Argindarra

Argindarrak inoizko tarifa garestiena izango du gaur

Historiako marka bat hautsiko da gaur, inoiz baino garestiagoa izango baita argindarraren tarifa: 106,57euro megawatt-orduko. Igoera hori, sektoreko iturrien arabera, gasaren eta karbono dioxidoa isurtzeko eskubideen prezio garestiengatik da.

Argindarra garraiatzeko dorreak. GOI TENTSIOKO LINEAREN AURKAKO PLATAFORMA
June Romatet Ibarguren.
2021eko uztailaren 21a
12:48
Entzun

Batez besteko prezioa hesi guztiak hausten ari da. Joan den asteartean tarifa garestienera iritsi zen, 101,82 euro megawatt-orduko; 2002ko urtarrilaren 11n erregistratutakoek baino ez zituzten gainditu, orduan 103,76 eurora iritsi baitzen; gaur, ordea, marka hori hautsiko da, eta historiako preziorik garestiena erregistratuko da: 106,57euro megawatt-orduko. Maximoa 110,64ra iritsiko da, 21:00etan, eta minimoa, 100,83ra, 18:00etan, eta berezitasun hau izango du: megawatt-ordua 100 eurotik gora egongo da egun osoan.

Igoera hori, sektoreko iturrien arabera, gasaren eta karbono dioxidoa isurtzeko eskubideen prezio garestiagatik da. Gainera, energia berriztagarriek mix energetikoan egiten duten ekarpen txikiagoa ere gehitu behar zaio horri: haize gutxi omen dabilenez, gasa kontsumitzen duten ziklo konbinatuek ekarpen handiagoa egiten dute; horiek garestiagoak dira, eta azken prezioa finkatzen dute. Tenperatura altuak ere eragina daukala diote adituek: Nafarroan eta Araban 40 gradu ingurukoak dira, esaterako. Dena den, aditu askok diote ez dagoela arrazoi objektibo nahikorik prezioen igoera hain handia esplikatzeko.

Horiek horrela, harridura azaldu zuen atzo Antonio Merinok, Repsoleko ikerketa buruak, 10:00etatik 12:00etara energia eolikoak energia elektrikoaren %1eko ekarpena bakarrik egin zuelako. Gogorarazi zuen joan den astean, uztailaren 13an, ekarpen hori %22koa izan zela.

Gasaren prezioa ere inoiz baino garestiago dago orain; %80,5 igo da aurten, eta, bestalde, CO2-aren isurketa eskubideak tona bakoitzeko 52 euro inguruan egonkortu dira, hau da, %60ko igoera izan da.

Horrez gain, %21etik %10era jaitsi da argindarraren BEZa, baina, prezio igoeragatik, uztaileko fakturan ezer gutxi nabarituko da neurri hori.

Jarraitu irakurtzen: Iberdrolak 1.531 milioi euro irabazi ditu urteko lehen erdian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.