Herri mugimenduak

Iraultza Txikien Akanpada bigarrenez egingo dute abuztuan, Arteako Basoan

Herri mugimenduen topaleku izateko asmoz egingo dute kanpaldia, abuztuaren 25etik 29ra. 

Arteako basoan egin dute kanpaldiaren aurkezpena. IRAULTZA TXIKIEN AKANPADA
Berria
2021eko uztailaren 12a
11:49
Entzun

Zubietan lehen aldiz eginiko kanpalditik ia hiru urtera, Iraultza Txikien Akanpada Euskal Herriko herri mugimenduen elkargune izango da berriz aurten. Hala, abuztuaren 25etik 29ra bitarte, Arteako (Bizkaia) Basoa proiektuaren eremuan «elkarrekin hausnartzeko, borrokatzeko eta eraikitzeko espazio komuna» bilakatuko da, esparru desberdinetako mugimendu eta militanteen arteko saretzea indartzeko helburuarekin.

Basoan bertan egin dute ekimenaren aurkezpena, Piztuko dugu sua? lelopean, eta bere antolatzaileek azaldu dute kanpaldiaren bigarren edizioak, ororen gainetik, «herri mugimenduen topaleku» izatea bilatuko duela: «Ez aurrez prestatutako bide-orriak aurkezteko, ez eta ziurgabetasuna behin betiko erantzunen bidez argitzeko ere. Ez dago horrelakorik. Erantzunak baino gehiago, galderak plazaratu nahi ditu akanpadak».

Horretarako, hiru gune antolatuko dituztela aurreratu dute: «praktika militanteei buruz aritzeko gunea», «gogoeta militanterako esparrua» eta «bestelako esperientziak edo saio eraldatzaileak ezagutu eta sortzeko espazioa».

2018ko irailean Zubietan egin zen Iraultza Txikien Akanpada ere ekarri dute gogora: «Konspiratu, eragin, pentsatu, gozatu eta mobilizatu ginen, eta hiru egunen ostean, ondorio argia atera genuen: ariketa hartan ehundutako konplizitateen eta afinitateen txingarra itzal ez zedin, bi urtean behin akanpada errepikatzea izango zela hauspo eraginkorrena».

Alabaina, koronabirusaren pandemia «baldekada bete ur» izan zen «akanpadaren txingarrentzat eta, oro har, herri mugimenduaren su txikientzat», antolatzaileen arabera, eta kanpaldia 2020an antolatu gabe geratu ziren horregatik. Dena den, iazko martxoko konfinamendutik urtebete baino gehiago igarota, «apurka-apurka, musukoetatik musuetara eta urruntzetik igurtzera igarotzeko garaia» dela azpimarratu dute: «Bada garaia herri mugimenduaren sua bizkortzeko».

Halaber, Iraultza Txikien Akanpada «bizimodu onaren entsegu orokor bat izatea» ere nahi dute, «merezi duen bizitza zoriontsu eta bidezko baten bila, kapitalismotik eta patriarkatutik emozionalki, ekonomikoki, psikologikoki eta politikoki desertatzeko era baten erakusle» bihurtzeko, eta prozesu horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete Euskal Herriko militanteei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.