren lekuko izan zirenei, baina ohartarazi die ez dezatela horrekin lotutako materialik sare sozialetan konpartitu. Youtubek jakinarazi du zenbait bideo ezabatu dituela plataformatik.

Heinekenen jabearen bahiketa

Sona handiko hainbat kasu ikertu ditu De Vriesek 40 urte pasako kazetari ibilian. Aurrenetakoa izan zen Freddy Heinekenen, izen bereko garagardo etxearen jabearen, bahiketa. 30 urte geroago, 2013an, bahitzailea zigortu zuten Vries mehatxatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.