Europa

160 dira jada uholdeen ondorioz Alemanian eta Belgikan hildakoak

Alemanian, ehunka dira desagertuak. 1.300 baino gehiago soilik Ahrweiler barrutian. Euriteek Herbehereetako, Luxenburgoko, Frantziako eta Suitzako zenbait eskualde ere kaltetu dituzte. Argazki bilduma.

Gorka Berasategi Otamendi - Jone Arruabarrena
2021eko uztailaren 15a
10:24
Entzun

Gutxienez 133 pertsona hil dira Alemaniako Renania-Palatinatua eta Ipar Renania-Westfalia landerretan. Herrialdearen mendebaldean eurite indartsuak izan dira, eta ekaitzak eragindako uholdeetan hildakoen kopuruak gorantz jarraitzen du. Belgikan ere hainbat lagun hil dira uholdeen ondorioz. Azken datuen arabera, 27 dira, gutxienez, hildakoak, eta lau desagertuak.

Desagertuak ehunka zenbatzen dira Alemanian. Herrialde osoan desagertuak zenbat diren zehaztea ezinezkoa da oraingoz. Telefono sarea erorita dago eskualde kaltetuenetan, eta zailtasun handiak daude herritar askorekin harremanetan jartzeko. Gainera, askok beren etxeetatik ihes egin dute. Renania-Palatinatuko erakundeen arabera, baina, 1.300 baino gehiago dira Ahrweiler barrutian soilik.

Ipar Renania-Westfalia landerrean beste 43 hildako daudela jakinarazi du gobernuak, eta beste 618 zauritu daudela ere adierazi du, gehienak Ahreko aranean. Schuld barrutian bederatzi gorpu erreskatatu dituzte suhiltzaileek, eta hamabost dira hildakoak Euskirchenen, Bonn hiriaren hegoaldean. Kolonia hiriaren ondoko Erftstadt-Blessem herrian, urak hainbat etxe bota ditu gaur, eta hainbat lagun hil dira han ere.

Alemania mendebaldean mugitzeko oztopoak asko dira. Gutxienez bi autobide itxita daude, eta moztuta daude trenbide sareko tarte ugari ere. Elektrizitate sarea ez dabil eskualde kaltetuenetan eta telefono sare mugikorra kolapsatuta dago. Alemaniako Gobernuak 900 soldadu bidali ditu erreskate lanetara, eta, horiez gain, beste 15.000 herritar ari dira lan horietan.

Malu Dreyer Renania-Palatinatuko ministro-presidenteak adierazi du oraindik ezin dela aurreikusi uholdeen kaltea zenbaterainokoa izango den. «Sufrimendua handitzen ari da». Agintariak klima larrialdiarekin lotu du hondamendia, eta hari aurre egiteko neurriak eskatu ditu.

Antzeko mezua eman du Armin Laschet Ipar Renania-Westfaliako ministro-presidente eta CDU alderdiko buruak. Haren iritziz ere, Alemanian izan diren euriteek harreman zuzena dute klima larrialdiarekin. «Horrek esan nahi du gehiago egin behar dugula klimaren alde, Europan, Alemanian eta munduan».


Uholdeek suntsitutako bide bat, Ipar Renania-Westfalia landerreko Bad Muenstereifel herrian. SASCHA STEINBACH / EFE

Belgika, laguntza eske

Belgikara ere iritsi da ekaitza, eta hondamendiak 23 hildako eragin ditu. Kalte material handiak izan dira; bereziki, Valonia hegoaldean. Hainbat herri hustu behar izan dituzte bertan.

Lieja eskualdean dute egoerarik latzena. Dozena bat pertsona baino gehiago hil dira Verviers herrian, hiru Troozen, bi Chaudfontainen eta bana Eupenen, Aywaillen, Philippevillen eta Pepinsterren.

Errepide ugarik moztuta jarraitzen dute Liejan. Tren zerbitzua ere etenda dago sarearen zati handi batean, eta milaka etxe elektrizitate eta ur zerbitzurik gabe daude.

Valoniako Gobernuak hondamendi egoera ezarri du bertan, eta neurri bera hartu du Luxenburgok bere lurralde osoan eta Herbehereek Alemaniarekin mugan dagoen Linburgo eskualdean. Azken horretan, milaka herritar lekualdatu dituzte ibaien ur mailak goraka jarraitzen duelako. Luxenburgon eta Herbeheretan kalte materialak handiak dira, baina ez da hildakorik izan.

Belgikak laguntza eskatu dio Europako Batasunari, hondamendiaren ondorioei aurre egiteko. Itsasontziak, helikopteroak eta erreskate taldeak eskaini dituzte Frantziak, Italiak eta Austriak, Stefan De Keersmaecker Europako Batzordeko bozeramaileak azaldu duenez. Europako Batzordea Alemaniari laguntzeko prest dagoela gehitu du De Keersmaeckerrek, baldin eta Berlinek babes zibilerako mekanismoa abian jartzen badu.


Verviers herriko kaleak, uholdeen ondoren. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Frantzia eta Suitza, alertan

Uholde arriskuagatik, alerta laranjan daude Belgikarekin eta Alemaniarekin mugan dauden Frantziako hamahiru departamentu. Eurite mardulak iragarri dituzte zerbitzu meteorologikoek estatuaren ipar-ekialdean.

Meurthe-et-Moselle departamentuan uholdeak izan dira zenbait herritan. Ura 80 zentimetroko garaiera iritsi da kalean, eta arazoak izan dira errepide nahiz trenbide sarean, baina uholdeek ez dute hildakorik utzi.

Alerta egoeran dago Suitza ere. Biena, Thun eta Lau Kantonamenduen aintzirak maila altuetan daude, eta gainezka egin dute aste honetan. Suitzako presidente Guy Parmelinek Luzerna eta Biena hiriak bisitatu zituen atzo, uholdeek kaltetutako etxebizitzen egoera bertatik bertara ikusteko. Oraingoz ez da hildakorik izan Suitzan ere.

Gehienezko maila gainditzeko arrisku moderatuan daude Konstantzako eta Lemango aintzirak ere, herrialdeko handienak —Alemaniarekin mugan lehena, eta Frantziarekin mugan bigarrena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.