Euskara

Zeintzuk dira Euskaltzaindiak onartu berri dituen hitzak?

Akademiak eguneratu du bere hiztegia. Azken sei hilabeteotan 592 forma berri jaso ditu hiztegian, 427 sarrera eta 165 azpisarrera. Besteak beste, koronabirus, txantxiku eta heteropatriarkal ageri dira berrikuntzen artean.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren formatu fisikoa. EUSKALTZAINDIA
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 12a
15:27
Entzun

2021eko lehen sei hilabeteetan eginiko lanaren emaitzak jasota ditu jada Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Akademiak urtean bitan eguneratzen du hiztegia 2016tik, eta azken honetan denera 592 forma berri jaso ditu, 427 sarrera eta 165 azpisarrera; 975 forma ere moldatu ditu.

Dena den, Euskaltzaindiak berak nabarmendu duenez, «aurten forma berriak landu dira batez ere». Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunaren arabera, «corpus eguneratutik eskuratutakoak, hau da, egun dabiltzan hitzak».

Berrikuntza guztiak, hemen.

Hitz horien artean hainbat dira nabarmentzekoak, eta akademiak berak nabarmendu duen moduan, mordoska bat dira aktualitatearekin lotutakoak; adibidez, pandemiarekin: koronabirus, asintomatiko, berragerpen, deskonfinamendu... Beste batzuk, berriz, lotura dute gizartean bolo-bolo dabiltzan aferekin: babesgabezia, estigmatizazioa, etnokultural, heteropatriarkal, independentziazale, islamofobia, naziogintza, patriotismo, jihadismo, mozal...

Ezinbestean, euskara inguruan dituen hizkuntzekin nahasten da, eta haietatik eratorritako hainbat hitz ere gehitu ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian: aerobik, allegro, chef, dumping, show, gulag, portzierto, remake, smartphone, router, queer, poney, nezeser... Horien artean, elikagaiak batzuk ere bai: lasagna, fabada, polboroi, foie, mojito...

Herri batzuetako herritarrei deitzeko moduak edo ezizenak ere onartu ditu akademiak: debabarrendar, debagoiendar, beterritar, korsikar, nubiar edo txantxiku, besteak beste. Euskal Herrian erabiliak diren esamolde batzuk ere hiztegian ageri dira jada: dedio edo putakeria, adibidez.

Asko dira sarrera berriak, eta inork gutxik ulertuko ditu haiek guztiak. Hitz guzti horien definizioak Euskaltzaindiaren Hiztegian aurki daitezke, akademiaren webgunean. Hemen aurretik aipatutako hiru hitzen adibideak:

Fabada: Asturiasko eltzekaria, babarrun zuri handiak urdaiarekin, txorizoarekin eta odolkiarekin egosita prestatzen dena.

Queer: Gizartean nagusi diren ereduen barnean sartzen ez den sexu-identitatea edo sexu-joera.

Dedio: Haserrea edo harridura adierazteko erabiltzen den hitza.

Lehen baztertutakoak

Hitz berriez gain, Euskaltzaindiak garai batean baztertutako hitz batzuk ere berreskuratu ditu. Urkiak hala arrazoitu du erabaki hori: «Euskaltzaindiak ez erabiltzeko esanda ere, hitz horiek bidea egin dute, jendeak erabili dituelako. Beraz, erabiltzen bada, beharra dagoen seinale izango da. Hori da ezarpena: tarteka, dabilena berrikusi eta, kasurik ez badigute egin, guk atzera egin. Gure egitekoa dabilena jasotzea baita».

Hitz horien artean daude oso erabiliak diren hainbat hitz: asanblada, binario, deskubrimendu, emozionatu, estuasun, eszenatoki, ginebra, jubilazio edo taxista, besteak beste.

Gaur egun, azken eguneraketarekin, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira (39.800 sarrera eta 9.486 azpisarrera) eta 68.181 adiera (horietatik 2.368 azpiadierak dira).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.