Albistea entzun

Haiti

Ariel Henryk Haitiko lehen ministroaren kargua hartu du

«Kontsentsua» bilatuko duela nabarmendu du lehen hitzaldian, «era askotako krisiari» aurre egiteko. Bilera sorta bat abiatuko du, hauteskundeak egiteko akordio zabal bat lortzeko.

Ariel Henry Haitiko lehen ministro berria kargu hartze ekitaldian, atzo. Port-au-Princen.
Ariel Henry Haitiko lehen ministro berria kargu hartze ekitaldian, atzo. Port-au-Princen. Orlando Barria / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko uztailak 21 13:48

Gobernu berria estreinatu du Haitik, behin haren aginterako lehia amaitu eta Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak dimisioa eman ostean. Ariel Henryk hartu du hark utzitako kargua. Lanbidez neurozirujaua da Henry, Inite alderdi sozialdemokratako kidea, eta ministro izan da azken legealdian. Auzi Sozialen eta Lanaren ministro lehenik, eta Barne eta Lurralde Komunitateen ministro ondoren. Jovenel Moisek izendatu zuen lehen ministro, hil baino bi egun lehenago. Presidentearen hilketaren osteko krisi politikoak oztopatu egin zuen Hernyren kargu hartzea, baina atzo egin zuen, azkenean.

Kargu berrian egin duen lehen hitzaldian, bere gobernu taldea «kontsentsurako taldea» izatea nahi duela nabarmendu zuen, herrialdearen «era askotako krisiari» aurre egiteko. Egoera onbideratzea «lan neketsua eta zaila» izango dela ziurtatu zuen, eta, horregatik, «herrialdeko sektore guztiei» eginbehar horretan laguntzeko eskatu zien.

«Gatazkak konpontzeko», elkarrizketaren beharra azpimarratu zuen Henryk, eta, aldi berean, instituzioen «ohiko funtzionamendua» berreskuratu beharra defendatu zuen: «Konfiantza berrezarri behar dugu, eta estatuaren agintea herrialdeko txoko guztietara zabaldu».

Halaber, datozen egunetan bilera sorta bat hasiko duela jakinarazi zuen, hauteskundeak antolatzeko akordio zabal bat lortzeko. «Parte hartzea masiboa» izatea nahi duela nabarmendu zuen. Hasieran, irailaren 26an ziren egitekoak presidentetzarako eta parlamenturako bozen lehen itzulia, eta egun berean egin asmo zuten konstituzioa berritzeko galdeketa ere. Ikusteko dago horretarako modurik izango den, herrialdeko krisi politiko, sozial eta sanitarioa ikusirik.

Hemezortzi ministro izango ditu gobernu berriak, eta legealdia errepikatuko dute horietako hiruk: Rockefeller Vincent Justizia eta Segurtasun Publikoko ministroak, Patrick Boisvert Ekonomia ministroak eta Marie Greta Roy Clement Osasun ministroak.

Beste hiru atxilotu

Moiseren hilketa argitzeko ahaleginean jarraitzen du Poliziak. Atzo, beste hiru lagun atxilotu zituen: bi polizia agente eta zibil bat. Azken hori, Dominick Cauvin, «presidentearen hilketa prestatzeko» bilera guztietan egon zela azaldu zuen Leon Charles Haitiko Poliziaren zuzendari nagusiak. BIlera horiek Reynaldo Corvington agentearen etxean egin zituzten, zeina joan den asteazkenean atxilotu baitzuten.

Charlesek Jhon Joel Joseph senatariari eta Joseph Felix Badio Justizia Ministerioko funtzionario ohiari egozten die erasoa egin eta prestatu izana. Horien atzetik ari da.

Oraingoz, 26 lagun atxilotu dituzte Moiseren hilketarekin lotuta. Poliziak egiletzat jotzen dituenen etxeak ere miatu ditu, eta, horietan 45 fusil eta hamalau pistola aurkitu dituzte, besteak beste. Horietako batzuk Poliziarenak direla zehaztu zuen Charlesek.

Gobernuak, bestalde, Moise omentzeko ekitaldi bat egin zuen atzo, eta bertan izan ziren Henry eta Jospeh. Herrialdeko «ongiaren» alde egin asmo zituen «proiektu handien» aldeko lanagatik eskertza egin zion azken horrek Moiseri. «Jovenel hil zuten, baina ezingo dute jovenelismoa hil. Ideia bat da, adorea eta herrialde honetako oligarken kontra borroka egiteko determinazioa», erantsi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gizon bat gasolina zerbitzugune batean, autoa betetzen, Peshawarren (Pakistan), artxiboko irudi batean. ©Bilawal Arbab / EFE

Gizonek emakumeek baino %16 gehiago kutsatzen dute

Maddi Iztueta Olano

Kontsumo ohituren eta berotegi gasen isurien lotura aztertu du Annika Carlsson Kanyama ikerlariak. Gizonek emakumeek baino gehiago kutsatzen dutela dio ikerketak.

Tong Ying-kit, iazko uztailean, auto barruan, Segurtasun Legearekin auzipetu zuten epaileengana bidean. ©JEROME FAVRE, EFE

Erruduntzat jo dute Hong Kongeko Segurtasun Legearekin auzipetutako lehenengo herritarra

Gorka Berasategi Otamendi

Kondenatuari «terrorismoa» egotzi diote, eta «sezesioa bultzatzea», motor batekin istiluen kontrako hiru poliziaren artetik igarotzeagatik protesta ikur batekin.

Hitxem Metxixi lehen ministroaren kontrako manifestariak, haren kargugabetzea ospatzen, Tunis hiriburuan. ©STR, EFE

Tunisiako lehen ministroak botere eskualdatze «baketsua» iragarri du

Gorka Berasategi Otamendi

Presidenteak bera kargugabetu izana onartu du Metxitxik. Ennahdha alderdia hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da, «autoritarismoa» eragozteko. Protestak eteteko eskatu die gobernuaren aldekoei.

Mikati, Aunekin bildu ostean, atzo. ©WAEL HAMZEH / EFE

Najib Mikati enpresaria izendatu dute Libanoko lehen ministro

Iosu Alberdi

Parlamentuko 118 kideetako 72ren babesa du. Gerra zibiletik jasaniko krisi ekonomiko larrienari aurre egitea izango da haren ardura nagusia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.