Maialen Chourraut

Zirkulua biribildu du

Maialen Chourraut Olinpiar Jokoetan garaipen zerrendarik onena duen euskal kirolaria bilakatu da, zilar gogoangarri bat lortuta. Jaitsiera erabakigarrian azken txanpa ikusgarria egin duelako lortu du domina. Hunkituta azaldu da.

Maialen Chourraut, Tokioko Olinpiar Jokoetan. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
ainara arratibel gascon
2021eko uztailaren 27a
18:56
Entzun

Londresen brontzea, Rio de Janeiron (Brasil) urrea, eta Tokion zilarra. Maialen Chourraut Olinpiar Jokoetan garaipen zerrendarik onena duen euskal kirolaria bihurtu da. Iker Martinez eta Xabi Fernandez belako kirolariak gainditu ditu (urrea eskuratu zuten 2004an, Atenasen, eta zilarra 2008an, Pekinen). Zilarra falta zitzaion Lasarte-Oriakoari (Gipuzkoa), baina jada maletan du, etxera eramateko prest. Handia egin du, hiru Olinpiar Jokotan erreskadan domina lortuta. Handiek bezala egin du, gainera, jaitsieretan aparteko kirolari batek izan behar dituen ezaugarri guztiak erakutsita, eta bakoitza zegokion momentuan: zuhur jokatu du batzuetan, ausart besteetan, eta uretan duen maila erakutsi du jaitsiera erabakigarriaren azken txanpan. Chourrautek berak aitortu zuen «ametsa» zela domina lortzea, eta jakitun zela aurretik zituela Jessica Fox australiarra eta Ricarda Funk alemaniarra. Baina Xabi Etxaniz entrenatzaileak argi esan zion: «Esan zidan ez nuela obsesionatu behar bi haien jardunarekin. Nire lana eginez gero aukera egon zitekeela esan zidan, behin eta berriz. Kostatu egiten zitzaidan hori onartzea. Baina Xabi ez zen erratu. Bete-betean asmatu du. Ez nintzen izango bizkorrena, baina bai esperientziarik handiena duena, eta nire kartak jokatzen jakin dut, eta hori izan da gakoa. Hori eta unea bizitzea, aurrerago ez begiratzea. Bizitzen ari nintzen horretan arreta osoa jartzea».

Ez da ziklo olinpiko erraza izan Chourrautentzat, ez arlo pertsonalean, ezta kirol arloan ere. Aita galdu zuen lehenbizi, eta, gero, konfinamendua iritsi zen. Donostiara itzultzeko erabakia hartu zuen. Kostatu zitzaion kayak aproposa topatzea. 25 probatu zituen. Baina bazekien asteartea zela egun erabakigarria. Dakien bezala aritu behar zuen eguna. Eta txapeldun handien pare, ez zuen huts egin.

Lehen urratsa argia zen: finalerdiak gainditzea. Rion finaletik kanpo geratzear egon zen, eta gaur nahiago izan du lehen jaitsiera horretan zuhurtziaz jokatu. Jaitsiera txukuna egin du, arriskatu gabe, baina ateak ziurtasunez igarota. Sailkatze egunean baino plastikotasun handiagoarekin jardun da. Bakarrean egin du huts: 23. atean. Bi segundoko zigorra ezarri diote horregatik. 109,92ko denbora egin du. Zazpigarren postuan sailkatu da; hots, sei piraguista izan ditu aurretik. Hala ere, Chourrautek irribarre egin du amaitzean, eta egin beharrekoa eginda zegoela zioen keinua egin dio Etxanizi. Lasai ikusten zitzaien.

Behetik gora

Nepartak tifoiaren eraginez haize handia zebilen Kasaiko kanalean. Hala, uretan ohi baino mugimendu handiagoa egon da, eta ateetako makilek ere dezente egin dute gora eta behera. Horrek piraguisten jarduna baldintzatu zezakeen finalean. Finalerdietatik 45 minutu pasatu ziren, eta ikuskizun zegoen haize gehiago altxatuko ote zen.

Ez da hala izan, eta finalerdiaren antzeko baldintzekin ekin diote hamar onenek finalari, lehen jaitsieran lortutako denboraren arabera atzetik aurrera. Ibilbidea berdina izan da; beraz, piraguistek bazituzten erreferentziak.

Chorraut laugarrena izan da hasten. Trabatuta irten da, baina pazientzia izan du. Tarteko lanetan ez du hutsik egin, eta, amaieran, kolpea jo du. Behetik gora egin du. Ikusgarria izan da nola heldu dien azken ateei. 106,63ko denbora egin du. Marka horrek eman dio zilarra.

Artean, Chourrautena zen denborarik onena. Baina zain egon behar zuen, beste sei piraguista falta baitziren irteteko, eta denek hark baino denbora hobea egin zuten finalerdian. Denbora hori antolakuntzak podiumera igoko ziren piraguistentzat moldatutako gune batean igaro zuen. Irribarretsu zegoen. Lana ongi egina zegoen, ongi egina ere.

Falta ziren seiak euren ibilbidea eginez joan dira, baina bakarrak lortu du hura gainditzea: Funkek. Fox irten denerako, ziurtatua zuen brontzea. Zaila zirudien australiarrak huts egitea, sailkatze proban eta finalerdian erakutsi baitzuen koska bat gorago zegoela. Baina piraguismoan huts txikiak garesti ordaintzen dira. Zer esanik ez olinpiar final batean. Onena izanda ere, une erabakigarrian huts eginez gero, akabo. Eta hala gertatu da. Foxek bi ate jo ditu, eta lau segundoko zigorra ezarri diote. Hamar ehunenen aldeagatik eskuratu du Chorrautek zilarra.

Hortik aurrera, poza eta emozioa. Lehen eskaintza argia: Ane alabarentzat. «Urruti dago. Behin baino gehiagotan esan dudan bezala, gogorra izan da aste hauetan harengandik urrun egotea. Baina bera ondo dago. Beti ematen dit bere onena, eta une oro laguntzen dit ni ondo egoteko eta nire ametsak betetzeko. Irrikaz nago etxera joan eta harekin egoteko». «Une oro» bera laguntzen eta animatzen egon direnei ere eskaini die: «Guztiona da hau».

Domina lortzea «ametsa» dela nabarmendu du: «Laugarren izanda ere, asebeteta nengoen. Finaleko jaitsiera hobea izan zitekeen, baina emaitzak gorabehera, behin baino gehiagotan esan dut helburua Maialen bizkor eta sendo bat ikustea zela, eta hala izan da. Oso pozik nago».

Funken eta Foxen alboan egotea «handia» dela nabarmendu du. «Miresten ditudan bi piraguista dira. Egun, ni baino bizkorragoak dira. 38 urte ditut, eta ez da erraza teknika berrietara eta haien erritmora egokitzea. Baina lan eginda lortu dugu». Chorraut eta Fox dira hiru domina olinpiko irabazi dituzten emakumezko bakarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.