Tokio 2020. Txirrindularitza

FINKATUTA EGOTEAREN PATXADAZ

2016ko Rioko Olinpiar Jokoak mugarri izan ziren Ane Santestebanentzat. Horri esker, puntako txirrindularitzan segitu zuen. Tokion presiorik gabe lehiatuko da.

Ane Santesteban, entrenatzen. SARA CAVALLINI.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ane Santesteban (Errenteria, Gizkoa, 1990) bigarrenez ariko da Olinpiar Joko batzuetan. Bihar du lehiaketa, Euskal Herriko 06:00etan. Riokoetan izan zuen estreinakoa, 2016an. Joko haiek mugarri izan ziren harentzat: «Hara joanda, Basque Team Fundazioaren beka lortu nuen, eta hori funtsezkoa izan zen goi mailako txirrindularitzan segitu ahal izateko. Artean UCI lizentzia zuen talde batean nengoen, baina soldata oso txikia genuen, eta baldintza horiekin aurrera jarraitzea ezinezkoa zen».



Beka hori lortzeko, mundu osoan barrena ibili zen lasterketak korritzen, Jokoetan egoteko puntuak lortzeko. Atsedenik gabeko hilabeteak izan ziren: «Presio handia izan nuen. Fisikoki eta psikologikoki gogorra izan zen». Baina sakrifizioak saria izan zuen. Izan ere, ordutik aurrera aukera izan du arreta osoa txirrindularitzan jartzeko, eta hori kirolari moduan izan duen bilakaeran ikusi da. Goi mailan finkatzeko modua izan du, eta Ale Cipollini eta WNT taldeetan egon eta gero, denboraldi honetan Bike Exchangen ari da, tropeleko talde indartsuenetako batean. Lucy Kennedy eta Amanda Spratt ditu taldekide, besteak beste: «Asko ikasten ari naiz haiengandik». Ilusioz helduko die Olinpiar Jokoei. Baina batez ere, oso aldarte eta egoera desberdinean iritsi da biharko lasterketara, bai kirol ikuspegitik, bai pertsonalki.

Pertsonalki, «lasaiago» dago: «Batetik, gauzak argiago dituen pertsona bat naiz; eta, bestetik, ezusterik ezean, aukera izango dut gutxienez hurrengo bi urteetan txirrindularitzan jarraitzeko». Hala, etorkizuna airean izatearen kezka albo batera utzi du.

Hortik harago, urte hauetan «une on bakoitzaz gehiago gozatzen» ikasi du. 2017an izandako istripu larriak erakutsi zion hori: «Pertsona moduan aldatu egin ninduen bizitakoak». Martxoaren 16an izan zen, etxetik gertu. Auto gidari batek konorterik gabe aurkitu zuen. Santestebanen bizikleta gertu zegoen, lurrean botata. Alabaina, ez zegoen istripua eragin zuen ibilgailu edo pertsonaren arrastorik. Zainketa intentsiboen unitatean sartu zuten, eta hilabeteak eman zituen osatzeko.

Buruko min handiak izan zituen denbora luzez, eta oroimen eta ikusmen arazoak. Atzean talde profesional bat izateak ahalbidetu zion osasun arreta egoki bat izatea. Besteak beste, Alemaniako neurologo batekin ibili zen: «Hala izan ez balitz, gauzak beste modu batekoak izango ziren».

Urtero hobetzen

Kirol ikuspegitik ez daki une onenean dagoen: «Hori ez dagokit niri esatea. Baina urtero-urtero urratsak egiten ari naizela uste dut. Eta, kasu honetan, talde berrian dena dut bide horretan segitzeko». Adibide argigarria jarri du: «Berriki, bizikletan aldaketa txiki batzuk egin ditugu, pisu gutxiago izan dezan, eta nik hobeto mugitzeko. Aldaketa txikiak dira, baina gerora errendimenduan eragin dezentekoa dutenak. Lasterketetan antzematen dut. Oso eskertuta nago». Taldearen laguntzaz, Olinpiar Jokoei begira prestaketa «ona» egin duela uste du: «Giroan eta La Coursen, adibidez, taldeburuak laguntzera joan nintzen, eta Tokiora begira prestatzera. Taldeak horretarako aukera eman zidan».

Horrek guztiak Rion baino lasterketa hobea egiteko balio izatea espero du. Orduan 35. kilometroraino eutsi zion onenekin, baina handik aurrera benetako sufrikarioa izan zen: «Rioko lasterketa oso gogorra izan zen. Gainera, oso nekatuta iritsi nintzen, lasterketa asko korritu behar izan nituelako aurretik, Jokoetan egoteko puntuak lortzeko. Lur jota amaitu nuen. Gogoan dut amaieran negarrez erantzun niela kazetarien elkarrizketei, txikituta nengoelako».

Lasterketaren baldintzak oso gogorrak izan ziren. Hezetasun handia egon zen. Ur asko edan behar izan zuen, eta tripetako arazoak izan zituen: «Baina horrez gain, psikologikoki presio handia antzeman nuen, eta horrek ere eragina izan zuen».

Oraingoan ere ibilbidea gogorra izango da: 137 kilometro, 2.692 metroko desnibelarekin: «Baina Rion baino askoz hobeto nago, eta orduko ikasgaia dut». Lasterketaren bilakaeraz aurreikuspen hau egin du: «Nik uste dut azken txanpan erabakiko dela dena. Baina sekula ezin da jakin. Selekzio bakoitzak bi txirrindulari bakarrik izanda, zaila da estrategia bat izatea. Ezusteren bat ere egon daiteke. Emakumeen txirrindularitzan aukera gehiago izaten da ihesaldi bat helmugara iristeko. Lasterketak ez daude hain kate motzean lotuta». Dena den, faboritoen zerrenda bat egitera ausartu da: «Nik uste dut Herbehereetako txirrindulariak direla indartsuenak, eta Cecilie Uttrup Ludwig [Danimarka] eta Katarzina Niewiadoma [Polonia] ere onenen artean egon daitezkeela».

Eta berak zenbaterainoko aukera ditu ezusteko bat emateko? «Olinpiar Jokoetakoa beti izaten da lasterketa arraroa, 64 txirrindulari baino ez garelako izango lehian. Irabaztea oso zaila da. Aipatutakoak koska bat gorago daude. Beti esan izan dut niri etapa garaipen bat falta zaidala haiekin dagoen aldea gutxitzen hasteko. Mugarria litzateke». Baina ezustekoren bat emateko, hor egon behar: «Horretan saiatuko gara, presiorik gabe, lasterketarekin gozatuz».

Aurreko egunak «ezohikoak» izan direla onartu du: «Ez du zerikusirik aurreko Jokoekin. Pandemiagatik hotel batean egon gara, eta soilik entrenatzera irten gara. Ez da erraza izan. Baina bagenekien egoera zein zen, eta ahalik eta ondoen eraman dugu».

Behin Jokoak amaituta, datorren astean, ezusterik ezean, etxean lehiatzeko aukera izango du. Donostiako Klasikoaren irteeran izango da, astebete barru: «Gogoz nago bertan lehiatzeko, Emakumeen Bira desagertu eta gero aukera gutxiago baitut horretarako». Ondoren, egun batzuk egin nahi ditu etxean. «Galizian bizi naiz, eta ez dut nahi beste aukerarik familiarekin eta lagunekin egoteko. Apiriletik sei egun eskas egin ditut etxean, eta psikologikoki hori da gogorrena, bai niretzat, baita haientzat ere. Baina badakite hau dela nire ametsa, eta amaitzean merezi duten denbora eskainiko diedala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.