Albistea entzun

Julen Aginagalde

«Olinpiar domina batek nire ibilbidea biribilduko luke»

«Sasoi onean» helduko die Olinpiar Jokoei Julen Aginagaldek. Denboraldia ondo amaitu zuen Bidasoarekin, eta horri segida ematen saiatu da. Selekzioen arteko azken txapelketa izango ditu Jokoak.

Julen Aginagalde, partida batan
Julen Aginagalde, partida batan Erik Simander/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon, Berriemaile berezia -

2021eko uztailak 22 12:38

Lehen egunak ditu Tokion Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982). «Ondo egokitu gara Olinpiar Hirira, eta gogoz gaude lehiari ekiteko». Larunbatean izango da, Alemaniaren aurka (09:15). Aurreikusi du txapelketa «fisikoa eta parekatua» izango dela, baina ez da ausartu esatera nortzuek jantziko dituzten dominak.

Nolakoak ari dira izaten lehen egunak Tokion?

Ondo gaude. Bidaia luzea eta nekagarria izan zen. Ez genekien zer topatuko genuen Olinpiar Hirian. Baina dena ondo dago. Ohiko osasun neurriak betetzen ditugu, eta egunero egiten dizkigute testak. Gainontzean, ondo kokatuta gaude.

Dozenaka nazioarteko txapelketa jokatu dituzu, eta bigarren Olinpiar Jokoak izango dira zuretzat. Hasiberri baten ilusioarekin bizi dituzu?

Dudarik gabe. Hasi aurreko tximeletak hor daude. Ilusio hori beti eduki behar da. Gainera, belaunaldi hau osatzen dugunok Rioko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ginen, eta gogotsu gaude arantza hori kentzeko. Jokoak prestatzeko elkartu ginen lehen egunetik ikusi zen hori. Oso lagunak gara denak, giro aparta dugu, baina inork ez zuen azken zerrendatik kanpo egon nahi. Bi txandatan eman zuen hautatzaileak kanpoan geratzen ziren jokalarien berri, eta denak geunden urduri samar, oso garesti egon baita ona iristea.

Zuk badakizu zer den kanpoan geratzea. Pekinen hori pasatu zitzaizun. Nola hartu zuten Iosu Goñik eta Sergei Hernandezek?

Ez da erraza. Nik zera esan nien, segitzeko lanean. Izan ere, hona etorri arte oraindik bazuten aukeraren bat, beti gerta baitaiteke azken orduko ezustekoren bat. Nik hala egin nuen, eta kolpeaz ahazten lagundu zidan.

Selekzio arteko zure azken txapelketa da hau?

Jokalari belaunaldi honek batera hasi genuen ibilbidea selekzio arteko txapelketetan, eta batera esan nahi dugu agur. Gazteagoei lekua egiteko unea da.

Azken lehiaketa handian, Munduko Txapelketan, ez zinen egon, bizkarrean zenituen arazoengatik. Nola zaude fisikoki?

Oso ondo nago. Ligako bigarren itzulian ondo sentitu nintzen, eta ondoren nire kabuz lanean ibili nintzen, bi egonaldiak iritsi arte. Bertan lan oso ona egin genuela uste dut, eta arlo horretan ondo ikusten dut neure burua. Argi dago ez zela erraza izan Munduko Txapelketari ezetz esatea. Nik nire arazoen berri eman nion hautatzaileari, eta hark hartu zuen azken erabakia. Dena den, uste dut Munduko Txapelketan ez egoteak mesede egin zidala. Atseden hartu eta denboraldiaren bigarren zatiari begira ondo prestatzeko aukera eman zidan. Horri esker iritsi naiz neurri batean hain ondo Jokoetara.

Bigarren zatia ez, baina lehenengoa ez zen erraza izan. Batetik, COVID-19a pasatu zenuen, eta, bestetik, pandemiagatik ere eten asko izan zenituzten.

Hala da. Adinean aurrera joan ahala, gero eta gehiago kostatzen da fisikoki erregularra izatea, eta gehiago kostatzen da etenetatik itzultzea. Horregatik izan zen hain gogorra, eta horregatik erabaki nuen liga amaituta lanean segitzea.

Beste urtebetez jarraituko duzu Bidasoan. Hurrengo denboraldiari begira, nolako eragina izan dezake zure adinarekin hau hainbeste luzatzeak? Kezkatzen zaitu horrek?

Olinpiar Jokoen osteko denboraldiak beti izaten dira zailak. Baina, aipatu bezala, ondo sentitzen naiz, eta hori da inportanteena. Zure kirol ibilbidean aurrera joan ahala, konturatzen zara zein garrantzitsua den harago ez begiratzea, eta arreta osoa egunerokoan jartzea. Gainera, zure gorputza hobeto ezagutzen duzu.

Egonaldietako lan fisikoa aipatu duzu. Prestaketako asteez gain, orain, gutxienez bi aste emango dituzue Tokion. Gero eta gehiago kostatzen dira halakoak?

Alde batetik bai. Baina, bestetik, esan bezala, jokalari belaunaldi batentzat hau izango da gure nazioarteko azken txapelketa, eta modu berezian ari gara bizitzen eta disfrutatzen. Europako Txapelketa irabazi genuenean, garaipenetik harago, gehien poztu gintuena Olinpiar Jokoetan egotea zen, bertan esan nahi genuelako agur, elkarrekin.

Pena izan duzue COVID-19agatik nahi baino gutxiago egon zaitezketela elkarrekin, ezta?

Pixka bat, bai. Baina oso maiz egiten dizkigute testak, eta aukera dugu segurtasun neurriekin elkarrekin egoteko.

Eta entrenatzen edo jokatzen ez zaudenean, zer duzu gustuko egitea egonaldietan?

Egia esan, denbora gutxi izaten da horretarako. Nik, batez ere, atseden hartzeko aprobetxatzen dut. Bestela, lanen bat egiteko aprobetxatzen dut. Anaiak eta biok eskubaloi campus bat egiten dugu, eta horri lotuta beti bada egitekoren bat. Bestela, telesailen bat ikusten dut, baina egunak oso nekatuta amaitzen ditut. Ikusten nabilen azkena Lupin da.

Larunbatean hasiko duzue lehia. Nolako txapelketa espero duzu?

Dauden selekzioak kontuan hartuta, oso fisikoa eta gogorra. Arlo horretan ondoen iristen denak aukera asko izango ditu dominak lortzeko borrokan izateko.

Frantzia, Alemania, Norvegia, Brasil eta Argentina egokitu zaizkizue multzoan. Gogorra, ezta?

Oso. Agian, jendeak pentsa dezake Brasil eta Argentina koska bat beherago daudela, baina ez da horrela. Brasil beti da aurkari deserosoa, eta Argentinak asko hobetu du azken urteetan. Alemania, Frantzia eta Norvegia, berriz, finalerdietan egoteko hautagaiak dira. Beraz, ez dizkigute gauzak erraz jarriko. Alde horretatik, funtsezkoak izango dira lehen bi partidak. Horiek irabazteak patxada eta konfiantza emango liguke, eta horrek asko laguntzen du jokatzeko orduan.

Zer esan nahi du zuretzat olinpiar domina bat irabazteak?

Munduko eta Europako txapeldun naiz, eta olinpiar domina batekin selekzio arteko txapelketetan nire ibilbidea biribiltzea litzateke. Beste bien gainetik daude Olinpiar Jokoak. Hori eta Bidasoarekin titulu bat irabaztea litzateke niretzat gauzarik handiena.

Zer oroitzapen duzu Londresko Olinpiar Jokoez?

Nik uste dut Olinpiar Jokoak kirolaren balio guztiak eta esentzia biltzen dituen txapelketa dela, eta balio horiek guztiak Olinpiar Hirian islatzen ziren: kirol legea, errespetua, sakrifizioa...

Aukera izan zenuen beste kirolez disfrutatzeko?

Egia esan, ez. Eskubaloia lehen egunean hasten da, eta azkenengoan amaitu. Bi egunean behin partida bat jokatzen dugu, eta atseden hartzea funtsezkoa da. Gainera, kontuan izan behar da txapelketa honetan zerrenda hamasei jokalarikoa izan beharrean hamalaukoa dela.

Eta ezagutu nahi zenuen kirolariren batekin egon zinen?

Selekzioko beste hainbat kide hara eta hona ibiltzen ziren horretan. Baina ni ez naiz oso mitozalea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Elaine Thompson-Herah nagusi atzo. ©JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE

IZAR BAT KONSTELAZIOAN

Ainara Arratibel Gascon, Berriemaile berezia

Elaine Thompson-Herah jamaikarrak bigarrenez segidan irabazi du 100 metrokoa. Marka olinpikoa ezarri du: 10,61. Shelly-Ann Fraser-Pryce eta Shericka Jackson herrikideak izan ditu alboan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.