Ingurumena

Txinak jakinarazi duenez, panda hartzak jada ez daude galzorian

Naturan 1.800 izatera iritsi dira, baina epe luzerako mehatxuak dituzte oraindik.

Panda hartz bat banbua jaten. BENOIT BOUCHEZ, EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 9a
17:11
Entzun

Panda hartz handiak galzorian dauden espezieen zerrendatik atera eta espezie kaltebera gisa sailkatu ditu Txinak. Cui Shuhong Ekologia eta Ingurumen Ministerioko Natura Kontserbatzeko eta Ekologia Saileko buruaren arabera, azken urteetan biodibertsitatea babesteko ahaleginak egin dira Txinan, eta panden egoera hobetzea «bizi-baldintza hobeen eta Txinak bere habitatak integratuta mantentzeko egindako ahaleginen emaitza» izan da. Egun, 1.800 panda hartz daude naturan.

Banbuzko basoak birpopulatzeko egin den ahalegina ere nabarmendu dute zenbait adituk. Izan ere, banbua da panda hartzen dietaren %99, gutxi gorabehera. Pandek, hala ere, epe luzerako mehatxuak dituzte oraindik. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak adierazi duenez, klima aldaketak banbu habitataren %35 suntsi dezake datozen 80 urteetan.

Panda hartz bat banbua jaten. JIM LO SCALZO / EFE

IUCNk panda handia galtzeko zorian dauden espezieen zerrendatik kendu eta espezie kaltebera gisa sailkatu zuen 2016. urtean, baina Txinako kontserbazio agintaritzak asteazkenean hartu zuen erabaki hori.

Shuhongek prentsa agerraldi batean azaldu duenez, «espezie arraro batzuen bizi-baldintzak hobetu dira», panda hartzenak, antilope tibetarrenak edota aita Daviden oreinenak, esate baterako. Horrez gain, azken urteotan kontserbazio ahaleginen ondorioz, tigre eta lehoinabar siberiarrek eta ibis japoniarrek «nabarmen» egin dutela gora adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.