Donostiako 69. Zinemaldia

Laurent Cantet, Terence Davies eta Lucile Hadzihalilovic lehiatuko dira Sail Ofizialean

Claudia Llosa, Claire Simon, Ines Barrionuevo, Alina Grigore, Tea Lindeburg eta Zhang Ji ere Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira

Laurent Cantet, 2014ko Donostiako Zinemaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
mikel lizarralde
2021eko uztailaren 19a
12:46
Entzun

Irailaren 17tik 25era egingo da Donostiako 69. Zinemaldia, eta jaialdiaren antolatzaileek Sail Ofizialeko lehian izango diren bederatzi filmen berri eman dute gaur. Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira zinemaldian behin baino gehiagotan izan diren hainbat zinemagile ezagun (Laurent Cantet, Terence Davies, Lucile Hadzihalilovic), lehendabiziko aldiz lehiatuko diren zinema zuzendari eskarmentudunak (Claudia Llosa, Claire Simon, Ines Barrionuevo), eta baita beren opera primak erakutsiko dituzten zinemagileak ere (Alina Grigore, Zhang Ji, Tea Lindeburg).

Ressources humaines filmarekin (1999), Laurent Cantetek Zinemaldiko Zuzendari Berriak saria eskuratu zuen, eta, harrezkero, hainbatetan parte hartu du Perlak sailean: L’Emploi du temps lanarekin (2001), Vers le Sud (2005) filmarekin; Entre les murs (2008), zeinarekin Urrezko Palma eskuratu baitzuen Cannesen, eta Retour à Ithaque obrarekin azkenik (2014). Sail Ofizialean Foxfire (2012) filmarekin lehiatu ondoren –Katie Coseni antzezleak emakumezko aktorerik onenaren zilarrezko maskorra lortu zuen–, Arthur Rambo filmarekin bueltatuko da zinemagile frantsesa Sail Ofizialera: Rabah Naït Oufella aktoreak idazle arrakastatsu bat antzezten du bertan, zeina k iraganean sare sozialetan argitaratu zituen gorroto-mezuekin borrokatu beharko baitu.

Terence Daviesi atzera begirako bat eskaini zioten 2008ko zinemaldian, eta hirugarren aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra eskuratzeko; aurretik, The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) filmekin parte hartu zuen. Aurten, Benediction aurkeztuko du. Biopic horretan, Jack Lowden eta Peter Capaldi aktoreek Siegfried Sassoon antzeztuko dute bizitzaren une desberdinetan: I. Mundu Gerratik bizirik irten zen soldadu eta poeta antibelizista. Zinemagile britainiarraren filmografian pelikula garrantzitsuak ageri dira: Distant Voices, Still Lives (1988),The Long Day Closes (1992), House of Mirth (2000) eta Of Time and the City (2008). A Quiet Passion (2016) lanarekin, Zabaltegi-Tabakaleran izan zen.

Lucile Hadzihalilovicek Zuzendari Berriak saria eskuratu zuen Innocence (2004) estreinako filmarekin, eta, ondoren, sail horretako bertako epaimahaikide izan zen. Halaber, Donostian aurkeztuak ditu La Bouche de Jean-Pierre film ertaina (Zabaltegi, 1996) eta De natura film laburra (Zabaltegi-Tabakalera, 2018). Evolution (2015) da zuzendariaren bigarren film luzea, eta, harekin, epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuen Sail Ofizialean. Sail horretan bertan parte hartuko du aurten, Earwig obrarekin. Brian Catling idazlearen eleberriaren egokitzapen horrek Alberten istorioa kontatzen du, zeinak izotzezko hortzak dituen Mia izeneko neska zaintzen lan egiten baitu.

Claudia Llosa lehenbizikoz lehiatuko da Sail Ofizialean, Distancia de rescate / Fever Dream lanarekin (Maria Valverde, Dolores Fonzi, German Palacios eta Guillermo Pfening ditu antzezle taldean). Aurretik, Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen La teta asustada-rekin (2009), ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautagai izan zen Peruko lehenbiziko lanarekin. Handik urtebetera, zinemaldiko epaimahaikide izan zen. Madeinusa (2006) eta No llores, vuela (2014) filmak ere zuzendu ditu. Oraingo honetan, beldurrei eta amaren maitasunaren indarrari buruzko kontakizun zorabiagarri eta hipnotikoa aurkeztuko du. Gidoia Samanta Schweblin eleberri homonimoaren egilearekin batera idatzi du.

Fikziozko eta ez-fikziozko lanetan dago zaildurik Claire Simon, eta, aurtengo zinemaldian, Vous ne désirez que moi lana aurkeztuko du. Michele Manceaux kazetariak Yann Andrearekin izaniko elkarrizketa bat gerturatuko du, zeina Marguerite Duras idazlearen azken urteetako maitale izan baitzen. Erresuma Batuan jaiotako zinemagile frantses horrek lehenbizikoz parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurretik eginiko lanean artean ageri dira Coûte que coûte (1996), Récréations (1998), Mimi (2003), Les Bureaux de Dieu (2008), Gare du Nord (2013) eta Le Concours (2017).

Bestalde, Ines Barrionuevok bere laugarren film luzearekin parte hartuko du lehiaketan. Camila saldrá esta noche lanean, protagonista, neska gazte bat, Buenos Airesera joango da bizitzera; eskola pribatu tradizional batean sartuko da, eta aldaketa horiei guztiei aurre egin beharko die. Berlinaleko Generation sailean estreinaturiko Atlantida filmarekin (2014) debuta egin ostean, zinemagile argentinarrak Julia y el zorro (Zuzendari Berriak, 2018) eta Las Motitos (2020) zuzendu ditu.

Hiru hasiberri

Zinemagile hasiberriak ere izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Esate baterako, Alina Grigore aktore eta gidoigile errumaniarra. Crai nou / Blue Moon ekarriko du Sail Ofizialera: emakume gazte baten drama kontatzen du, zeinaren familia disfuntzionaleko giro itogarriak kontra egingo baitie haren desioei. Hainbat film labur zuzendu ondoren, Grigore Ilegitim / Illegitimate filmeko protagonistakide izan zen, zeina Adrian Sitaru zuzendariarekin batera idatzi baitzuen. Berlingo Zinema Jaialdiko Forum sailean izan zen obra harekin.

Lehenbiziko obra aurkeztuko du Zhang Jik ere. Orain artean, argazki zuzendari gisa aritu da hainbat filmetan, hala nola Ba bai bang / Letters from Death Row (Kevin Feng Ke, Zuzendari Berriak, 2008). Errealizadore gisa eginiko estreinaldian, Ping Yuan Shang De Mo Xi / Fire on the Plain aurkeztuko du, Txinako Fentun hirian giroturiko thriller bat. Polizia gazte batek ikerketa bat ireki du duela zortzi urte gertatutako krimen misteriotsuak argitzeko asmoz. Diao Yinan da film luzearen ekoizle exekutiboa. Aurretik beste hainbat lan ere zuzendu ditu: Bai ri yan huo / Black Coal, Thin Ice (Perlak, 2014) eta Nan Fang Che Zhan De Ju Hui / The Wild Goose Lake (Zabaltegi-Tabakalera, 2019).

Tea Lindeburg egilearen lehenbiziko film luzea, Du som er i himlen / As in Heaven, literatura danimarkarreko klasiko batean dago oinarrituta: 1912an Marie Bregendahl idazleak argitaratutako lan batean, alegia. XIX. mendeko etxalde batean giroturiko kontakizun horretan, familia ugari bateko kideak bederatzigarren haurraren zain daude, eta alaba zaharrena, berriz, ikastera irtetear da. Lindeburgek badu esperientziarik telebistaren munduan: Danimarkan hainbat telesailaren atalak zuzendu ditu, eta Netflixen Equinox ekoizpen daniarraren sortzailea ere bada –bere Equinox 1985 podcastean oinarritua–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.