Albistea entzun

Konstituzio aldaketa baztertu dute hizkuntza gutxituen irakaskuntza landu duten diputatuek

Frantziako Konsituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legea zentsuratu ondotik, haren ondorioak aztertu eta proposamenak lantzen ari dira Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot Martxan alderdiko diputatuak. Atzo helarazi zioten ondorioen txostena Jean Castex Frantziako lehen ministroari. Murgiltze ereduan oinarritzen den hizkuntza gutxituen irakaskuntza araudi bidez definitzea proposatu dute, berme juridikorik gabe.

Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko uztailak 22

Orain dela bi hilabete zen: 60 diputatuk jarritako helegiteari erantzunez, hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen, partzialki, Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela adierazi zuen. Erabakiak haserre handia eragin zuen, eta milaka pertsona mobilizatu ziren Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen irakaskuntza defendatzeko. Departamenduetako eta Eskualdeetako hauteskundeen giroan eta haserrea baretze aldera, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zien Jean Castex Frantziako lehen ministroak bi diputaturi: Martxan alderdiko Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot. Hilabeteko epean, hirurogei bat elkarrizketa egin dituzte eragileekin, hautetsiekin eta adituekin, eta atzo helarazi zioten ondorioen txostena Frantziako gobernuburuari.

Bi diputatuek ondu duten txostena aztertu du BERRIAk. Frantziako Estatuan hizkuntza gutxituek duten egoeraren diagnostiko zabal bat egin dute bi diputatuek, eta Konstituzio Kontseiluak eskatutako koadroan sartzeko erantzun batzuk proposatu dituzte, ebazpenaren ondorioz itunpeko eskolek pairatzen duten ziurgabetasun juridikoari konponbiderik eman gabe.

«Harritzen nau proposamenen herabetasunak, urrun baitaude murgiltze bidezko irakaskuntza metodoa legalki segurtatzeko behar denetik», adierazi du Paul Molac Bretainiako diputatuak. Bera izan da hizkuntza gutxituen legearen sustatzaile nagusia. «Konstituzioa berrikusteko prozedura batek bakarrik ahalbidetuko du gure hizkuntzen murgiltze irakaskuntza behin betiko bermatzea. Ez dut ulertzen txostengileek proposamena ez dela desiragarria erratea». Konstituzio aldaketaren proposamena jadanik 140 parlamentarik babestu dutela ohartarazi du: «horrek erakusten du gehiengo bat lortzea posible dela». Horrez gain, kezka agertu du bi diputatuen proposamenek pedagogikoki izan litzaketen ondorioez.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpena ezagutu bezain laster mintzatu zen Paul Molac Bretainiako diputatua. Hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze bidez egitea Frantziako konstituzioaren kontrakoa bada «ez da metodo pedagogikoa aldatu behar, baizik eta konstituzioa», adierazi zuen. Geroztik, aldarrikapen hori zabaldu dute gehienek, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari leku eginen liekeen konstituzio aldaketa bat erregutuz. Baina aukera hori baztertu dute bi diputatuek, «epe laburrean» gutxienez. «Eskualdeko hizkuntzen murgiltze irakaskuntzari buruz disposizio berezitu baten idazketak artoski aztertu beharreko albo kalteak izan litzake, eta analisia hori ezin da urgentzian egin», esplikatu dute txostenean.

Beraien iritziz, konstituzio aldaketa bat aurreikustekotan, modu zabalagoan eta epe luzera pentsatu beharko litzateke, hizkuntza gutxituei Frantziako konstituzioan eman beharreko lekuaz gogoetatuz. Hala, «eskualdeko hizkuntza Frantziako ondarearen parte» direla dioen 75-1 artikulua moldatzea hobesten dute. «Hala ere, eragile andanak eskatzen duen konstituzio aldaketa horrek ez luke identifikatutako oztopo guziak gainditzea ahalbidetuko. Halako hipotesia batean Konstituzio Kontseiluak oreka eta proportzionaltasun bat aurkitu beharko luke 75-1 artikuluan integratutako disposizio berrien eta 2. artikuluaren artean». Bi diputatuek zehaztu dute gaur egun ez dela 2. artikuluaren ezabatzerik aurreikusten.

Hizkuntza gutxituen irakaskuntza definituko lukeen lege berri baten aukera ere erabat baztertu dute bi diputatuek. «Parlamentuan jadanik programatuak diren lege testuetan emendakin bat gehitzeko ez dago heldulekurik, eta 2021. urte bukaera aitzin dagoen egutegia biziki baldintzatua da». Era berean, Konstituzio Kontseiluaren beste zentsura bat eragileentzat «kaltegarria» litzatekeela ebatzi dute: «dituzten arrangurak areagotu besterik ez lituzke eginen».

Araudian edo hitzarmenetan

Hala ere, bi diputatuek uste dute posible dela jadanik egiten dena epe laburrean segurtatzea. 2021eko ikasturte hasiera aitzin eta arau bidez egin litekeela diote, zirkular baten bidez adibidez -azkena 2017koa da-. Horretarako, konstituzio kontseiluak azpimarratutako baldintzei arreta jarri beharko litzaiekela uste dute. Horrez gain, tokian toki itunpeko eskolek dituzten hitzarmenak berrikustea ere proposatzen dute. Gehienak 2021-2022 ikasturtean bukatuko dira. Hitzarmen horietan zehaztu nahiko lukete murgiltze irakaskuntzan zer urtetatik aitzina hasiko diren frantsesa ikasten, eta frantses maila neurtzeko ebaluaketa batzuk aurreikustea ere aipatu dute.

Azkenik, eragileekin elkarlanean murgiltzearen definizio lan bat egitea beharrezkotzat jo dute bi diputatuek, «Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren arrazoiekin erabat bateragarri izan dadin». Hauek lirateke irakaskuntzaren zerbitzu publikoan gainditu beharko ez liratekeen mugak: Murgiltze ereduaa hautazko izatea; elebitasunaren helburua; frantsesaren ezinbesteko irakaskuntza hiru zikloetan -lehen hezkuntzan, kolegioan eta lizeoan-; ikastetxeen komunikazio hizkuntzari buruzko argipenak. Azken honi buruz, honela idatzi dute bi diputatuek: «Ikastetxe barruan eskualde hizkuntza erabili badaiteke, hautazkoa izan behar da eta helburu pedagogikoei erantzun behar die».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Joan Mari Torrealdairi omenaldia

Merezitako omenaldi sentitua

Iñaki Agirre Perez

Hil eta urtebetera, Joan Mari Torrealdairi omenaldi berezia egin diote Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Haren ibilbidea goraipatu dute senide, lagun eta lankide izandakoek

Ertzaintzaren auto bat, Durangoko (Bizkaia) epaitegietan ©MIGUEL TOÑA / EFE

Bi gizon espetxeratu dituzte Zornotzako erasoarekin lotuta

Gurutze Izagirre Intxauspe

Atxilotutako zortzi mutiletatik hiru igaro dira epailearen aurretik, eta bat libre geratu da, baldintzapean; hilero epaitegian aurkeztu beharko du. Gazteak oso larri segitzen du

Lorea Agirrek gidatu zuen Torrealdairen ibilbideari buruzko saioa. ©JON URBE / FOKU

Jarraipena izango duen maratoia

I.A.P

Arratsaldeko omenaldiaren aurretik, Torrealdaik sei hamarkadako ibilbide profesionalean eginiko ekarpenak errepasatzeko jardunaldia egin zuten Martin Ugalde parkean, lau hitzaldirekin

«Babes juridiko» eske, berriz

Beñat Mujika Telleria

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, Espainiako Gobernuak «goizegi» hartutako hainbat erabakik «borroka garaia baino lehen» irabazi izanaren irudipena eragin du herritarrengan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.