Zientzia

Fernando Cossio kimikariak 2020ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du

Irakasle eta ikertzaile gisa urtetan zehar egin duen «ibilbide bikaina» saritu du epaimahiak. EHUko katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa da.

Fernando Cossio Euskadi Ikerkuntza Saria jaso berri, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera. IREKIA
Berria
2021eko uztailaren 9a
13:55
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 2020ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio gaur goizean Fernando Cossio kimikariari, ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle gisa urtetan zehar eginiko ibilbide oparoarengatik. Hala, saria emateko Gasteizen egin duten ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak esker ona adierazi dio Cossiori: «Sari honek, euskal gizartearen izenean, zure eskuzabaltasuna, jakintza, ekarpenak eta konpromezua aitortzen ditu».

Zientziaren eta teknologiaren arloan entzute handiko lau ikertzailez osatutako epaimahaiak egin du Cossioren aldeko ebazpena, sariaren 25. ediziora aurkeztutako hamabi hautagaien artean. Epaimahai horren lehendakariak, Maria Vallet ikertzaileak, azaldu du Cossio hautatu dutela «ikertzaile eta irakasle gisa egin duen ibilbide bikainarengatik», eta baita «nazioartean erreferente bilakatu den ikertzaile talde baten sortzaile eta zuzendari izateagatik» ere.

EHUko Kimika Organikoa I Saileko Katedraduna izateaz gain, Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa da 2009tik, eta bere ikerketak nazioarte mailan garrantzi eta ikusgarritasun handia izan duten argitalpen ugaritan islatu dira. Hori azpimarratuta, Cossiok hamarkadetan eginiko lana «eredugarritzat» jo du ere Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak.

Sarituak, bere partetik, eskerrak eman dizkie hamarkadetako ibilbidean zehar alboan izan dituen senide eta kideei, eta baita sostengua eman dieten erakundeei ere. Zentzu horretan, aipamen berezia egin dio unibertsitateari: «Egin dudan guztia Euskal Herriko Unibertsitateari esker izan da posible; ohoratua sentitzen naiz bere parte izateagatik eta dena zor diot».

Ibilbide luze eta emankorra

Bere ekarpen nabarmenenak kimika bioorganikoaren eta modelizazio molekularraren alorrean egin ditu Cossiok. Hain zuzen, bere lanaren ardatza karbono-karbono loturen erreakzio periziklikoak eta eraketa izan dira, konputazionalki zein metodologia esperimentalen bidezkoak. Baina, arlo horrez gain, onkologian erabilgarriak diren molekula bioaktiboen diseinu eta sintesi kimikoan ere jardun da, minbiziaren tratamendurako farmakoen aurkikuntzan eta sintesian bereziki interesatuta.

Cossio Kimika Zientzietan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Kimika Zientzietan doktorea EHUn (1986). Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean eta Los Angeleseko Kaliforniako Unibertsitatean (AEBB) ikerketa egonaldiak egin ondoren, 1988an Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatera itzuli zen, eta bertako katedraduna da 2002tik.

Geroztik, lurraldeko zientziaren aurrerabidean eta kudeaketan nabarmen inpikatu da ikerlaria, eta ardura handiko hainbat kargu bete ditu. Besteak beste, Kimika Zientzien Fakultateko dekanoa (1999-2001) eta EHUko Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea (2001-2003) izan da. 2009an, berriz, erreleboa hartu zion Mari Carmen Gallastegiri Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko zuzendari zientifikoaren postuan.

Bere ibilbidean zehar jasotako aitorpenen artean, nabarmentzekoa da Cossiok berak gidatutako proiektu batek joan den urteko azaroan Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik jasotako Synergy Grant laguntza. Proiektuaren helburua barioaren ioia behatzeko gaitasuna duen detektore bat diseinatzea eta eraikitzea da, adierazle molekular fluoreszente batean eta mikroskopia teknika aurreratuetan oinarrituta egongo litzatekeena, eta, haren bitartez, neutrinoa bere antipartikula propioa den argitzen saiatuko lirateke, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzuten jarraitu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.