Koronabirusa

Tabernak 01:00ean ixtea eta edukierak %35era murriztea erabaki du Labik

«Jendea ibiltzen den hiriguneetan» maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta haragoko neurriak hartzea ere aztertzen ari direla esan du Urkulluk: «Eta ez dugu baztertzen auzitara jotzea».

jarraia200889.jpg
Berria
2021eko uztailaren 22a
18:00
Entzun

EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (Labi) Koronabirusaren delta aldaera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den hedatzeari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu. Horien artetik, nabarmenenak dira jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00era aurreratzea eta «jendea ibiltzen den hiriguneetan» maskara derrigorrezkoa egitea. Neurriak bihar argitaratu eta sartuko dira indarrean.

Labik erabaki du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Biziberri IV planaren hirugarren mailan kokatzea. Hala, bihartik tabernen itxiera aurreratzeaz gain, astelehenetik aurrera lokal eta instalazio guztietan gehieneko edukiera %35ekoa izango da, eta jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitezkeen pertsona kopurua ere gehiago murriztuko da.

Maskarari dagokionez, hiriguneetan bere erabilera derrigorrezkoa izango dela erabaki du Labik, Espainiako Kongresuak aste honetan bertan maskararik gabe ibili daitekeela onartu berri duen arren, betiere ondoko pertsonekin 1,5 metroko distantzia eduki badaiteke. Edonola ere, natur inguruneak, hondartzak eta igerilekuak salbuetsita daudela zehaztu du batzordeak.

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du erabakiei buruzko azalpenak eman eta horien ezarpena justifikatzeko: «Indarrean dauden neurriak eta neurri berriak bete behar ditugu, gehiegi erlaxatzea baita irizpiderik txarrena». Neurriak pandemia osoan egun bakarrean kasu positibo gehien atzeman diren egunean iritsi dira, Hegoaldean atzo erregistratutako errekorra berriro gainditu baita gaur, 2.235 kutsatu berrirekin.

Halaber, haragoko neurriak ere buruan dituztela iragarri du Urkulluk, eta azaldu du Jaurlaritzak ez duela baztertzen auzitegietara joatea. Hain zuzen, hainbat autonomia erkidegok, etxeratze agindua ezartze aldera-eta, jo dute dagoeneko auzitara babes eske, adibidez Nafarroak, eta Jaurlaritza ere aukerak aztertzen ari dela jakinarazi du. Autonomia erkidegoek izurriaren kontrako erabakiak hartzean «segurtasun juridikoa» izate aldera, neurriak eskatu dizkio Urkulluk asteon Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, maskaren derrigortasunaren eskaria egitearekin batera, baina momentuz erantzunik jaso ez duela adierazi du.

Etxeratze agindurik ez izan arren, herritarrei «automugatzeko» eskatu die, ordea, lehendakariak, eta, ildo beretik, Labiak Betebehar zibikoak izeneko artikulua argitaratu du, gaueko mugikortasuna eta jende topaketak boluntarioki mugatzea eskatzeko. «Beste ahalegin bat egin behar dugu, beharrezkoa da, ezinbestekoa da», adierazi du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.