Albistea entzun

Espioitza

Pegasus programa bueltan da

Mundu osoko 50.000 lagunetik gora zelatatu dituzte Pegasus programaren bidez. Ikertzaileek adierazi dute biktimen gehiengoa kazetariak, giza eskubideen defendatzaileak eta abokatuak direla.

Pegasus programak Whatsapp aplikazioaren bitartez lortzen du gailurako sarbidea
Pegasus programak Whatsapp aplikazioaren bitartez lortzen du gailurako sarbidea Ian Langsdon / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Iztueta Olano -

2021eko uztailak 19

Hilabete luzez lanean aritu diren nazioarteko hamazazpi hedabidek, besteak beste, The Guardian eta The Washington Post egunkariek, Pegasus Proiektua izeneko ikerketa aurkeztu zuten herenegun, Forbidden Stories eta AI Amnesty International erakundeekin elkarlanean. Haien ikerketaren arabera, 2016tik hona munduko hainbat gobernuk 50.000 lagun inguru espiatu dituzte Pegasus aplikazioa erabiliz. Espioitzaren biktimen gehiengoa kazetariak, giza eskubideen defendatzaileak edota ekintzaileak dira.

Israelgo NSO Group enpresak sortu zuen orain arte ezagutu den espioitza tresnarik indartsuena: Pegasus spywarea. Terroristen eta kriminalen aurkako tresna izateko sortu zuten arren, ikerketak iradokitzen du enpresaren bezeroek biztanleak kontrolatzeko arma gisa erabili dutela. Mundu osoko 40 herrialdetako 60 agentzia inguruk erosi dute Pegasus spywarea, eta gutxienez hamar dira aplikazioa duten herrialdeak: Azerbaijan, Bahrain, Kazakhstan, Mexiko, Maroko, Ruanda, Saudi Arabia, Hungaria, India eta Arabiar Emirerri Batuak.

Pegasus spywareak edozein dispositiboren datuak eskura ditzake, eta mugikorra blokeatuta egonda ere audio edo bideo grabagailuak pizteko ahalmena du. Spywareak Whatsapp aplikaziora iristen den bideo dei baten edo SMS bidezko mezu baten bitartez infektatzen du gailua, eta deia onartu edo mezua zabalduz gero, espioi programa instala dezake mugikorrean. Horrela, spywareak gailuaren informazio guztira lortzen du: bidali eta jasotako mezuak, argazkiak eta bideoak, eta GPS bidezko lokalizazioa eskura ditzake.

Infiltratutako zerrendan agertzen diren 50.000 mugikor zenbakitik mila pertsona identifikatu dituzte; besteak beste, gobernuko 600 funtzionario, 189 kazetari, 85 ekintzaile eta 65 enpresariren izenak aurkitu dituzte. Hala, zerrendan agertzen diren pertsonak «gobernuen intereseko pertsona» gisa identifikatu dituzte ikertzaileek, eta esan dute horietatik gehienak Pegasus spywarea eskura duten herrialdeetako biztanleak direla.

Proiektuan parte hartu duten erakundeen eta hedabideen arabera, ezin da baieztatu zerrendan agertzen diren mugikor guztiak hackeatu zituzten; izan ere, 37 bakarrik aztertu ahal izan dituzte. Horietatik erdia zegoen spywarearekin infektatuta. Agnes Callamard AIko idazkari nagusiak adierazi zuen beren aurkikuntzak frogatu duela NSO Group enpresak sortutako tresna gobernu errepresiboen «armarik gogokoena» dela, eta sistema informatikoa «kazetariak isilarazteko, aktibistei erasotzeko eta oposizioa baztertzeko» erabili izana salatu du.

Gobernuei azalpen eske

Igandean ezagutzera emandako informazioak hautsak harrotu ditu nazioartean, eta zerrendako edukia aditzera eman bezain laster egin zituzten lehenengo kritikak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak «kazetaritza askea Europako Batzordeko oinarrizko balioetako bat» dela azpimarratu zuen atzo, eta nabarmendu zuen ikerketan aurkitutakoa egia bada «guztiz onartezina» dela.p>

Bestalde, Israelgo NSO Group enpresak komunikatu bat zabaldu zuen atzo, gertatutakoaren inguruan beren iritzia emateko. Enpresaren arabera, 50.000 «neurriz kanpoko» kopurua da, eta ezeztatu egin du ekintzaren arduradunak Pegasus erabiltzen duten gobernuak direla. Gainera, ikerketaren egileak «filtratutako datuen interpretazio okerra» egiteaz akusatu ditu.

Pegasus Proiektuak nazioartean izan duen eragina ikusita, espioitzarekin lotu dituzten herrialdeetako gobernuek ere eman dituzte gaiaren inguruko adierazpenak. Ruandako Gobernuak, adibidez, ezeztatu egin zuen software sistema hori erosi izana, eta azpimarratu akusazioak «faltsuak» direla. Era berean, Hungariako Gobernuak zerrenda horren gaineko «ezjakintasun osoa» adierazi zuen, eta «diskriminazioa» jasan izana salatu zuen: «Zergatik ez dizkiezue galdera berak egiten Ameriketako Estatu Batuei, Erresuma Batuari, Alemaniari eta Frantziari?».

Urrutira joan gabe, duela urtebete Pegasus programak zalaparta eragin zuen Espainian ere. Iazko udan sakelakoak zelatatu zizkien Kataluniako zenbait politikari independentistei. Pegasus programa erabili zuten Roger Torrent orduko Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta Ernest Maragall ERCko diputatuaren sakelako telefonoak zelatatzeko. Haien izena aurkitu zuten zerrendan, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean Pegasus programaren bidez espiatu zituzten 1.400 pertsona agertzen ziren guztira.

Dena den, ez orduan eta ezta orain ere, ez dira nahikoa froga lortu NSO Groupen aurka. Gainera, Pegasus kasuarekin lotutako hainbat herrialdek ez dute azalpenik eman oraingoz, eta, beraz, datozen egunetan informazio gehiago lortzea espero da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...