Afganistan

«Bultzada estrategikoa» hartu dute talibanek Afganistanen, Mark Milley AEBetako jeneralaren arabera

Herrialdeko 419 barrutietatik erdiak kontrolatzen dituzte talibanek. Kabulen aldeko indarrak hiriburuetan gotortuta daude, AEBetako indar armatuen estatu nagusi bateratuko buruak dioenez.

Afganistango armadako soldadu bat, bonba batekin lehertarazitako auto baten alboan. GHULAMULLAH HABIBI / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 22a
10:37
Entzun

Talibanek Afganistanen «bultzada estrategikoa» hartu dutela aitortu du Mark Milley AEBetako indar armatuen estatu nagusi bateratuko buruak, eta horri esker kontrolpean dutela herrialdearen azaleraren erdia, gutxi gorabehera. Afganistango Gobernuaren esku dauden guneak bakartzen saiatzen ari direla gaineratu du. Horri erantzutea, baina, gobernuaren aldeko indarren ardura dela azpimarratu du: «Herri afganiarraren, segurtasun indar afganiarren eta Afganistango Gobernuaren borondatearen eta gidaritzaren froga izango da datorrena».

Afganistango 419 barrutietatik erdiak talibanen eskuetara pasatu direla aitortu zuen jeneralak, eta «presio egiten» ari direla 34 probintzia hiriburutatik hamazazpitan, baina zehaztu du ez dutela lortu horietako bakar bat ere kontrolatzea. Gobernuaren aldeko indarrek hiriburuetara jo dutela azaldu zuen, horiek babesteko asmoz.

Eid al-Adha musulmanen ospakizun egunaren bueltan, gutxitu egin dira bi aldeen arteko borrokak, baina kontrakoa gertatzea espero da datozen egun eta asteetan, eta bizitu egingo dela Etxe Zuria tropak erretiratzen hastearekin batera talibanek hasitako oldarraldia.

Pentagonotik hitz egin du Milleyk, Lloyd Austin Defentsa idazkariarekin batera. Milleyk adierazi du talibanek "botere guztia" hartzeko aukera badagoela, baina baita «bestelako edozein jokaleku» egonkortzekoa ere. «Amaiera ez dago idatzita oraindik».

Tropen %95 inguru erretiratu dituzte dagoeneko AEBek, eta herrialdean geratzen diren ia guztiak Kabulgo aireportuan eta enbaxadan gotortuta daude. Etxe Zuriak abuztuaren 31rako Afganistandik kanpo nahi ditu tropa guztiak. Hala ere, Austinek ziurtatu zuen AEBek jarraituko dutela Kabuli laguntza ematen, alor humanitarioan eta segurtasunarenean. «Konpromisoa mantentzen dugu Afganistanen dugun presentzia diplomatikoarekin eta Afganistango defentsa nazionalera nahiz segurtasun indarretara funtsak bidaltzearekin», gehitu zuen.

Kabulek eta talibanek bake negoziazioak berrartu zituzten asteburuan, Dohan, baina ez zuten lortu su-etenerako akordiorik. AEBak tropak erretiratzen hasi izanak bultzatu zituen talibanak elkarrizketa mahaian esertzera, eta zenbait kontzesio egitera; besteak beste, prest agertu ziren Al-Qaeda eta bestelako talde armatuek herrialdean presentzia izan dezaten eragozeko. Boterea eskuratzetik aspaldiko gertuen izanik, ordea, ez da espero Kabulek negoziaziorako baldintzatzat ezarria duena onartuko dutenik talibanek: su-etena ematea.

«Negoziatutako irtenbide baterako aukerak egon badaude», hala uste du Milleyk, baina, era berean, bestelako «edozein aukera» ere posible dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.