Txirrindularitza

Euskal txirrindulariek ez dute emaitza onik lortu, bezperan egun txarra pasatuta

Richard Carapaz ekuadortarrak jantzi du urrezko domina gizonezkoen errepideko proban, Fujiko helmugara bakarrik sartu eta gero. Van Aert eta Pogacar izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Gorka eta Ion Izagirre anaiak eta Omar Fraile lehen postuetatik urrun ibili dira; azken horrek lasterketa utzi du. Atzo taldean izan zen positiboak erabat baldintzatu dituela aitortu dute.

Carapaz, helmugaratzen. CHRISTOPHER JUE, EFE
Iñigo Lasa - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko uztailaren 24a
10:58
Entzun

Euskal ziklistak lehen postuetatik urrun ibili dira gaur goizean gizonezkoen errepideko proban. Richard Carapazek irabazi du urrezko domina, eta horren atzetik lehena euskalduna Gorka Izagirre izan da, 23., sei minutu eta hogei segundora. Ion Izagirre 79. izan da, hamasei minutu eta hogei segundora. Omar Frailek lasterketa utzi du. Bihar Ane Santestebanen txanda izango da, emakumezkoetan. Bigarrenez ariko da Olinpiar Joko batzuetan. 06:00etan hasiko da karrera.

Lasterketa amaitzean, Gorka Izagirrek azaldu du atzoko eguna «infernu bat» izan zela eurentzat, Joseba Elgezabal masajistak positibo eman ondoren. «Ahal izan dugun bezala iritsi gara lasterketara», adierazi du Fujin. Kontatu du atzo goizean izan zutela positibo horren berri, eta harrezkero ezin izan zutela hoteletik atera. «Ezin izan genuen atsedena ondo hartu, zihurgabetasun horrekin, jakin gabe parte hartuko genuen edo ez». Gaineratu du une batean esan zietela ezin zutela parte hartu eta uste horrekin egon zirela bi orduz, kontrakoa esan zieten arte. «Oso gau txarra izan da guretzat, eta ahal genuena egin dugu». Aitortu du ez dutela helburua bete.

Ion anaia ere antzera mintzatu da. Esan du positiboa kolpe gogorra izan zela eurentzat. «Azken orduan esan ziguten karreran parte hartuko genuela». Horrek ere aitortu du ezin izan dutela eurek nahi zuten karrera egin, eta esan du Frailek ere ez duela bere eguna izan. «Ilusio handiarekin gentozen eta esku hutsik goaz», adierazi du, etsita. Hala ere, berak asteazkenean beste aukera bat izango du, erlojupekoan ere lehiatuko baita: «Atseden hartu behar dut orain, ez dut askorik pentsatu horretan. Ea asteazkenean hobeto gauden».

Euskal txirrindulariak ezinean ari ziren bitartean, lasterketa buruan ez da ikuskizuna falta izan azken kilometroetan. Badira txirrindulari batzuk ahalmen handia dutelako irabazten dutenak, eta beste batzuk, aldiz, zakur zaharrak direlako. Richard Carapazek, baina, biak uztartu ditu gaur. Lasterketa bikain irakurri, aurikularren laguntzarik gabe, eta momentu erabakigarrietan bi eraso jota urrezko domina janztea lortu du ekuadortarrak. Wout Van Aert flandriarrak zilarrezko dominarekin konformatu behar izan du. Tadej Pogacar Tourreko irabazleak osatu du podiuma.

Proba hasi eta gutxira zortzi laguneko ihesaldia sortu da. Errenta hogei minutu ingurura eramatea lortu dute, baina behin horra iritsita, tropeleko selekzio nagusiak tiraka jarri dira lasterketa buruan kontrolpean edukitzeko. Ibilbideko bigarren erdian, zati gogorrenean, sartu direnean, berehala bota dute ihesaldia, aparteko arazorik gabe. Fuji mendia (14,5km %6ra) lehenengo eta horren ondorengo sasiordeka nahikoa izan dira ihesaldia harrapatzeko.

Japoniako beroak eta hezetasunak sekulako triskantza sortu dute txirrindularien artean. Asko pairatu dute bertako klima, eta 100 kilometroren faltan dagoeneko sufrimendu aurpegi dezente atzeman zitezkeen hautagai nagusien artean. Omar Frailek eta Alejandro Valverdek, esaterako, helmugatik ia 90era altxa behar izan dute hanka. Espainiarrak tropelean sartzea lortu du Fujii mendiko jaitsiera baliatuz, baina aldapa berriro tentetzen hasi denean, atzean geratu da berriro.

Van Aert, aseezin

Espero bezala, Mikuni Pass (6,8km %10,1era) hasiera-hasieratik tropela asko mehetu da, eta 30 bat ziklista besterik ez dira gelditu lasterketa buruan, helmugarako 38 kilometroren faltan. Igotzen hasi eta gutxira, Tadej Pogacar esloveniarrak bazterrak nahastu ditu erasoa batekin. Brandon McNulty eta Michael Woods kanadarrarekin batera tartetxo bat irekitzea lortu du. Atzetik, Wout Van Aert bera, lasterketa irabazteko beste faboritoetako bat, hasi da tiraka, tartea itxi nahian. Kostata, eta indar asko xahutuz, baina mendatea amaitzerako aurreko taldean sartzea lortu du, hautagai nagusien taldeko gainontzeko txirrindulariekin batera.

Hamabi laguneko taldea osatu zen lasterketa buruan. 30 kilometroren faltan, elkar erasotzen hasi dira, esprintean Van Aertek mendean hartuko zituztela jakinik, eta flandriarrak berak erantzun die ihes egin nahi izan duten ia eraso guztiei. 24 kilometroren faltan, Carapaz eta Mcnultyk jo duten erasoari erantzutea, baina, asko kostatu zaio, 50 segundoko errenta izatera ere heldu baitira. Atzean ez da adostasun handirik egon, baina Jumbokoaren ahalari eta prestutasunari esker, tartea nabarmen gutxitzea lortu dute.

Gerturatzen ari hasi zirela ikusirik, 5,8 kilometroren faltan, Carapazek erritmoa bizitu, eta bakarrik alde egin du. Van Aert eta enparauek McNulty harrapatzea lortu dute, baina ezin izan dute ekuadortarra ehizatu. Pozez, eskulekuari kolpeak emanez, gurutzatu da Carapazek Fujiko helmuga. Atzeko taldeko esprintean, Van Aert nagusitu da eta berarentzat izan da zilarrezko domina; hirugarrena, berriz, Pogacar izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.