Euskara

Badalab laborategia sortu dute, «euskara biziberritzerako esperimentazio gunea» izan dadin

Laborategiak oinarrian izango duen partzuergoa osatzeko sinadura ekitaldia egin dute gaur erakunde publikoetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik.

Badalaben sorrerarako patzuergoaren osaketa sinatu duten ordezkariak. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 21a
14:45
Entzun

Hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako Badalab laborategiak hilabete gutxi barru ekingo dio bere jardunari, erakundeen eta euskalgintzaren elkarlanetik «euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin».

Jomuga horrekin abiarazi dute proiektua, zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa osatzeko erakunde publikoetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik gaur Gipuzkoako Foru Aldundian egin duten sinadura ekitaldiarekin. Laborategiak Errenteriako (Gipuzkoa) Torrekua eraikinean izango du bere behin-behineko egoitza, eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan sortuko den zortzigarren proiektu estrategikoa izango da, Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLab eta Naturklimaren atzetik.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, «esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortu behar ditugu, elkarlanean sortu ere, horrela bakarrik lortuko dugulako erronka horiei modu arrakastatsuan erantzun eta euskararen etorkizuna bermatzea. Garai berriek tresna, proiektu, baliabide berriak eskatzen dituzte eta ahalegin horretan akuilu lana egitera dator Badalab».

Laborategiak hiru emaitza bilatuko ditu: batetik, «euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin»; bestetik, «prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatzea, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen»; eta, azkenik, «narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz».

Laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta 2018an abiatu zuten Gipuzkoako aldundiak, Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrak, eta gaur Badalab martxan jartzeko estreinako bi erabaki nagusi finkatu dituzte: egitasmoa babesten duten entitate publiko eta sozialek osatu duten partzuergoaren eraketa, batetik, eta egitasmoaren abiaraztea gidatuko duen gobernu batzordearen osatzea, bestetik.

Batzarrean parte hartu dute Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Paul Bilbao Kontseiluako idazkari nagusiak, Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, Eva Ferreira EHUko errektoreak, Naiara Goia ArantzazuLabeko zuzendari nagusiak, Lohitzune Txarola Languneko zuzendari nagusiak, eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.