Belar hockeya

Basterrak asistentzia bat eman du Espainiaren garaipenean

Espainiako gizonezkoen belar hockey selekzioak 1-4 irabazi dio Japoniari. 4 puntu lortu ditu taldeak, eta multzoko hirugarrena da orain.

Jose Maria Basterra 'Chefo' belar hockeyko jokalaria, Espainiako selekzioarekin jokatzen. STEFAN DEEMS
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 28a
17:27
Entzun

Espainiako gizonezkoen belar hockey selekzioak lehenengo garaipena lortu du gaur Tokion, Japoniari 1-4 irabazita. Jose Maria Basterra Chefo bizkaitarra ez da hasieratik aritu, baina aulkitik atera eta jokatzeko aukera izan du.

Japoniak sartu du lehenengo gola, partida hasi eta gutxira, baina bizkaitarraren taldeak segituan berdindu du markagailua. Atsedenaldira heldu baino lehen, Basterrak asistentzia eman dio David Alegre taldekideari, eta horrek sartu du hirugarren gola. Hirugarren laurdenean gola sartzeko aukera izan du bizkaitarrak, baina atezain japoniarrak gelditu egin du jaurtiketa.

Taldearen laugarren jardunaldia izan da gaurkoa. Debutean 1-1 egin zuen Argentinaren aurka, bigarren jardunaldian 3-4 galdu zuen Zeelanda Berriaren aurka, eta hirugarren partidan 3-0 galdu zuen Indiaren aurka. Hurrengo partida, ligaxkako bosgarrena, Australiaren aurka du, ostiralean, 03:00etan. Multzo bakoitzeko aurreneko laurak sailkatzen dira final-laurdenetarako, eta, gaurko garaipenari esker, multzoko hirugarrena da Espainiako selekzioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.