Kolonbia

Buruzagi sozial bat eta haren familia hil dituzte Kolonbian, eta jada 97 dira aurten hildako ekintzaileak

Aurten Kolonbian 54 sarraski egin dituzte, eta 200 pertsona inguru hil. Geldialdi nazionala egingo dute gaur herritarrek.

Manifestazio bat Kolonbian, maiatzean. CARLOS ORTEGA, EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 20a
12:35
Entzun

Igandean izan zen azken erasoa, Yolombon (Kolonbia). Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketen Institutuaren arabera, gutxienez hamar gizon armatu sartu ziren establezimendu publiko batera, eta lau pertsona hil zituzten: Luis Hernando Castrillon buruzagi soziala, Maria Piedad Ramirez emaztea, Esneyder semea eta Fray Zapata izeneko gazte bat. Tokiko hedabideek zabaldu dutenez, ustez Kolonbiako Autodefentsa Gaitanista taldeko kideak izan ziren erasotzaileak —Golkoko klana ere esaten diete— , eta behin eta berriz egin zieten tiro biktimei.

Indepaz-ek adierazi duenez, 2021ean Kolonbian izandako 54. sarraskia da, eta 200 bat pertsona hil dituzte orain arte; horietako 97, buruzagi sozialak edo ekintzaileak. 2016. urtetik, hau da, Bake Akordioa sinatu zutenetik, 1.213 ekintzaile hil dituzte talde armatuek.

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak kezka azaldu du Kolonbiako indarkeriagatik eta «mehatxu, eraso eta buruzagi komunitario eta sozialen aurkako hilketa etengabeengatik». Juvenal Diaz Mateus Armadako Zazpigarren Dibisioko komandanteak gaitzetsi egin du krimena, eta Golkoko klaneko kideak eremu horretako biztanleak «beldurtzen» aritu direla azaldu du, «narkotrafikoaren negozioan» aritzen direlako hor.

Geldialdi nazionalera daude deituta gaur herritarrak. Sare sozialetan zabaldu dutenez, «benetako independentziagatik» aterako dira kalera, banderak alderantziz eramango dituzte, eta kasko batekin eta betaurrekoekin joango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.